Liburu

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Latin hiztegi bat liburutegi batean

Liburua edo idaztia[1] idatzitako, zuriz inprimatutako edota irudiz hornitutako orrialdeen sorta da, paperez, pergaminoz edo beste material batzuez egindakoa, ertz batetik josia eta irakurtzeko prestatua. Normalean azal pare batek babesten du.

1501 baino lehen tipo higigarriekin inprimatutakoek "inkunable" edo jatorri zehaztezindun izena hartzen dute; latineko "incunabula" hitzetik eratorria. Gaur egun, formato elektronikoa baldin badauka "e-book" izena hartzen du ingelesez.

Liburutegiak liburuak eta bestelako dokumentuak jaso, antolatu, sailkatu eta publikoaren eskura jartzen dituzten erakundeak dira eta liburudendak liburuak salgai izaten dituzten tokiak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Liburuaren historia»
Liburu barrura (Maite Mutuberria, 2020)

Inprentaren asmakuntzaren aurretik, liburu bat edukitzea soilik aberatsenen esku zegoen zerbait zen, liburu bakoitza eskuz kopiatu behar baitzen osorik. Kalkulatzen da 450tik 1450ra bitarte igaro ziren mila urtetan 5 milioi liburu inguru sortu zirela Europan. 1450tik 1500era, 1445ean Johannes Gutenbergek lehenengo Biblia inprimatu zuenetik, 8 eta 20 milioi kopia artean egin ziren. XVI. mendean 200 milioi kopia inguru sortu ziren[2].

Azken egunotan, Internetek protagonismoa kendu dio liburu tradizionalari, eta hainbaten ustez paperezko formatua desagertzeko arriskuan dago. Hala ere, urtero milaka liburu argitaratzen dituzte oraindik. Adibidez, 1995ean Frantzian 34.766 lan kaleratu zituzten, eta 1996an Espainian 46.330.

Euskarazko liburu ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskarazko liburu ezagunen zerrenda»

"Linguae vasconum primitiae" dugu euskarazko lehen liburu, Bernart Etxeparek 1545ean karrikaratua. Ordutik, milaka dira gure hizkuntzaz egindako lanak, nahiz eta XX. mende arte produkzioa oso motela eta urria izan den.

Azken urteotan, beraz, euskal liburuaren industria emankorra izan da. Erronka euskal irakurleak euskaraz irakurtzera bultzatzea da.

Liburu elektronikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Liburu elektroniko»

1971. urtearen amaieran, gaur egun liburu digital edo elektronikoa deitzen duguna garatzen hasi ziren. Michael Hart izan zen Gutenberg Proiektuaren sustatzailea (liburutegi digital doako bat sortzea zen helburua), zeinean William Shakespeare, Edgar Allan Poe eta Dante Alighieriren lanak aurki zitezkeen, guztiak ere jabetza publikokoak. 1981ean, aurrerapen garrantzitsua egin zen; izan ere, lehen liburu elektronikoa jarri zen salgai: Random House's Electronic Dictionary. Nolanahi ere, 2001eko martxoan hedatu zen gehien liburu digitala, Stephen King nobelagileari esker, sarearen bitartez merkaturatu baitzuen Riding the Bullet nobela. 48 ordu eskasean, 400.000 kopia saldu zituen, bi dolar eta erdiren truke bakoitza.[3] Hurrengo hilean, Vladimir Putinek Internet bidez argitaratu zituen bere memoriak.

Une horretatik aurrera, hainbat argitaletxe elektroniko sortu ziren, eta denda birtual asko liburu elektronikoak hasi ziren sartzen beren katalogoetan.

Liburu Azokak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankfurteko Liburu Azoka mundu mailako garrantzitsuena da, XV. mendean aurrekariak dituena.

Euskarazko liburu eta diskoei dagokienez, Durangoko Azoka hauek biltzen dituen nagusia da. Euskal Herriko Idazleen Biltzarrak (Sarako Idazleen Biltzarra) ere garrantzi handia du euskal edizioan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-23).
  2. Lynch, Jack. (2016). You could look it up : the reference shelf from ancient Babylon to Wikipedia. ISBN 978-0-8027-7752-2. PMC 898418972. (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  3. (Gaztelaniaz) Penalva, Javier. (2009-10-14). «Historia del libro electrónico» Xataka (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: liburu .