Donostiako Udalaren Hiriko Telefono Sarea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako Udalaren Hiriko Telefono Sarearen egoitza, San Martzial kalean.

Donostiako Udalaren Hiriko Telefono Sarea Donostiako hirian 1909tik 1970ra erabili zen udal telefono sarea izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen amaieran hedatu ziren lehen telefono lineek hainbat enpresariren etxe partikularrak eta Donostian edo inguruko herrietan kokatutako haien negozioak lotu zituzten. Esaterako, Brunet (1883), Osácar (1883), Durás (1887), Ubarrechena (1888), Buerba (1888), etab. Horrekin batera, sare ofizial bat ere hedatu zen (1886), Gobernu Zibila Alkatetzarekin, Telegrafoekin eta Guardia Zibilarekin lotzeko. Aldi berean, hainbat konpainia pribatuk zerbitzu batzuk ezartzen ahalegindu edo erabiltzen hasi ziren.[1]

Compañia Peninsular de Teléfonos delakoak esleipen bat zuen Donostiako hiri sarerako, eta 1908ko ekainean zuen epemuga.[1] Bere egoitza hiriko San Martzial, 4 helbidean zegoen.

1908ko irailaren 25ean, Donostiako hiri sarean zuen esleipenaren epemuga hiru hilabetez gainditu ondoren, sarearen ustiapenerako enkantea iragarri zen, Errege Agindu bidez, 1907ko irailaren 9ko Errege Dekretuko oinarrien arabera. Tanteo eskubidea eskaini zitzaion Donostiako Udalari, eta honek erabili egin zuen eskubidea.[1]

Donostiako Udalak hiriko telefono sarea ustiatzeko esleipena 1908an bereganatu zuen, eta 1970eraino eduki zuen; urte horretan, Felipe Ugarte alkatea izanik, Udalak enpresa Espainiako Compañia Telefónica Nacional delakoari saldu zion.[1][2]

Donostiako telefono zentrala eta abonatuen estazioa instalatzeko lana Anbereseko Bell Telephone enpresari esleitu zitzaion: "Aurreko kopuruak oinarri harturik, Telefono Zentrala eta Abonatuen Estazioak instalatzeko lanen guztizko kostua 127.145 franko izango da".[3] Instalazio horretarako gastuak ordaintzeko, Udalak aurrerakin bat eskatu zion Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalari, eta honek 3,75eko interesarekin eman zion.[4]

Goiko solairuan eta sotoetan telefono zentrala kokatzeko, Hondarribia kalearekin izkina eginez, San Martzial kalean zegoen Sorospen Etxearen eta eskolen eraikin eta materialek zuten asegurua handitzea aztertu zen Udal Batzarrean.[5]

1909ko abenduaren 15eko Udal Batzarrak proposatu zuen "Udalaren Telefono Zentralaren instalakuntza amaiturik, hilaren 18an, arratsaldeko 5 eta erdietan,  telefono zerbitzuaren inaugurazio ofiziala lunch baten bidez ospatzea".[6]

Emakumeen lana, XX. mendearen lehen herenean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako telefono zentralita 1926an - Kutxa Fototeka

1903an, ekainaren 9ko Errege Dekretuan, Arautegi berri bat onartzen da, telefono zerbitzuaren ezarpena eta ustiapena berrantolatzeko. Bere XI. Atalean -Telefonoetako langileak-, lanpostuek izango zituzten izenak, eginkizunak eta soldatak zehazten ziren.

Besteak beste, 119. artikuluan hainbat jarraibide zehazten dira emakumeak telefonista lanetan onartzeko: "Ezinbestekoa izango da, gutxienez, hiru hilabetez aritu izana ikasle modura, eta, eskabidearekin batera, honakoak aurkeztu beharko dituela: gaitasun agiri bat, ikasketa egin duen Estatuko Sareko Zuzendariak sinatua; beste agiri bat jokabide zuzena izatearena, dagokion Agintariak emana; eta jaiotza agiria. Lanean hasteko adina hamasei urtetik hogeita bostera bitartekoa izango da".[7]

Donostiako udalak onartu zuen Anbereseko Bell Telephonek egindako eskaintzak honako baldintzak ezartzen zituen emakume telefonistek lan egingo zuten instalazioetarako: "Zehazki Donostiarako izango den Zentralak, Batzordearen onarpenerako aurkezten dugunak, batetik, babes eta loturarako tarteko gailuak eta energia sortzeko edo metatzeko Estazioa izango ditu eta, horiekin batera, bederatzi mahai egongo dira,1.080 abonaturentzako udal kommutadore anizkunaren koadroa osatzeko, eta telefonista bakoitzak, zerbitzu handieneko orduetan, 120 abonatu izango ditu bere ardurapean, hori izanik zerbitzu akatsgabea bermatzen duen kopurua".

"Udal arteko zerbitzurako beste bi koadro egongo dira, eta horra bideratuko dira Probintziako Zentralarekin eta Udalartekoarekin lotzeko lineak. Koadro bakoitzak 30 linea bilduko ditu eta telefonista bat arituko da bertan. Anizkunaren Aretoan, mahai bat egongo da Telefonista Zaintzailearentzat; honek uneoro ikusiko du gainerako telefonista guztiek egiten duten lana eta haiekin komunikaturik egongo da eta zaintza seinaleetarako lanparak edukiko ditu".[3]

Donostiako Udalaren Osoko Udal Batzarraren 1909ko martxoaren 17ko 11. Akta.

Instalazio berrietarako eraikuntza lanak egiten ziren bitartean, honakoa erabaki zuen Udalak: "Telefono Zentraleko langileek, aldi batez, orain arte bezala jarraituko dute beren zerbitzua eskaintzen, harik eta Zentral berria jardunean hasi arte, eta, ordurako, dagokion Arautegia osatuko da zerbitzu berri horren ustiapena arautzeko".[8]

Zentral berria irekitzeko "proposamena da, zerbitzua  eskaintzeko hamasei telefonista eta bi zaintzaile behar direnez, beren karguetan finkatzea gaur egun Zentral zaharrean zerbitzua eskaintzen duten bederatziak, eta beste bederatzi plaza lehiaketara ateratzea aldez aurretiko azterketa bidez, eguneko hiru pezetako soldatarekin......., honako oinarrien arabera: 1. Hautagaiak espainiarrak izango dira, 18 urtetik gorakoak eta 35 urtetik beherakoak, aurrekari onekoak, Alkatetzaren ziurtagiri bidez egiaztaturik, eta kargua betetzeko nahiko gaitasun fisikoa dutenak. 2. Nahikotasun azterketan egiaztatu egin beharko dute zuzen irakurri eta idazten dakitela eta aritmetikako lau eragiketak egiten dakitela, zenbaki osoekin nahiz dezimalekin. 3. Lehentasunezko baldintza izango da euskara, frantsesa edo ingelesa jakitea..."[9]

Abuztuaren 11ko osoko udal batzarrean, azterketak eginak izanik, telefonista berrien izendapenerako proposamena egiten da.[10]

1928an, Udala Funtzionario eta Enplegatuen Arautegia osatzeko proiektu bat aztertzen ari zen, eta sailetatik hainbat eskaera aurkezten zituzten. Maria Gurruchaga andreak eta ezkontideak eta Julia Gallastegui andreak eta ezkontideak, biak Udalaren Telefono Sareko langileak, bereizitako eskaera bidez, batetik, emakumezkoen kidego laguntzaile bat sortu zedin eskatu zuten, eta, bestetik, soldata hobekuntza. 1928ko azaroan 38 langile zeuden Telefonoetako Kidegokoak.[11]

Donostian, emakume telefonistentzako bigarren azterketa deialdia 1920ko maiatzean egin zen, eta azterketek 5/6 egun iraun zuten. Ekaineko lehen egunetan egin zituzten izendapenak. Garai honetan, lan ordutegia goizeko 7etatik arratsaldeko 2etara eta arratsaldeko 2etatik gaueko 10etara izan ohi zen, txanda bakoitzak ordu erdiko atsedenaldia izanik. Gaueko txanda egiten zutenek ordu gutxiagoko txanda egin ohi zuten. Hilean 200 pezetako soldata zuten, eta beste nolabaiteko zerbitzuren bat egiten zutenean, esaterako, beste leku batera joatea (Irun) hutsune bat estaltzera, egunean 10 pezeta gehiago ordaintzen zitzaien. Urtean 15 eguneko opor ordainduak zituzten. 1936. urtean, dagoeneko, 52 emakume ari ziren.[12]

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz) Redes Telefónicas Urbanas de San Sebastian - Wikitel. (Noiz kontsultatua: 2017-02-17).
  2. (Gaztelaniaz) «El ayuntamiento donostiarra acordó la venta del teléfono» Atzoko Prentsa digitala-Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2017-2-17).
  3. a b «Donostiako Udal Batzarreko 4. akta, 1909ko urtarrilaren 29koa.» Donostiako Udala (Donostia): 87,88,89...
  4. «9. akta, 1909ko martxoaren 3koa.» Donostiako Udalbatza: 219-220-221..
  5. «12. akta, 1909ko ekainaren 12koa» Donostiako Udalbatza: 285-286...
  6. Donostiako Udalbatza: 493-494..
  7. Estatuko Aldizkari Ofiziala in: Colección Historia. Gaceta de Madrid,. (167) 1903-6-16.
  8. «11. akta, 1909» Donostiako Udalbatza. Udal artxibategia.: 255..
  9. «5. Akta, 1909ko uztailaren 28koa.» Donostiako Udalbatza. Udal artxibategia: 154..
  10. (Gaztelaniaz) «7. akta, 1909ko abuztuaren 11koa. DE LA COMISIÓN ESPECIAL DE TELÉFONOS PROPONIÉNDO EL NOMBRAMIENTO DE TELEFONISTAS Y SUPLENTES. «“Esta Comisión hace suyo el dictamen emitido por el Tribunal nombrado para los exámenes de Telefonistas y en su consecuencia tiene el honor de proponer a V.E. se provean la 9 plazas en el orden siguiente.= Telefonista nº 1, Sta. Maria Martiner.- Telefonista nº2, Sra. Modesta Arangoa.- Telefonista nº3, Sta. Ignacia Martinez.- Telefonista nº4, Sta. Maria Claudia Miron.- Telefonista nº5, Sta. Maria Souhourt.- Telefonista nº6, Sra. Matilde Inza.- Telefonista nº7Sta. Francisca Tobalina.-Telefonista nº8, Sta. Maria Carton.- Telefonista nº9 Dionisia Arruti.= Y que las plazas de telefonistas suplentes sean ocupadas en el orden que a continuación se expresan; Suplente numero 1, Sta. Pilar Santa Cruz.- Suplente numero 2, Sta. Aurelia Lloret.- Suplente numero 3 Sta. Maria del R. Serrano.- Suplente numero 4 Sta. Lujan Beltrán- Suplente numero 5. Sta. Rosario Garaia Elustondo.= V.E. sin embargo con su alto criterio resolverá lo que estime mas conveniente.= San Sebastián 10 de agosto de 1909.= Por la comisión de teléfonos. El Alcalde Presidente, J. De Satrustegui.”».» Donostiako Udalbatza. Udal artxibategia: 250-251..
  11. «8. akta, 1928ko azaroaren 20koa» Donostiako Udalbatza. Udal artxibategia: 322,23,24,25...
  12. Gorospe Pascual, Begoña (1986). Eusko Emakumeak 1930-1939. (Euskadiko Filmategia, Donostia.).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]