Bifenilo polikloratu
Bifenilo polikloratua (PCB) Gai toxiko eta arriskutsuak, triklorobentzenoarekin nahasirik, eta isurkari gisa, isolatze elektrikoan eta zenbait transformadore elektrikoren hozte sisteman erabiliak.
Gisa horretako transformadoreak bide publikoetako edo alor pribatuetako zutabeetan, eta etxebizitzen eta industrien barruan aurki daitezke. Nekez bideodegradatzen dira eta organismoetan metatzen dira. Gizakiak arrainaren bidez bereganatzen ditu batez ere. Besteak beste itsas organismoen hazkundearen inhibizioa sortzen dute, tumoreak sortzeko aukera handitzen da, eta bizkarroiei aurre egiteko ahalmena, berriz, urritzen. Gizakiaren kasuan, gaiarekin harreman handia izanez gero, larruan erredurak izan daitezke, gibeleko gaitzak sortzen dira, eta eritasun neurologikoak eta bronkitis kronikoa ager daitezke halaber. Hori guztia dela eta, herrialde gehienetan guztiz debekatua dago, eta arau zorrotzak jarri dira gaiok garraiatu eta biltzeko.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-09-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.