Zohra Drif

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zohra Drif

Member of the Council of the Nation of Algeria (en) Itzuli



Council of the Nation (en) Itzuli presidenteorde

2016ko urtarrila
Bizitza
JaiotzaTissemsilt (en) Itzuli1934ko abenduaren 28a (89 urte)
Herrialdea Aljeria
Familia
Ezkontidea(k)Rabah Bitat  (1962 -  2000)
Hezkuntza
HeziketaAljerko Unibertsitatea
Jarduerak
Jarduerakabokatua, politikaria, Erresistentziaren kidea eta idazlea
Zerbitzu militarra
Adar militarraNational Liberation Army (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Nazio Askatasunerako Frontea

Musicbrainz: 090590fb-7abe-4624-a80a-ad27d725ea30 Edit the value on Wikidata

Zohra Drif, arabieraz: زهرة ظريف‎, (Tiaret, Aljeria, 1934ko abenduaren 28a[1]), Aljeriako independentzia gerrako mujahida izan zen; abokatu eta politikoa, Aljeriako senataria eta Nazioaren Kontseiluko lehendakariordea izan zen.

Rabah Bitat-en emaztea izan zen, FLNko bederatzi buru historikoetako bat. Bera ere, bere herrialdean, Aljeriako Iraultzaren eta Frantziako kolonizazioaren aurkako independentzia-gerraren heroinatzat jotzen dute; Aljerreko guduan Réseau bombes (Bonben sarea) antolakundean parte hartu zuen, lehergailuak jarriz, Ali la Pointe, Hassiba Ben Bouali eta Yacef Saâdi Aljerreko barruti autonomoaren buruarekin batera.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa eta ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohra Drif familia burges batean jaio zen. Umetan Vialarren bizi izan zen. Aita bertako kadia zen. Zohrak Aljerren egin zituen Bigarren hezkuntzako ikasketak, Fromentin lizeoan, eta Unibertsitatekoak, Zuzenbide Fakultatean.[1]

Literatura frantsesa ikasi zuenean, Argien Mendea, 1789ko Frantziako Iraultza eta norbanakoaren askatasunak ezagutu zituen, eta horrek eraman zuen Aljeriako egoerari buruz gogoeta egitera. Zohra suminduta sentitu zen kolonizazioagatik eta kolonizazioak Aljeriako populazioan ezarritako desberdintasunengatik: batetik ziren kolonoak eta bertako juduak eta, bestetik, musulmanak; eta haien arteko desberdintasunak ez ziren desagertu ez 1944ko martxoaren 7ko ordenantzarekin, ez eta 1947ko Estatutuarekin ere.[1]

Militantzia eta espetxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1954ko azaroan matxinada hasi ahala, Zohra Drifek bat egin zuen FLNren sareekin, eta unitate aktibo baten kide izan zen Aljerreko barruti autonomoan.

1956ko irailaren 30ean, Drifen unitateak hiru lehergailu jarri zituen: bat Maurétanian jarri zuten, eta ez zuen eztanda egin, eta beste bat Michelet kaleko kafetegian; hirugarrena Drifek berak jarri zuen Pied-Noir-ak ohiko bezero zituen Milk-Bar izeneko taberna-kafetegian.[2] Atentatuak hiru emakume gazte hil zituen eta dozena bat zauritu eragin zituen, tartean haur asko.

Nicole Guiraud, 10 urtekoa, eta Danielle Michel-Chich, 7 urtekoa, Yacef Saadiren "bonba-sareak" Aljerko Milk-Bar kafetegian eginiko atentatuaren biktimak; bonba Zohra Drifek jarri zuen 1956ko irailaren 30ean.



1957ko urtarrilean, Frantziako agintariek hasiera eman zioten "Aljerreko guduari". Massu jeneralaren agindupeko paraxutisten ekintzek eragin handia izan zuten ZAAn (Aljerreko barruti autonomoa): Larbi Ben M'hidi atxilotu zuten eta FLNren CCE (Comité de coordination et d'exécution) batzorde eragileak Tunisera alde egin behar izan zuen.

1957ko uztailaren 4an eta abuztuaren 9an, Zohra Drif Yacef Saâdi eta Germaine Tillionen artean izan ziren bi elkarrizketetan izan zen.

Kartzela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957ko irailaren 22an, Yacef Saâdirekin batera atxilotu zuten Caton kaleko babeslekuan, Aljerreko kasbah-n; 1958ko abuztuan, Aljerreko auzitegi militarrak terrorismoagatik kondenatu zuen hogei urtez bortxazko lanak egitera.

Hasieran, Barberousseko espetxeko emakumeen sailean egon zen preso, baina geroago Frantziako hainbat kartzelatara eraman zuten. Garai hartan, obsesionaturik bizi izan zen heriotza-zigorra gogoan zuelarik etengabe. 1960an bere testigantzak jaso zituen La mort de mes frères izenburuko liburuan.

1962an, Aljeriak independentzia lortu zuenean, de Gaulle jeneralak indultua eman zion.

Independentziaren ondoren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zohra Drif abokatua eta irakaslea zen. Horrez gain, Batzar Konstituziogileko diputatua izan zen, eta, ondoren, Nazioaren Kontseiluko kidea. Bertako lehendakariorde izendatu zuten, eta Kontseiluan izan zen 2016ko urtarrilera arte, Errepublikako lehendakariak ez baitzuen haren agintaldia luzatu. 1984an ezarritako Familiaren Kode berria kritikatu zutenen artean izan zen.

Nazioaren Kontseiluan, Aljeria eta Frantziaren arteko Adiskidetasun Taldearen buru izan zen; bere ustez, taldearen zeregina zen “Frantziako herriarekiko adiskidetasun-harremanak” eta Aljeriako eta Frantziako parlamentarien arteko “konfiantzazko harremanak” sustatzea eta “bi herriek komunean zituzten arazoen gaineko eztabaida zintzoa” bideratzea. Horrez gain, Drifek hau adierazi zuen: “1954ko azaroaren 1eko Adierazpenetik aurrera, FLNk esan zuen indar kolonialen aurka borrokatu ginela, ez Frantziako herriaren aurka, eta horrek bere horretan dirau”.

Aljeriako independentzia-gerra garaia bizi izan zutenek heroinatzat jotzen dute Zohra Drif, baina belaunaldi berriek zalantzan jartzen dute herrialdeko politikan duen lekua. 2014ko urtarrilean, Yacef Saâdi burkide ohiak Ali La Pointe salatzea leporatu zion. Berak bere burua defendatu zuen bere kontrako frogak armada kolonialaren Ekintza Psikologikoko Departamentuak asmatu zituela argudiatuz.[3] 

Marseillako eztabaida (2012ko apirila)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Les poseuses de bombes" (Bonba jartzaileak). Ezkerretik eskuinera: Samia Lakhdari, Zohra Drif, Djamila Bouhired eta Hassiba Ben Bouali.

Zohra Drifek Marianne aldizkariak, France Inter irratiak eta El-Khabar egunkariak Marseillan 2012ko martxoaren 30ean, 31n eta apirilaren 1ean antolatutako "La guerre d 'Algérie, cinquante ans après" izeneko eztabaida-foroan parte hartu zuen. Drifek han agertzeak bertaratatukoen haserrea eragin zuen. Haien artean Danielle Michel-Chich zegoen, Milk Bar-eko atentatuaren biktimetako bat, garai hartan bost urte zituena:[4]

«Gerrako kriminala zara! Haurrak hil dituzu!»

Zohra Drifek honela defendatu zuen bere burua:

«Guk sistema baten aurka borrokatzeko hartu genituen armak. Halako sistema batean, zure herrialdean bizitzeko, bizitza ematea beste biderik ez duzu.»

Urte berean, Danielle Michel-Chichek Lettre à Zohra D. liburua argitaratu zuen (Flammarion, 2012). Bere jokabidearen zilegitasunaz galdetu zionean, Zohra Drif-ek honela erantzun zion:

«Ez didazu niri konturik eskatu behar, baizik eta nire herrialdea menpean hartu zuten botere frantses guztiei. Jakina, trajedia guztiek, zuenak zein gureak izan, erabat hunkitzen gaituzte guztiok gizakiak garen neurrian. Baina ez geunden liskar pertsonal batean murgilduta, gerra batean baizik. Gure eta zuen gainetik zegoen ekaitz batean harrapatuta geunden.»[5]

Ekintza horiek garai hartako gerra-egoeran ulertu behar zirela esaten jarraitu zuen, Aljerian izan ziren biktima zibilak Dresdengo bonbardaketakoak bezain saihestezinak izan zirela argudiatuz.[6]

Ardurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Batzar Konstituziogileko kidea (1962-1964)
  • Kartzelatik irten ondoren, Nazioaren Kontseiluko kide izendatu zuten, eta aurrerago bertako lehendakariorde izan zen. 2016ko urtarrilean Kontseiluko kide izateari utzi zion. Bere agintaldian, «Aljeria eta Frantziaren arteko adiskidetasun taldea» zuzendu zuen (Aljeria eta Frantziaren arteko harreman onak bultzatzeko taldea).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Zohra Drif» artikulutik itzulia izan da, 2023-04-07 data duen 203033180 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-04-07 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c (Gaztelaniaz) Domingo Pérez, Concha Mujer y desarrollo, Quaderns feministes (5. liburukia), Instituto Universitario de Estudios de la Mujer, Universitat de València, 2005, 232 or., 108. or.
  2. Courrière, 2005, or. 745
  3. (Frantsesez) Zohra Drif répond à Yacef Saâdi, Gilbert Meynier et Mohamed Harbi. algerie patriotique 2014ko otsailaren 9a (Noiz kontsultatua: 2023-06-13)..
  4. (Frantsesez) Souiah, Sid-Ahmed. (2012). Algérie, 50 ans après. 81 Ed. L'Harmattan ISBN 978-2-296-99405-8. (Noiz kontsultatua: 2023-06-11).
  5. (Frantsesez) Chambonnet, Pauline; Cousin, Laure. (2012-04-02). «Attentat du Milk Bar : rien, Zohra Drif ne regrette rien. Compte rendu de Marianne de la communication de Drif. (Publié dans La Tribune)» Djazairess (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
  6. (Frantsesez) «Réponse de Zohra Drif à Danielle Michel-Chich - Vidéo Dailymotion» Dailymotion (Marianne) 2012-04-01 (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]