Edukira joan

Bixente Eskisabel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bixente Eskisabel

Bizitza
JaiotzaAtaun1899ko abuztuaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1955eko otsailaren 28a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak

Bixente Eskisabel Urbiztondo (Ataun, Gipuzkoa, 1899ko abuztuaren 21a - Iruñea, Nafarroa, 1955eko otsailaren 28a), sustatzailea eta enpresaburua izan zen. Egurra, belarra, garoa eta antzeko nekazaritza produktuak airetik kable bidez garraiatzeko sistemak ezarri zituen ekintzailea. Bere lehenengo kableak Nafarroako Iratiko oihanean ezarri eta gero, Euskal Herriko beste hamaika lekutan ere jarri zituen, hala nola Asteasun eta bereziki Ataungo baserri eta auzoetan.

Artaditxulo baserria, Bixente Eskisabelen jaiotetxea.

Bixente Eskisabel 1899ko abuztuaren 21ean Ataungo San Gregorio auzoko Artaditxulo baserrian jaio zen eta 1955eko otsailaren 28an Iruñean zendu zen. Iturritza baserriko Donata Arinekin ezkondu eta zazpi seme alaben aita izan zen: Joxe, Antonio, Migel, Andres, Nikasio, Maria eta Juan.




Baserriko lana errazteko asmoz sorturiko garraio sistema da belar kablea. XX. mende hasieran Ataungo mendi eta hegaletan ez zegoen biderik eta baserritarrek baserriko produktuak zaldi, mando edo idien laguntzaz edo beraien bizkar gainean garraiatzen zituzten. Gurdibiderik ez izatean, baserritarrak oinezko bidetik ibili behar zuen, oinez bi eta hiru ordu pasatuz zenbait lekutara iristeko. Ondoren, handik belarra, garoa edo beste edozein gauza etxera ekartzeko. Hau dena, Ataunek duen orografia zailari loturik dago, inguru maldatsua eta aldapatsua baita. Baserriak mendi magaletan aurkitzen direnez, kableak jartzeko ez zen arazo. Kableak duen baldintza bakarra bota behar den tokia iritsi behar duena baino altuagoa egotea da. Modu horretan, erraz garraia zitezkeen nekazal produktuak, basoko egurra...

Kablearen garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gesalbe inguruko egur kargaderoan Antonio eta Juan Eskisabel, Bixente Eskisabelen semeak.

Kablearen sorrera garbi zehaztea oso zaila da, baina esan daiteke 1920ko hamarkada inguruan hasi eta 1930eko hamarkadan zabalduriko lan tresna dela kablea. Hasieran aipaturiko urte horietan, 1920ko hamarkadan, industriaren garapenak eta teknologiaren aurrerapenak baserri munduari sistema eta materiale berriak eskaintzen dizkie; adibidez, kablea. Baina aldi berean eskulana kentzen hasiko zaie eta, horren ondorioz, erreztasun bila, kable sistema, erantzun egokia izango da eskulana murrizteko eta lana erosoago egiteko. Urte hauetatik aurrera kable sistema kopurua nabarmen hazi zen eta baita bere inguruan ofizio bat sortu ere, kablelariarena. Nekazaritza gaiak kable bitartez garraiatzeko aurrekariak badaude ere, batik bat Italia aldean, Bixente izan zen Euskal Herrian lehena egurretako kableak ezartzen hasi zena. Hainbat konpainia edo langilez osaturiko taldeak izan zituen bere gain, denak basoak ateratzen kablearen bidez. Tartean Ataungo gazte asko izan ziren berarekin lanean.

Kablearen gainbehera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950. hamarkadatik aurrera industriaren garapena bortitzagoa eta indartsuagoa egin zen. Garai berriek baserri mundua ahuldu egingo du eta bigarren maila batetara igaroko da. Horrek, baserriko lanak areagotzea eskatzen du, baserrietatik urrun geratzen diren belardietan pinua sartzen hasten da eta baserri inguruko sailetara bide berriak irekitzen hasten da; azken batean, lana erosoago eta errazago egiteko makineria sartzen da, traktorea batik bat. Honek kable askoren suntsipena, kentzea edo desagertzea ekartzen du. Baserri munduaren egoera berriak kableek ekarritako aurrerabidea galtzea ekarriko du.

Bixente Eskisabelen oroigarria.

Bixente Eskisabel 1955eko otsailaren 28an Iruñean zendu zen. Bere heriotzaren nondik-norakoak oso argiak ez badira ere, badirudi bezero bati zor bat eskatzera joan zela eta egun batzuetara Iruñeko Takonera lorategietan hilda agertu zela.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Urko APAOLAZA: «Kablegintza: Bixente Eskisabel. Ernioko kablea, baserriko ingeniari lana», Argia, 2093. zenbakia, 2007-06-17.

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]