Botafumeiro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Botafumeiroa, Compostelako Donejakueko katedralean
Botafumeiroa, mugiarazten ari direla

Botafumeiroa (galizierazko hitza, «ke-barreiatzailea» esan nahi duena) Compostelako Donejakueko katedralaren ikurrik ospetsuena da, intsentsu ontzi erraldoi bat. Gordeta egoten da, baina, lanean jartzeko ordua heltzen denean, tenpluaren sabaian ezarritako mekanismotik zintzilikatu eta zabuka mugiarazten dute tiraboleiro izeneko sei-zortzi gizonek, abitu gorriz jantzita.[1][2][3]

Botafumeiroa, berez, meza berezi batzuetan baizik ez du erabiltzen katedralak, ospakizun liturgikoen egutegi bati jarraituz. Hala ere, beste edozein egun eta mezatan lanean jartzen dute, katedralari 300 euro inguru ordainduz gero; ordaindutako saio horietan, ohikoetan bezala, mezara etorritako edonorentzat dago ikusgai, baita ordaindu ez dutenentzat ere.[3][4]

Meza berezi horietatik kanpora, La Alcachofa («alkatxofa») esaten dioten intsentsu-ontzia jartzen dute,[3] eta ez dute botafumeiroa bezala sabaitik zintzilik zabuka erabiltzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. mendeko Codex Calixtinus dokumentuari XIII. mendean eginiko albo ohar batek aipatzen du lehenengoz botafumeiroa, turibulum magnum («intsentsu ontzi handia») izenarekin.[1][5] Erromesak nekatuta eta zikin heltzen ziren. Intsentsuak usain desatseginak kentzeko balio zuen; gainera, jendeak uste zuen efektu profilaktikoa zuela izurriteen eta epidemien aurka. Eta, jakina, intsentsua erretzea liturgiako parte garrantzitsua ere bada: «Jainkoari egindako otoitza» da.

Geroztik, bost botafumeiro erregistratu dira historian: lehena, Luis XI.a Frantziakoak oparitua, zilarrezkoa, 1499an Katalina Aragoikoa katedrala bisitatzen ari zela Prateríasko atea jo zuena; bigarrena, istripu haren ondoren egindako botafumeiro berria, 1622 arte iraun zuena, zilarrezkoa hura ere; hirugarrena, haren ordez jarritakoa, zilarrezkoa, Napoleondar gerretako Iberiar Penintsulako Gerran frantses soldaduek 1809an ebatsia; laugarrena, haren ordez jarritakoa, burdinazkoa, XIX. mendearen erdialderaino iraun zuena; eta bosgarrena, 1851z geroztik erabiltzen dutena, hasieran letoiz hutsezkoa eta 51 kilokoa, 2006an zilarreztatu zutenetik 53 kilo pisatzen duena.[1][6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) «El botafumeiro, de la A a la Z», La Opinión A Coruña, 2010-07-24.
  2. (Gaztelaniaz) Pontevedra, Silvia R. (2007-07-11) «Debú para peregrinos ingleses» El País . Noiz kontsultatua: 2010-12-08.
  3. a b c (Gaztelaniaz) Otero Ricart, J. A. (2010-03-28) «Tiraboleiros» La Opinión A Coruña.
  4. (Galizieraz) «Solicitar o Botafumeiro», SantiagoTurismo.com webgunea (Santiago de Compostelako turismo webgune ofiziala). Eskuratze data: 2010-12-08.
  5. (Galizieraz) «O Botafumeiro», SantiagoTurismo.com webgunea (Santiago de Compostelako turismo webgune ofiziala). Eskuratze data: 2010-12-08.
  6. (Gaztelaniaz) Pontevedra, Silvia R. (2010-07-24) «El primer libro del Botafumeiro saca a la luz sus leyes físicas» El País.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]