Habitat

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Afrikar elefantearen habitat zatituen kokapena.

Habitat («bizi da», latinez) landare edo animalia espezie jakin bat edo beste era bateko organismo bat bizi den lurralde eremua da.[1][2] Izaki bizia bertako izaera eta ezaugarri fisiko-kimikoetara moldatuta egon ohi da. Esate baterako, gizonaren bizilekuarekin lotuta, nekazari habitatak eta hiri habitatak bereizten dira.

Banaketa mapa bat, kaio beltzaren irispidea eta elikatze eremuak erakusten dituena.

Habitat eta biotopo hitzek antzeko esanahia dute, baina ez dira berdinak: biotopo batean biozenosi bat bizi den bitartean, habitat batean espezie bat bizi da.


Habitata animalia eta landare mota bat bizi den edo elikagaiak aurkitzen dituen ingurunea da. Habitata ingurune horretako baldintza fisiko eta biotikoei dagokie. Baldintza fisikoak klimari (tenperatura, prezipitazioak, airearen hezetasuna, eta abar), lurrari landareen kasuan (azidotasuna, gatz mineralen kopurua, eta abar) eta paisaia motari (mendia, ordokia, itsasertza, eta abar) dagozkie. Baldintza biotikoak (basoa, belardiak, aintzirak), berriz, landare mota bati eta elikagai kopuruari dagozkie. Hala, adibidez, kukuprakaren habitat nagusia mendiko baso hezeak, lur hareatsu eta harritsuak direla esan ohi da; eta panda handiaren habitat bakarra Txina mendebaldeko mendi garaietako banbu basoa dela.

Animalia mota askok aldatu egiten dute habitata bizitzan zehar, bilakaera mailaren arabera. Eltxoaren larbak, esate baterako, uretan bizi dira, eta partikula organiko txikiak jaten dituzte; eltxo helduak, aldiz, airean bizi dira, eta odola jaten dute emeek, eta belar zukua arrek. Zenbait animalia mota migratzailek urtean bitan aldatzen dute beren habitata, enarak edo zikoina zuriak esaterako; eta beste batzuek, berriz, bizitzaren aldi jakinetan besterik ez dute habitata aldatzen: gaizkatak, adibidez, bi edo hiru urte arte ur-lasterretan bizi izaten dira, helduak direnean itsasoan, ibaietan ugaltzen dira, eta, ondoren, ozeanora itzultzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dickinson, C.I. 1963. British Seaweeds. The Kew Series
  2. Abercrombie, M., Hickman, C.J. and Johnson, M.L. 1966.A Dictionary of Biology. Penguin Reference Books, London