Palestina
- Palestina terminoaren beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Palestina (argipena)»
Britainiar Agintepeko Palestinaren mugak.
Palestina[1] (hebreeraz: פלשתינה, arabieraz: فلسطين) Mediterraneo itsasoaren[2] eta Jordan ibaiaren artean dagoen lurraldea da. Antzinako Kanaan lurraldearen hegoaldeko zatiari dagokio.
K.a. 70. urtearen inguruan, Erromatar Inperioak konkistaturik, Palestina izena hartu zuen, garai batean bertan bizi ziren herrietako batetik, filistearretatik, hain zuzen ere. Gaur egun, Palestina deitzen zaio, zentzu historikoan, 1917-1948. urteetan Britainia Handiaren agintepean egon zen lurraldeari; eta, gaur egungo zentzuan, de iurezko estatu burujabea den Palestinako Estatuari (Israelek okupaturik dituen Gaza, Ekialdeko Jerusalem eta Zisjordania lurraldeek osatua). Bertako judu gehienek Éretz Israel (ארץ־ישראל) deitzen dute.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aitzinako aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurraldearen lehen biztanleak orain 50.000 urte heldu ziren; K.a. 2800. urtearen inguruan faraoien agindupean egon zen eta gero, hikso, hitita, kanandar eta feniziarrenean. K.a. 1250. urtean lehen hebrearren konkistak izan ziren eta filistearren agerpena (k.a. 1200-1000 artean), lurraldeari Pheleset izena emango ziotenak. Israeldarren lur jabetza handiena K.a. 1000-957. urteetan izan zen, David eta Salomonen erregealdietan.
Aro klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 539. urtetik aurrera pertsiarrek agindu zuten lurraldean, K.a. 332an mazedoniarrek Alexandro Handiarekin, judu hasmoneoek K.a. 140tik aurrera eta erromatarrek k.a. 63. urteaz geroztik. 135. urtean, juduen matxinada bat izan zela eta, Hadriano enperadoreak Jerusalem suntsitu zuen eta haren hondakinen gainean Aelia Capitolina hiri erromatarra eraiki. Hadrianok juduei bertan bizitzea edo sartzea debekatu zien. Bizantzioren garaian (330-637),berriz, biztanle asko kristau egin ziren.
Aro musulmana eta aro otomandarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
637an Omar bigarren kalifak Jerusalem konkistatu zuen,eta bertan Al Aksa (urruna) meskita eraiki zuen. Handik aurrera biztanleria arabiartzen hasi zen.1099tik aurrera eta 100 urtean zehar, lurraldea gurutzatuen agindupean egon zen, 1187. urtean Saladinok konkistatu zuen arte. Mamelukoek kontrolatu zuten 1250 eta 1516. urteen artean, eta aldi horretan Jerusalen erromesaldien helburu bihurtu zen, bertan ostatu, errepide eta zubi sare garrantzitsu bat eraiki baitzen. Lurraldea Otomandar Inperioaren probintzia bihurtu zen 1515. urtean, Palestina izenarekin.
Britaniar agintea, banaketa eta gaur egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Otomandarrak Lehen Mundu Gerran garaituak izan ondoren, Nazioen Elkarteak Britainia Handiari eman zion Palestina eta Transjordaniaren agintea.
1947an NBEak Palestinaren Zatiketa Plana onartu zuen, lurraldea bi estatutan banatzea ekarri zuena. Judu gutxiengoari lurraldearen %60 eman zitzaion. Azken hauek plana onartu zuten, baina arabiarrek ez. 1948an,ordea, israeldar estatua sortu zen eta berehala, bost estatu arabiarren eta Israelen arteko gerra hasi zen. Amaitzean, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniaren agindupean geratu ziren eta Gaza Egiptoarenean. Ordurako Israelek legezkoa zena baino %26 lurralde gehiago okupatua zuen. Biztanleria arabiarraren %70ek bere etxeak uztera behartuak izan ziren, errefuxiatu bihurtuz.
1964an Palestinaren Askapenerako Erakundea sortu zen, 1969tik aurrera Yasser Arafaten Al-Fatah erakundeak kontrolatua izango zena. 1974an Nazio Batuen Erakundeak PAE herri palestinarraren ordezkaritzat onartu zuen. Sei Eguneko Gerran, 1967an, Israelek Gaza eta Sinai penintsula kendu zizkion Egiptori, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniari eta Golango gainak Siriari. Egiptok 1979an, amore eman zuen Gazari buruzko bere eskaeran eta Jordaniak 1988an,gauza bera egin zuen Zisjordaniari buruzkoan. 1967tik, Zisjordania, ekialdeko Jerusalem eta Gaza Israelen okupazio militarpean daude.
1991n bake elkarrizketak hasi ziren, 1993an Osloko Akordioetan amaitu zirenak. Bertan, Gazan eta Zisjordaniaren zati batean estatu bat eraikitzea erabaki zen. Pixkanaka Israel okupaturiko lurraldeetatik irteten hasi zen, ardura Palestinar Aginte Nazionalari utzita. Hala ere, bake prozesua 2000. urtean zapuztu zen, Ariel Sharonek, ehunka poliziak babestuta, Meskiten Zelaigunea bisitatu zuenean. Musulmanen leku sakratu horretara agertzea probokaziotzat jo zen, eta Bigarren Intifada piztu zuen.[3]
2012ko azaroan Palestinar delegazioak Nazio Batuetako Erakundean zuen estatusa gora egin zuen, eta Palestina estatu behatzaile bihurtu zen.[4]
Azken urteetan hainbat ofentsiba egin ditu Israelek Palestinaren aurka.[5] Hori dela eta hainbat babes jaso ditu Palestinak, Euskal Herritik ere bai.[6]
Herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiri judutarrak:
Eboluzio geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
---|---|---|---|
1916-1922 proposamenak
I. Mundu Gerraren ondoren, Palestinarako egin ziren hiru proposamenak. Lerro gorria: Sykes-Picot hitzarmenean 1916an proposatutako nazioarteko administrazioa. Puntukako lerroa: Erakunde Sionistak 1919an proposatutakoa Parisko bake-biltzarrean. Lerro urdin fina: Palestinako Britainiar Mandatua 1923-48 |
1937ko proposamena
Lehen partizio-proposamen ofiziala, Peel Batzordeak 1937an argitaratua. Belengo eta Jerusalengo leku santuen gaineko agintaldia luzatzea proposatzen da. |
1947ko proposamena
Nazio Batuen partizio-proposamen ofiziala (181. ebazpena, 1947), 1948 gerraren aurrekoa. Palestinako Estatuaren berdea eta Juduen Estatuaren zuria. Estatus berezia esleitzen zaio Jerusalemi, Jaffa arabiarren esku uzten da eta elkarren ondoan ez dauden eremuak gurutzatzeko eskubidea aitortzen da. |
1947ko statu quo
Urdinez, 1947an juduen propietatea ziren eremuak. Zuriz arabiar-palestinarren propietatea zena edo lur publikoa. Juduen populazioa 83.790tik 608.000ra pasa zen 1922 eta 1946 artean. |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
1949-1967
1948-1949ko arabiar-israeldar gerraren ondoren, Jordaniak eskuratutako Zisjordania (berde argia) eta Egiptok Gazako zerrenda (berde iluna). |
1967-1994
Sei Eguneko Gerraren ondoren, Israelek Gaza, Zisjordania, Golango gainak (Siria), Sinaiko penintsula (Egipto) eta Ekialdeko Jerusalem eskuratu zituen. |
1994-2005
Osloko itunaren ondoren, Palestinako Agintaritza Nazionala sortu zen Zisjordaniako eta Gazako "uharte palestinarrak" gobernatzeko. |
2005-2021
Israelek Gazarekiko deskonexioa eta gero, 2005etik, Hamasek Gaza gobernatzen du eta Palestinar Agintaritzak Zisjordania. Juduek kokalekuak ezartzen jarraitzen dute Zisjordanian. |
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
- ↑ «Mediterraneo itsasoa» www.uragentzia.euskadi.eus 2011-07-18 (Noiz kontsultatua: 2020-10-16).
- ↑ «Urruneko Begirada - 'Nakba'-z elkarrizketa Israelgo judu argentinar bati» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-16).
- ↑ Velte, Samara. «Behatzaile, baina estatu» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- ↑ Enbeita, Onintza. «Palestina» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- ↑ «Palestina eta Kolonbiako herriekiko elkartasuna adierazi du udalbatzak azken ohiko osoko bilkuran — Debako udala» www.deba.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Palestinako Estatua
- Palestinar Lurralde Okupatuak
- Palestinako Estatuaren nazioarteko aintzatespena
- Israel-Palestina gatazka
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Palestinari buruzko kanala, Argia aldizkarian.
- Testuinguru historikoaren bilduma bat euskaraz