Edukira joan

Bertso jarri

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Bertso-paperak oso oso modan egon ziren XIX. mendean.

Bertso jarri edo bertso-papera bertsolariek bat-batean kantatzen ez duen bertsoa da, gehienetan paperean idatzia. Izan ere, Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegian honela definituta daude bertsopaperak: «galerada moduko orrialde inprimatuak, herri mailako bertso sortak jendartera iritsarazteko paratuak».[1] Edukiei dagokionez, bertsopaperek jasotzen dituztenak dira oroimenaz gain, gordetzeko diren bertsoak, Jendearen gogoa irabazteko biderik egokiena direlako.[2]

Antonio Zavalak kokatzen du bertsopaperen jatorria XVIII mendean idazten ziren Gabon kantak motako eskuizkribuetan, hasieran kulturadun lagunek jasoak eta ondoren, abantailak ikusita, bertsozaleen artean zabalduta. Bertsopaper zaharrena Bilbon kokatu da, 1755. urtean.[3] Adituek badute susmoa Bizenta Mogel izan zela horien egilea.[4] Ondoren, XIX. mendean, eskolatzea gehiagorengana heldu zen neurrian, gero eta gizarte-geruza zabalagoetara hedatu zen irakurtzen eta idazten ikasteko ahalbidea, nahiz eta askotan neurri apalean. Ordu arte, ahoz baizik ez ziren zabaltzen bertsoak. Bertsopaperak aldaketa horren erakuskari garbia dira. Horrela, bertsolari agrafoei, kopiatzaile bat eskura izanik, beren ahozko sorkariari letra bidez zabaltzeko aukera eskainiko zaie.[5]

Bertsozale Elkarteak dioenez XIX. mendean, bereziki Karlistaldiei lotuta, garapen handia izan zuten. Bertso-guduak baino paperean errazagoa zen aldarriak banatzea, eta horrek bertso jarrien loraldia ekarri zuen. Garaiko bertsolari askok ez zekiten idazten, beraz industria txiki bat eratu zen bertsopaper idazle eta saltzaileen artean.[6]

Orri solteetan zabatzen ziren eta unean uneko gaiak jorratzen zituzten, hala nola, gerrak (aipatutako Karlistadiak kasu), gizarteko gertaerak, norbaiti buruzkoak (gorazarrezkoak, iraingarriak edo erdeinuzkoak). Bertsopaperen zabaltzeari lotuta, beste formatuan, azpimarragarria da Bertsolariya aldizkariaren ibilbidea 1931 ea 1932 urteetan, Juan Jose Makazaga inprimatzailearen ekimenari esker.

1963. urtean Euskaltzaindiak bertsopaper txapelketa bat antolatu zuen, ordurako ohitura zaharra zena berrindartzeko asmoz. Izan ere, gaur egun lehiaketagai bihurtu dira edo zenbait komunikabideetan zutabe gisa azaldu dira, ez lehen bezala, sail luzeetan.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lurdes Otaegi(koord.). Literatura Terminoen Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia, 2008. [1]; 2019ko ekainaren 9an kontsultatua.
  2. Zavala, Antonio.- Auspoaren auspoa : (itzaldiak = Conferencias). Oiartzun: Sendoa, 1996 T.I., orr.330 [2]
  3. Antonio Zavala, Xabier Kaltzakorta, eta Pello Esnal. Bilboko Gabon-kantak (1755-1832). Donostia: Auspoa, 2012. [3]
  4. Zabala, Juan Luis.- Lehen bertsopaperen arrastoan, artikulua, Berrian argitaratua, 2013ko urtarrilaren 2an, 34 orr. 2022ko abuztuaren 27an kontsultatua
  5. TOLEDO LEZETA, Ana Maria.- «Aldiak mugatuz euskal literaturan: eredu bila», in Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak, ISSN 0210-1564, 58. liburukia, 2. zk., 2013, 489-514 orr.
  6. Bertsolaritzaren historia. Bertsozale Elkartea.
  7. Igerabide, Juan Kruz .- Ahozko euskal literatura : antologia bat.- Donostia : Alai argitaletxea, 2022. orr. 25. ISBN 978-84-122916-9-8

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Bertso jarri