Copiale Cipher
Copiale Cipher enkriptatutako eskuizkribu bat da, 105 orrialde eta 75.000 karaktere ditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen ikerketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirurogeita hamarreko hamarkadan, orduan Ekialdeko Alemania zeneko liburutegi batean, liburu bat aurkitu zen: 105 orriko eta 75.000 karakteredun eskuizkribu bat zen, urre eta orlegi koloreko luxuzko azal batekin. Baina testua ezin zitekeen irakurri, zifratua baitzegoen. Gutxi gorabehera 90 karaktere ezberdin aurki zitezkeen testuan, hizki latinoak, hizki grekoak, puntuazio zeinuak eta irudi abstraktuak. Gainera, guztiak etengabeko ilara batean, hutsunerik gabe, agertzen ziren, deszifratzea zailago bihurtuz. Testu osoan bi esaera besterik ez zeuden kodifikatuta, batek “Copiales 3” esaten zuena, eta bestea “Philipp 1866”. Ikertzaileen ustean azkeneko hau liburuaren aurreko jabe baten erreferentzia bat izan behar zuen, eta bestea, “Copiale 3”, liburuari izena emateko erabili zuten. Hasiera batean 1760-1780 bitartean kokatu zen liburuaren jatorria. Nahiz eta deszifratzen saiatu baziren ere, inork ez zuen orduan lortu eta ahaztu egin zen urte askotan[1].
2010. hamarkadako ikerketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko apirilean, hiru ikertzailez osatutako talde batek testua deskodifikatu zuen, Kevin Knight, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatekoa, eta Beata Megyesi eta Christiane Schaeffer, Uppsalako Unibertsitatekoak. Knight doktorea munduko aditu nagusienetakoa da ordenagailu bidezko itzulpenean[1].
Adituek diotenez, “Copiale”rena “zifratu homofoniko” bat da, alegia, hizkiak beste sinboloengatik aldatuz ezkutatzen dira, baina berezitasun batzuekin: jatorriko hizkuntzan gutxien errepikatzen diren hizkiak sinbolo bakar batengatik aldatzen dira, baina gehien errepikatzen direnak bi sinbolo edo gehiagoengatik alda daitezke, zantzurik ez usteko[1].
Taldeak hasiera batean hizki latinoek informazioa ezkutatzen zutela uste zuten eta gainerako sinboloek ezkutatzeko besterik ez zutela balio, baina ez zuten emaitzarik lortu. Hamaika hizkuntzatan egin zituzten probak eta ez zuten emaitzarik lortu, baina alemanez idatzita egon behar zuela suposatzen zuten, Alemanian aurkitua izan baitzen eta “Philipp” hitza agertzen baitzen, alemaniar idazkerarekin, bi “p” erabiliz. Azkenik zera antzeman zuten, benetako informazioa gainerako sinboloetan zegoela, eta hizki latinoek hutsuneak edo paragrafoen arteko banaketa adierazten zutela[1].
Horrela testua deszifratu zuten eta zera eman zuten jakitera: testuak XVIII. mendeko talde masoi baten errituala deskribatzen zuen, “oftalmologoak” deitu omen zirenak, hots, “begiak zabaltzen zituztenak”[1].
Oihartzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurkikuntza berri honek oihartzun zabala izan zuen egungo talde masoien inguruan, liburua XVIII. mendeko lehen erdikoa baitzen (hasieran uste zena baino zerbait zaharragoa), talde hauen “urrezko garaia” baino mende bat lehenagokoa. Garai hartan talde hauek euren erritualak eta gainerako informazioa ezkutatzen hasi ziren, Klemente XII.a Aita Santuak 1738ean masoiak debekatu ostean[1].