Danielle Michel-Chich

Wikipedia, Entziklopedia askea
Danielle Michel-Chich

Bizitza
JaiotzaAljer1951ko urria (72 urte)
Herrialdea Frantzia
Lehen hizkuntzafrantsesa
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea

Danielle Michel-Chich (Aljer, 1951ko urriaren 26a)[1] saiogile, kazetari eta itzultzaile frantsesa da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Danielle Michel-Chich Aljerren jaio zen, 1951ko urriaren 26an. Bertan bizi izan zen 1962ko ekainera arte, eta handik aurrera Frantzian, Toulonera joan baitzen bere familiarekin bizitzera.

Marseillan, Grande école-etarako prestakuntza-klaseetan ikasi zuen, eta gero, Parisen, DEA titulu bi (Diplôme d'études approfondies) lortu zituen, bat ingeleseko ikasketetan eta beste bat itzulpenean. Garai hartan, UNEF (Union nationale des étudiants de France) eta UEC (Union des étudiants communistes) erakundeetako kide izan zen, eta Emakumeen Mugimenduan parte hartu zuen.

Hasieran irakaskuntzan jardun bazuen ere, gero itzultzaile aritu zen, eta geroago kazetari eta idazle.

Danielle Michel-Chich bidaiari handia da; oso ondo ezagutzen ditu Estatu Batuak, hainbat urte Houstonen (Texas) eman baitzituen.

Gaur egun, Michel-Chichek emakume engaiatua eta feminista aktiboa izaten jarraitzen du: hainbat urtez, Thérese Clerc-ekin batera, Montreuilgo Emakumeen Etxeko zuzendaritza-kontseiluko kide izan zen,[2] eta orainn, Femmes à la Une elkartearen kidea da, eta oso konprometiturik dago FDFA (Femmes pour le Dire Femmes pour Agir) taldean.[2]

Nicole Guiraud (10 urte) eta Danielle Michel-Chich (7 urte) Aljerko Milk-Bar kafetegiko atentatuaren biktimak; bonba Zohra Drifek jarri zuen 1956ko irailaren 30ean.

2012an Lettre à Zohra D. (Flammarion – 2012) liburua idatzi zuen. Liburu horretan, 1956ko irailaren 30ean Aljerreko Michelet kaleko Milk-Bar kafetegian izandako atentatua gogora ekarri zuen. Bera bertan zen, 5 urte zituen eta larri zauritu zuten; haren amona, berriz, hil egin zuten.[3] Liburua Michel-Chichen beraren eta atentatua burutu zuen Zohra Drif mujahidaren arteko elkarrizketa hasteko saiakera bat da.[4]

Danielle Michel-Chichen terrorismoari buruzko gogoetak Je est une autre eleberrian jarraitu zuen. Kontakizun horretako heroina bere burua atentatu baten biktimatzat aurkezten duen iruzurtia da.[5]

Idazle frankofonoen Parlamentuko kidea da.[6]

2022ko urtarrilean, Pariseko Eliseo jauregira gonbidatu zuten 60 urte geroago Aljerreko Isly kaleko atentatuaren aitorpen ofiziala ospatzeko. Macron presidenteak zeremonia irekitzeko hitzaldia egiteko eskatu zion.[7][8]

2012ko Marseillako eztabaida: “L'Algérie 50 ans après”[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohra Drif-en atxiloketa 1957ko irailean.

Marianne aldizkariak, France Inter irratiak eta El Khabar egunkariak Aljeriako gerraren amaiera eta independentzia gogoratzeko "La guerre d 'Algérie, cinquante ans après" izeneko eztabaida-foroa antolatu zuten. Hainbat pertsona ospetsuk hartu zuten parte; besteak beste, Bernard-Henri Lévyk eta Zohra Drifek. Danielle Michel-Chich aretoan zegoen.[9] Aljeriako militanteari zibilen aurkako atentatu itsua moralki justifikagarria ote zen galdetu zionean, Zohra Drif-ek honela erantzun zuen:

«Ez didazu niri konturik eskatu behar, baizik eta nire herrialdea menpean hartu zuten botere frantses guztiei. Jakina, trajedia guztiek, zuenak zein gureak izan, erabat hunkitzen gaituzte guztiok gizakiak garen neurrian. Baina ez geunden liskar pertsonal batean murgilduta, gerra batean baizik. Gure eta zuen gainetik zegoen ekaitz batean harrapatuta geunden.»[10]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerrenda honetan ez daude jasota Danielle Michel-Chichek itzulitako lanak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Danielle Michel-Chich» artikulutik itzulia izan da, 2023-06-05 data duen 204939992 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-06-05 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. (1951-....), Michel-Chich, Danielle. BnF Catalogue général. .
  2. a b (Frantsesez) Madeuf, Caroline. (2021-01-25). «Danielle Michel-Chich, essayiste et écrivain militante» Handirect (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  3. (Frantsesez) Gaffuri, Ariane. (2012-07-07). ««Lettre à Zohra D.», de Danielle Michel-Chich (Elkarrizketa)» RFI (Radio France Internationale - Livre International Podcast) (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  4. (Frantsesez) Flepp, Caroline. (2012-05-21). «Danielle Michel-Chich : une « Lettre à Zohra D. » sans haine ni colère» 50 - 50 Magazine (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  5. (Frantsesez) CHAUPITRE, Marie-Claudine. (2020ko martxoaren 7a). «RÉCIT. Elle a écrit le roman d’une sacrée imposture» Ouest France (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  6. (Frantsesez) Danielle Michel-Chich - Ecrivaine, journaliste, traductrice française. Parlement des écrivaines Francophones – La voix des femmes écrivaines.
  7. (Frantsesez) «Apaiser les mémoires de la colonisation et de la guerre d’Algérie (Commémorer les 60 ans du 17 octobre 1961)» elysee.fr 2022-03-18 (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  8. (Frantsesez) Rencontre avec des représentants de rapatriés d'Algérie.. Eliseo jauregiaren YouTubeko kanala (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  9. (Frantsesez) Souiah, Sid-Ahmed. (2012). Algérie, 50 ans après. Ed. L'Harmattan ISBN 978-2-296-99405-8. (Noiz kontsultatua: 2023-06-21).
  10. Danielle Chich eta Zohra Drif Marianne aldizkariak 2012an Marseillan antolatutako eztabaida-foroan Dailymotion


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]