Sufrearen bakterio berde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Chlorobi» orritik birbideratua)
Sufrearen bakterio berde
Sailkapen zientifikoa
AzpierreinuaNegibacteria
Filuma Chlorobi
[[|]], 2001

Sufrearen bakterio berdeak edo klorobiak (Chlorobi filuma) fotosintesi bakteriarra burutzen duten bakterioak dira. Fotosintesi bakteriarra edo fotosintesi anoxigenikoa oxigenorik gabeko fotosintesia da, ingurugiro anaerobio batean burutzen dena. Fotosintesi horrek ez du oxigenoa sortzen, sufrea baizik:


CO2 + SH2 + argia → (CH2O)n + 2S


Fotosintesi honen elektroien emailea ez da ura, SH2 baizik. Horregatik sufrearen bakterio berdeak azido sulfhidrikoa (SH2) duten habitetan bizi dira: iturri sufretsuetan, adibidez. Ohikoak dira ere sulfhidrikoa eta argia duten lakuen eremu anoxikoetan. Oxigenorik gabeko habitat horiek beharrezkoak dira fotosintesi bakteriarra burutzeko.

Bakterio hauen beste ezaugarriak honako hauek dira:

  • Gram negatiboak
  • bazilo, koko edo vibrio itxurakoak
  • batzuek filamentu edo harizpiak sortzen dituzte
  • pigmentu fotosintetikoak (bakterioklorofilak) klorosoma izeneko bakuoletan daude
  • SH2-az gain, hidrogeno molekularra eta sufrearen beste konposatu erreduzituak ere erabil ditzakete elektroi emaile moduan
  • ez dira mugikorrak, baina gasa duten bakuolen bidez era bertikalean (gora ala behera) higitu daitezke uretan
  • berde kolorekoak dira, karotenoideek emandakoa
  • urtarrak dira

Sufrearen bakterio berdeak ez dira fotosintesi anoxigenikoa egiten duten bakterio bakarrak. Badago beste talde bat (sufrearen bakterio purpurak) fotosintesi bera egiten duena. Azken hauek purpura kolorekoak dira (dituzten karotenoideak direla-eta).

Bakterio berdeak laku eta itsasoen eremu sakonetan bizi dira, bertan oxigeno gutxi, sufrearen konposatu erreduzituak (SH2...) eta argi infragorria dagoelako (fotosintesi bakteriarrak ez du argi ikusgaia erabiltzen, uhin-luzera handiko argia baizik).

Bestalde, bakterio hauek fotosintesian sortzen duten sufrea (S) zelulatik kanporatzen dute.

Sufrearen bakterio berdeak, zalantzarik gabe, oso zaharrak dira, eta Lur planetaren gainean agertu ziren lehenengo bizidunetakoak dira. Landareen fotosintesia agertu aurretik fotosintesi anoxigenikoa agertu zen, aintzinako Lurrean oxigenorik ez zegoelako eta molekula erreduzituak nagusi zirelako (SH2 tartean). Lehenengo bakterio fotosintetikoak, beraz, materia organikoa ekoizten hasi ziren, baina ez zuten oxigenorik askatzen. Hurrengo urrats ebolutiboa elektroi emaile gisa H2O erabiltzeko gai izan zitezkeen zelulen agerpena izan zen; zelula horiek, gaur egungo zianobakterioen antzekoak, ziur aski bakterio fotosintetikoetatik agertu ziren duela 2.500 milioi urte inguruan.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]