Bezeklik leizeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bezeklik leizeak
Turpan-bezeklik-cuevas-d01.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Eskualde autonomoXinjiang
Prefektura mailako hiriTurpan prefektura
Koordenatuak42°57′20″N 89°32′23″E / 42.955528°N 89.539619°E / 42.955528; 89.539619Koordenatuak: 42°57′20″N 89°32′23″E / 42.955528°N 89.539619°E / 42.955528; 89.539619
Ondarea
Buda, arraza desberdinetako pertsonaz inguratuta.

Bezeklik leizeak edo Mila Buden Bezeklik leizeak izenez ere azagunak (uigurreraz: ېىزەكلىك مىڭ ئۆيى ;txineraz: 柏孜克里千佛洞; Pinyineraz: Bózīkèlǐ Qiānfódòng) Txinako Xinjiang probintzian, Turfan hiritik hurbil, dagoen 77 leize budisten multzo bat dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Gaochang hiritik gertu eraiki ziren V eta XIV. mendeen artean[1], gaur egungo Turfan hiritik 45 kilometrotara, Mendi gartsuetako Mutou haranean[2][3]. Zetaren Bidean kokaturik zegoenez Turfan ingurua budismoaren erdigune garrantzitsua bihurtu zen. Mantentzen diren leize gehienak Uigur erresuma garaikoak dira, X eta XIII. mendeen artekoak[4], eta labarren goialdean kokaturik daude.

Jatorriz budistak ziren uigurrak baina 1389an Chagatai kanatoko Khizr Khoja agintariak konkistatu eta islamera bihurtu zituen[5]. Uigurrek ez zuten beren jatorrizko kulturaren memoria mantendu eta irudi budistak atzerritar sinesgabeek egin zituztela sinistarazi zitzaien[6]. Islamak irudiak debekatzen dituenez hormirudi asko suntsituak izan ziren eta iristeko zailak zirenak baino ez ziren kontserbatu[2].

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran esploratzaile europarrek eta japoniarrek hormirudi hauek aurkitu eta asko eraman egin zituzten, munduan zehar sakabanatuz[3]. Piezarik onenak Albert von Le Coq esploratzaile alemaniarrak eraman zituen Berlinera, baina Bigarren Mundu Gerrako bonbaketetan suntsituak izan ziren[6]. Artelan onenetako batzuk San Petersburgoko Hermitage museoan, Tokioko Museo Nazionalean eta Londresko British Museumean aurkitzen dira[6].

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

77 leizek osatzen dute multzoa[1] eta hauetatik 40 inguruk hormirudiak dituzte[6]. Irudi hauek 1.200 metro koadroko azalera estaltzen dute guztira[2]. Leize gehienak errektangularrak dira, arku itxurako sabaia dutenak. Sabaiak lau zati izan ohi ditu eta bakoitzean Budaren hormirudi bat dago. Horrela beraz sabai guztia Budaren ehundaka irudik osatzen dute, hortik Mila Buden leizeak ezizena. Badira hormirudi handi batzuk ere, kalitate artistiko handikoak.

Zetaren Bideak ekarri zuen kultura aniztasun hadiaren adierazgarriak dira irudiak[3]. Budaren inguruan arraza anitzetako pertsonaiak agertzen dira, turkiarrak, persiarrak, indiarrak eta baita europarrak ere[1]. Budak berak mongoloide arrazaren ezaugarriak ageri ditu, uigur leinuaren ezaugarriak hain zuzen ere. Hizkuntza askotako idazkiak ere aurkitzen dira, gehienak uigurez eta txineraz badira ere[2]. 11. leizean bazen hormirudi berezi bat, gaur egun Japonian aurkitzen dena. Bertan kultura askotako musikarien talde bat aurkitzen da, musika tresna mota ugari jotzen ari dela. Musikari gehienak mongoloideak dira baina Asia hegoaldeko beltzaran bat eta kaukasiar bat ere ikusten dira[3].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «Bezeklik Cave in Turpan, Bezeklik Thousand Buddha Caves in Gaochang» www.topchinatravel.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  2. a b c d «Turpan Bezeklik Thousand Buddha Caves, Xinjiang» www.travelchinaguide.com (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  3. a b c d «Turpan Bezeklik Thousand Buddha Caves in Xinjiang» China Highlights (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  4. «Bezeklik Cave Temples Restoration Exhibit | Ryukoku University Ryukoku Museum» museum.ryukoku.ac.jp (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  5. (Ingelesez) Millward, James A.. (2007). Eurasian Crossroads: A History of Xinjiang. Columbia University Press ISBN 9780231139243. (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  6. a b c d «Bezeklik Caves | China & Asia Cultural Travel» www.asiaculturaltravel.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]