David McTaggart

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
David McTaggart
David McTaggart and Steve Sawyer (608634311).jpg
Bizitza
Jaiotza Vancouver1932ko ekainaren 24a
Herrialdea  Kanada
Heriotza Paciano2001eko martxoaren 23a (68 urte)
Heriotza modua istripua: trafiko istripua
Jarduerak
Jarduerak badminton jokalaria, ekintzaile ekologista eta organizational founder Itzuli

David McTaggart (Vancouver, 1932ko ekainaren 24a - Perugia, Italia, 2001eko martxoaren 23a) kanadar ekologista izan zen. Greenpeace taldearen sortzaileetako bat da, eta erakundearen bozeramailea izan zen 1979tik 1991ra arte. 1971n Frantziak Zeelanda Berrian arma nuklearrak probatzeko saioak egin zituenez geroztik, ekologia-auzietara lotu zitzaien buru-belarri. 1960ko hamarraldian Kaliforniara joan zen, eraikin-kontratista eta eragile gisa lan egitera. Guztiz hunkituta geratu zen bere langileetako bi eztanda baten ondorioz zauritu zirenean.

1971n, Greenpeace International erakundearen sorreran parte hartu zuen Zeelanda Berrian. Hurrengo urtean mundu osoaren arreta erakarri zuen Frantziak arma nuklearren beste saio bat egin behar zuen lekura, Mururoa atoloira, agertu zenean bere belaontzi txikiarekin (Vega izenekoa, Greenpeace III izenaz bataiatua gero). Ontziaren presentziak, legezko leku batean ainguratua zegoela, saioak bertan behera uztera behartu zuen Frantziako gobernua. Azkenik, Frantziako gerraontzi bat belaontziari oldartu zitzaion. McTaggart, bere ontzia konpondu eta gero, leku berera itzuli zen urtebete geroago, Australiako eta Zeelanda Berriko Langile Alderdiko kide batzuekin batera. Frantziako militarrek jipoitu egin zuten, eta McTaggartek auzi luze bat hasi zuen haien kontra. Bien bitartean Greenpeace erakundea zabalduz joan zen munduan zehar. 1985ean Greenpeaceko beste ontzi bat, Rainbow Warrior, Mururoa atoloira joan zen ostera Frantziaren saio nuklearren aurka protesta egitera. Aucklandeko portuan ainguratuta zegoela, leherketa batek ontzia hondoratu zuen eta Greenpeaceko argazkilari bat hil zuen. Leherketarekin zerikusia zutelako atxilotu zituzten bi pertsonak Frantziako zerbitzu sekretuetako kideak ziren; Zeelanda Berrian epaituak eta zigortuak izan ziren. Frantzian, auziak kolokan jarri zuen gobernua, eta goi-mailako bi ofizial karguetatik kentzera behartu zituen.

2001ean, auto-istripu batean hil zen, Italian, bera bizi zen lekutik gertu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David McTaggart Aldatu lotura Wikidatan