Bidean (Ken Zazpi)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bidean
Ken Zazpi taldearen estudioko albuma
Argitaratze data 2003
Iraupena 38:57
Diskoetxea Gor Diskak

Bidean Ken Zazpi taldearen bigarren diskoa da, 2003an Gor Diskak diskoetxearen zigilupean argitaratutakoa.

Disko honen musika estiloak rockaren ohiko osagaiak ditu. Taldearen beste disko batzuekin alderatuta, "Bidean"-en gai gehienak oso rockeroak dira, soinu eta erritmoari dagokionez. Salbuespenak badaude ere -"Ilargia" eta "Haizea", esaterako- taldeak zirrikitu gutxi uzten dio disko honetan musika melodiko eta bigunari: "Besarkatu", "Bidean", "Debekatuta", "Iluntzean" eta "Amorrua" , besteak beste, doinu indartsu eta erritmo biziko gaiak dira, rockaren muina eta mamia zorrotz gordetzen dutenak.

Diskoan taldearen bi mugarri garrantzitsuak agertzen dira, arrakasta itzela lortu zuten bi abesti: "Haizea" eta "Ilargia". Urte luzeetan bi gai horiek ezinbestekoak izango dira Ken Zazpiren zuzeneko kontzertuetan ("Ilargia"ren bertsio bat katalanez ere grabatu zuten geroago). "Iluntzean" eta "Gutuna" abestiek, aurrekoen arrakasta-maila lortu ez bazuten ere, kutunak ere izan dira taldearentzat, ohiko errepertorioan behin baino gehiagotan azaltzen baitira.

Gaiei dagokionez, amodiozkoak nagusitzen dira disko honetan: galdutako maitasunaren inguruan jarduten dute "Haizea"n ("ez zaitut inola berriz galdu nahi laztana, baina goizeko ilargia bezala nigandik urruntzen zara"), "Ilargia"n ("esaiozu euriari berriz ez jausteko, esan bakardadeari gaur ez etortzeko"), eta "Gutuna"n; kutsu politikoa dute beste batzuek: zapaldutako abertzaletasunaz "Debekatuta"n ("berriro erakutsiko diegu gure ondorengoei mapetan ez den Herria maitatzen") eta Palestinako errepresioaz "Amorrua"n. Ezinegon eta atsekabea isladatzen dira "Besarkatu"n ("burua su bihurtzen den gau beltzetan gerta daitekeenaren beldurretan") eta nerabe baten barne-oinazea "Iluntzean"en ("Mundakako portuan zigarro bat eskuan, urrutira ihesi doa olatu gainean; bere izarra aurkitu, gehiago ez sufritu, irribarre egin, bizirik sentitu")

Bere bigarren disko honek ospea eta arrakastaren ateak zabaldu zizikion Ken Zazpiri, hortik aurrera kontzertu eta zuzeneko emanaldien kopurua asko ugaritu baitziren. 20.000 ale inguru saldu ziren eta "Atzo da bihar" diskoarekin irekitako bidea nabarmen sendotu zuen talde gernikarrak.


Kantuen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Besarkatu
  2. Bidean
  3. Deiaren zain
  4. Haizea
  5. Iluntzetan
  6. Barretan
  7. Ilargia
  8. Debekatua
  9. Amorrua
  10. Gutuna
  11. Zerraila


Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]