Cymdeithas yr laith Gymraeg

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cymdeithas yr Iaith Gymraeg» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
1972an egindako kanpainia, ingelesezko seinale elebakarrak lurrera botaz.

Cymdeithas yr Iaith Gymraeg (ingelesez Welsh Language Society), Cymdeithas yr Iaith edo Cymdeithas galeserazko erakundea da, presio-talde gisa lan egiten duena indarkeriarik erabili gabe baina ekintza zuzenak eginez hizkuntza galesaren alde. Hauen ondorioz 1.000 pertsona inguru auzibideetan sartu izan dituzte, batzuk kartzelara ere bidaliz, galeseraren aldeko ekintzak egiteagatik.

Haren lanari esker aurrerapen asko lortu dituzte galeserazko hiztunek, baina erakundearen ustez bide luzea dago oraindik, hizkuntza galestarraren ofizialtasun teorikoa bizitza publikoaren eremu guztietara iristeko.

1962an sortu zuten Swansea/Abertawe inguruan. Halere, gaur egun bere egoitza Aberystwyth hirian du.

Cymdeithas-en lehenengo eskakizunak posta zerbitzua, administrazio publikoa eta irakaskuntza galeseratzeko zuzendu ziren, XX. mendeko 60eko hamarkadan. 70eko hamarkadan trafiko-seinale elebakarrak (ingelesdunak) ezabatu zituzten erakundearen ekintzaileek, eta horrek auzitegietara eraman zituen horietako asko. Ez dira gutxi izan horren ondorioz espetxea ere ezagutu duten militanteak [1] [2], Cymdeithas izanik azken 40 urteotan isun eta auzi gehien jaso dituen Erresuma Batuko erakunde zibila.

XX. mendeko 70eko hamarkadan galesaren aldeko erakundeak galesezko telebista lortzeko borrokari ekin zion. Egitasmoa oso aurreratuta zegoen, baina 1979an Margaret Thatcherren gobernu berriak ezerezean utzi zuen proiektua. Cymdeithas-ek kanpaina gogor bat martxan jarri zuen erabaki horren aurka eta galesezko telebistaren alde, kontzentrazio eta protesta jendetsuak antolatuz eta militante asko espetxeratuak izanik. Kontestu honetan oihartzun handia izan zuen Plaid Cymru alderdi abertzalearen lehendakariak, Gwynfor Evans-ek, egin zuen gose grebaren mehatxua galesezko telebista lehenbailehen martxan jartzeko.

Erakundeak urte luzeetan egindako lanari esker 1993ko Gales Hizkuntzaren Akta (hizkuntzari estatus koofiziala ematen diona), seinaleztapen-sistema elebiduna eta galesezko telebista, besteak beste, lortu ziren. Gaur egun Hizkuntza Lege berriaren eskakizunean lanean dihardute Cymdeithasen arduradunek, 1993ko legearen hutsuneak beteko lituzkeena (arlo pribatua eta telekomunikazioak, esaterako)


Kanpainiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan hiru esparru nagusitan lan egiten ari dira:

  • "Grwp Deddf Eiddo" (Property Act group): Aldarrikatzen dute galeserazko komunitateak aintzat hartzea jabetasun prozesuei dagokienez.
  • "Grwp Addysg" (Education group): Hezkunztzaren arloan hobekuntzak eta zabaltze handia eskatzen dute, batez ere Lehen Hezkuntzatik haratago unibertsitateraino. Horretarako Bigarren Hezkuntzako zentroen sarea proposatzen dute.
  • National Assembly: Politikariak presionatzen dituzte hizkuntza publikoki eta ganberan erabiltzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Dylan Phillips, 'Trwy ddulliau chwyldro..? Hanes Cymdeithas yr Iaith Gymraeg', Gomer, 1998 ISBN 1-85902-594-3 257 orr
  2. Clive Betts, 'Inside the Welsh Language Society' Western Mail 5/7/1977

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]