EHUko prekarioen koordinadora

Wikipedia, Entziklopedia askea
EHUko Prekarioen Koordinadora
Datuak
HerrialdeaEuskal Autonomia Erkidegoa
KidetzaEHUko irakasle, ikerlari eta langileak
Sorrera2023
https://twitter.com/EHUPrekarioKoor

EHUko Prekarioen Koordinadora Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) jarduten duen eta bertako irakasle eta ikertzaileak biltzen dituen plataforma bat da, 2023an sortuta. Plataforma UPV/EHUan ematen den prekarizazio egoerarengatik eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (USLO) indarrean sartu zenetik areagotu egin diren lan baldintza txarrak salatzeko sortu zen[1].

Funtsean, plataformak ordezko irakasleek irakasle finkoek egiten duten lan berdinagatik gehienez 800 euroko soldatak jasotzen dituztela salatzen du. Ordezkoen ikerketa lana (ordaindu gabea) eta aurre egin behar duten irakaskuntza zama gehiegizkoa da eta, gainera, baldintza egokirik izan gabe. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantziazio falta seinalatzen dute; BPGaren %1 unibertsitatera bideratuta dago eta horren %0,4 inguru EHUk jasotzen du.[1]

Gatazka ikusarazteko eta konpontzeko bidean aurrera egiteko asmoz, 2023ko urriaren 11an, Euskal Autonomia Erkidegoko lau indar sindikal nagusiek (CCOO, LAB, STELIAS eta ELA) deitutako greba-eguna egin zen, eta bertan hartu zuen parte plataformak.[2]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USLO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (USLO) Unibertsitateen jarduerari eragiten dioten hainbat berrikuntza ditu aurreko legearekin alderatuta gobernantzaren eta karrera akademikoaren esparruan. 2023ko martxoaren 23an EAOn Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa argitaratu egin zen. Diputatuen Kongresuak martxoaren 9an onartu zuen, Lege Organikoa onartzeko beharrezkoa den gehiengo osoarekin: aldeko 182 boto, kontrako 157 boto eta 8 abstentzio. USLO 2023ko apirilaren 12an indarrean sartu zen. [3]

USLOk guztiz indargabetzen du aurreko Unibertsitateen Lege Organikoa (ULO), unibertsitateen Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) eta lanbide sanitarioen antolamenduari buruzko bi azken xedapenak izan ezik. Gainera, indargabetu egiten da 14/2012 Errege Lege Dekretua, hezkuntza-eremuan gastu publikoa moldatzeko premiazko neurriei buruzkoa. Bestalde, maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, lege honetan ezarritakoaren aurkakoak badira indargabetzen dira ere.[4]

EHUko Prekarioen Koordinadorak egindako kontzentrazioa

Plataformaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

USLO onartzearekin batera ordezko irakaslearen figura sortu eta berrestea dakar, dagoeneko Estatuko unibertsitate batzuetan existitzen zena. Plataformaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, lehendik ere antzeko figura bat zegoenez, egungo errektoretza-taldeak estatus legal berri hau baliatzen ari da. Izan ere, errektoretzak lege organikoak egiten duen interpretazio murriztailearen haritik, irakasle ordezkoak are gehiago prekarizatzeko, sailen kudeaketa oztopatzeko, unibertsitateko karrera kaltetzeko eta, batez ere, irakaskuntzaren kalitatea kaltetzeko baliatu du legea. Euskal Unibertsitate Publikoko hamar irakasletik bat baino gehiago ordezkoa da, eta horrek esan nahi du graduetan ematen diren irakasgaien zati zabal bat langile horien eskutik ematen direla.[5]

ARGIA aldizkarirako egindako elkarrizketa batean Jon Azkune, plataformaren kidea eta EHUko ordezko irakaslea, salatzen du OSLUren interpretazio murritza:

Orain arte, egiten dugun lanaren hiru dimentsio hartu ditu kontutan EHUk gure soldata justifikatzeko: zati bat ordaintzen digu irakasle lanagatik, bigarren bat ikerketagatik, eta hirugarrena kudeaketa lanengatik. USLOren 80. artikuluak dio printzipioz ordezko irakasleak ez direla arituko jardunaldi osoan –24 kredituko eskola-ordu, ohikoan–: irakaskuntza zama 18 kreditura jaitsi behar da. Eta zehazten du baita ere ordezkoek ez dutela ikerketa lanik egingo. EHUk erabaki duena da: ados, jaitsiko dugu irakaskuntza zama 18 kreditura, eta ez dugu ordainduko ez ikerketa ez kudeaketa lanagatik. Praktikan zer ekarriko du horrek? Ordezko irakasleak 800 euro jasoko ditugula, orain arte 2.000 euro pasatxoko soldatak genituenean. EHUk diru asko aurreztuko du, baina ordezko irakasleon lan zama oso antzekoa izango da.[6]

2023/2024 ikasturtean hartu ziren neurriez kezkatuta, EHUko irakasle eta ikertzaile talde bat EHUko Prekarioen Koordinadora sortzen dute 2023ko uztailan.[7] Hortaz ikasturtea hasi baino lehen, EHUko 1.142 irakasle eta ikertzailek sinatutako artikuluak argitaratzen dira errektoretza-taldea gonbidatzen du, bere araudiaren aurka, egiten ari den USLOren interpretazioa berriz aztertzera.[1] Ikasturtea hasi baino lehen ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek salatu zuten EHUko irakasle eta ikertzaileen egoera USLOren ezarpen murritzarekin eta hurrengoa exijitzen zuten:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak, …) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lan-poltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
  4. Eusko Jaurlaritzari modu esanguratsuan gehitzea EHUri bideratutako finantziazioa lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko eta UPV/EHUko zuzendaritzari finantzazio gehigarri horren beharra adieraztea eta publikoki lan egitea haren alde.[8]

Sindikatuek mobilizazio dinamikak abiatzeko asmoa eta, unibertsitatearen aldetik negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik ezean, Greba deialdia ere egiteko irailetik aurrera adierazi zuten.[8]

U-11 greba deialdiaren kartela

U-11 greba egunaren deialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitatearen isilune luze baten ostean, Federico Recart Irakasle eta Ikerketako errektoreordeak eta Eva Ferreira Errektoreak adierazpen batzuk egin zituzten. Alde batetik unibertsitateak ordenantza berria betetzen duela adierazi zuten legearen 80. artikuluaren hainbat azpititulu aipatuz, eta prekarizatutako ordezko irakasleen arazorik ez dagoela azpimarratuz.[9][10]

Honen aurrean CCOO, LAB, STEILAS eta ELA irailaren 20an Leioako kanpusean egindako prentsa-aurrekoan, irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzak prekarizatzearen aurkako urriaren 11ko greba-deialdia publiko egin zuten.[11] EHUko Prekarioen Koordinadora deialdira batuko zen eta beste eragile batzuei grebara egitera deitu zien.

Greba eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHUko Prekarioen Koordinadorak egin duen grebaren balorazioaren arabera arrakastatsua izan zela adierazi zuen. Sindikatu eta plataformaren ustez, parte hartzea %85 ingurukoa izan zen irakasle guztiei dagokienez, eta are handiagoa ordezko irakasleen kolektiboan. Plataformaren ustez, datu horiek agerian uzten dute bai sindikatuen, bai plataformak ordezkatzen duen aldarrikapenen babes zabala, eta erakusten dute unibertsitate komunitateak ez duela ulertzen egungo errektore taldeak arazo horren inguruan duen jarrera.

Horretaz gain, plataformak jakinarazi du kolektiboa osatzen duten irakasleek eta ikertzaileek determinazioa dutela salaketa eta mobilizazio dinamika horiekin jarraitzeko, egoera konpontzeko beharrezko neurriak hartu arte.[12]

Ikuspegi teorikoak EHUko gatazkan: Agenda Klasikoa eta Agenda Berria (MTT)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazka eta, orokorrean, ekintza liskartsuen azterketaren inguruan lana egin duten autore nagusiak bi taldeetan banatu daitezke: batetik, Agenda Klasiko bezala definitu den hurbilpen teorikoaren autoreak (Diani, Della Porta, Wilson, Tilly) eta bestetik, Agenda Berriaren autoreak: McAdam, Tarrow eta Tilly (MTT). Beraz, gatazkaren azterketa eta honen inguruko ekarpen teorikoak bi etapa edo ikuspegi ezberdinetan banatu daitezke modu berean: Ikuspegi klasiko eta honi loturiko azterketa ereduak eta klasikoaren kritika bezala Agenda Berriaren bidetik azaldu ziren tresna analitiko berriak.

Agenda klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agenda Klasikoak gatazka eta ekintza kolektiboa aztertzeko lau kategoria nagusi planteatzen ditu Diani eta Della Portaren eskutik. Kategoria horiek hurrengo laurak dira: aukera politikoen egitura, protestarako ekintza motak, mobilizaziorako egitura eta diskurtso motak. Bere ekarpen nagusiak Social Movements (1999) [13] liburuan garatzen dira.

Aukera politikoen egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi honek testuinguruari jartzen dio arreta. Izan ere, honek protesta erraztu ala zaildu baitezake. Horrela une politiko aproposa aurkitzeak protestaren arrakasta ekar dezake. Horretarako bi aldagai mota aurreikusten dira: egonkorrak eta ezegonkorrak.

Egonkorrak, erakundeen egitura eta kultura politikoa dira. Alde batetik, erakundeen egiturak erreferentzia egiten dio estatuaren irekitasun edota sendotasunari. Tilly-ren (2007)[14] ekarpenak gai honetan funtsezkoak gertatu dira. Gatazkari urrutitik erreparatuz, Sindikatuek askok salatu izan duten moduan hezkuntza izan da pribatizaziorako arriskuan dagoen sektore publiko nagusietako bat, eta Bolonia ostetik, hainbat pribatizazio gauzatu izan dira unibertsitateko telekomunikazioen esparruan[15]. Beraz, esan daiteke kasu honetan EHUk sendotasuna proiektatu izan duela, erabakiak alde bakarrez hartuz. Era berean, testuingurua gogortzen denean, hau da, pribatizazioak gero eta nabariagoak bilakatzen hasten direnean eta instituzioko irakasleak ikutzen dituztenean, orduan, erabaki zen protesta egitea. Beraz, une politikoa gutxi asko ona izan zen. Era berean, EAEko kultura politikoari dagokionez, nabarmendu behar da gatazka politikoa, erresistentzia eta erantzuna, bereziki erroturik duen komunitatea dela, esate baterako, 2023an Espainiar Estatuan gauzatu izan ziren greba guztietatik %56a EAEn izan ziren[16]. Horrek, de facto, testuinguru ala baldintza politiko honetan kokatu egiten du EHUko prekarioek abiaturiko protesta.

Protestarako ekintza motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leioako kanpusean egindako eserialdia

EHUko prekarioen koordinadorak gauzaturiko protesta motak onargarriatsun sozial maila handikoak izan zirela esan daiteke. Esan daiteke continuumaren logika jarraitu zutela, hau da, protestaren errepertorioa gradualki inplementatzen joan zirela greba egunera arte. Dena den, ekintza disruptiboren batetaz gain, protesta guztiak legaltasunaren markoan koka daitezke. Nabarmentzekoa da, EHUko prekarioen koordinadorak protesta forma berritzaileak mahaigaineratzeko duen gaitasuna: Quevedoren abestiak baliatzetik, greba egunean itsasontzi bat alokatzera doazenak[17].

Protestaren izaerari dagokionez, protesta egiten zutenek kanpo errealitatea aldatu nahi zuten, hau da, ordezkoek hasiera batean zuten soldata berriz ezartzea nahi zuten. Beraz, protestak izaera politikoa markatua izan zuen. Hala ere, izaera kulturala zuela ezin uka daiteke. “EHUk diru asko aurreztuko du, baina irakasleon lan-zama oso antzekoa izango da” [6] esaldien atzean, bi ikuspegiren talka aurki daiteke. Alde batetik, dioena gizakiak gizaki izate soilagatik oinarrizko eskubide batzuk dituela eta horiek bermatzeko beharrezkoa dela Estatu bat zerbitzu, ondasun eta ehun publiko batzuekin behar horiek bermatzeko, eta beste alde batetik, estatu eta behar horien gainetik irabazi eta kostuak jarri behar direla dioena. Beraz, izaera kultural inplizitu bat badu ere.

Mobilizaziorako egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arestian deskribaturiko babes sindikala zabalak dakar, EHUko prekarioen koordinadorak babes eta bitarteko ezberdinak eskura izatea bere ekintza kolektiboa gauzatu ahal izateko. Izan ere, sindikatuek laguntza handiak eskeini diezaikete protesta egiten dutenei, doazenak euren oinarrien babes mobilizatzailetik, grebalarien soldatak ordaintzeko erresistentzia kutxa handietara.

Protestaren antolaketa formari dagokionez, subjektua bera, prekarioen koordinadora, sare (informala) bezala tipifikatu daiteke. Baina, sare horrek aipatu bezala hainbat antolakunde (formala) ditu atzetik. Protesta antolatzeko dualismo horrek testuingurura moldatzeko gaitasuna ematen du. Alde batetik, esferbeszentzia handiko uneetan sareen bitartez jendea mobilizatzea errazagoa izaten baita eta bestetik, beheraldietan antolakunde egonkorrek protesta mantentzea ahalbidetzen dutelako[13].

Diskurtso motak.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHU-ko logoa

Markogintzari dagokionez, EHUko prekarioen koordinadorak atal nagusiak era argi batean azaldu egiten ditu: alde batetik, arazoaren identifikazioa egiten du: “Praktikan zer ekarriko du horrek? Ordezko irakasleak 800 euro jasoko ditugula, orain arte 2.000 euro pasatxoko soldatak genituenean. EHUk diru asko aurreztuko du, baina ordezko irakasleon lan zama oso antzekoa izango da.” [6]. Funtsean, irakasleek antzeko lana egingo dutela, baina diru askoz gutxiagoren truke, horrela injustizia osagaia agerikoa eginez. Halaber, erantzuleak eta aurkaritza markoak ezarri egiten ditu: errektoretza eta askotan salatu izan duten Eva Ferreira. Bestetik, EHUko prekarioen koordinadorak arestian jasotzen den aldarrikapen taula egin zuen sindikatuekin batera, horrela identifikaturiko arazoari konponbide proposamen bat emanez.

Agenda berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agenda Klasikoaren ekarpenek azalpen gaitasuna galdu zutenean Agenda Berriaren ​ikuspegia batu zen gatazka edo ekintza liskartsuaren azterketan. Kasu eta gatazka honen azterketa bideratzeko, ikuspegi berri honek hiru tresna analitiko baliatzen ditu: mekanismoak, prozesuak eta liskarrak. MTT deituriko autore hauen lan garrantzitsua izan zen Dynamics of contention (2001)[18] liburua.

Mekanismoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nortasunari lotutako mekanismoen arloan, kasu honetan eragileak unibertsitateko irakasle ordezkoek hartu zuten garrantzia nahiz eta beste irakasle eta langile ere protesta honekin bat egin. Irakasle hauek plataforma bidez antolatu ziren, zehazki EHUko Prekarioen Koordinadoraren bidez. Beraz, hau litzateke eragile nagusia. Bestalde, sindikatuek (ELA, LAB, STELIAS, CCOO) bide beretik protestarekin bat egin eta bere babesa eskaini zuten.

Bere nortasuna, aditzera eman zituzten aldarrikapenen harira honakoa litzateke: antolatutako irakasleak ziren, soldata baxuak, ordezkoen arazo estrukturalak eta orokorrean Euskal Herriko Unibertsitateko langile prekarioen egoera salatzeko eta baldintza hobeagoak lortzeko[19].

Bere ekintza gehienak agerraldi publikoak, manifestaldiak (Unibertsitatearen hiru kanpusetan, hiriburuetan, Eusko Legebiltzarran eta Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan) eman dira. Hortaz, akzio gehienak ekintza arautuak izan dira, hau da, legeriak onartutako ekintzak. Horretaz aparte, ekintza disruptibo edo ez-aratuak ere gertatu dira, honen adibide dira Leioako Kanpusean batez ere emandako eserialdiak autobusen aurrean.

Mekanismo motei dagokienez, lan gatazka honetan "artekariaren" figura eman da. MTTren arabera, artekaritzak, lehen loturak ez zeuden edo behintzat isolatuak zeuden sektoreak elkartzen ditu, eta honekin batera, sektore horiek aldarrikapenak aditzera emateko eragile berriak sortuko ditu nortasun berri bat ere eraikiz. Gatazka honen kasuan, artekaritza lanak EHUko Prekarioen Koordinadorak eraman ditu aurrera. Izan ere, plataforma honen bidez, lehen harremanak ez zituzten sektoreak (irakasleaz gainera beste unibertsitateko langile prekarioak) batu egin ditu, nortasun kolektibo berri bat eraikiz.

Nahiz eta gatazka hau berria izan, liskarraldiaren garapenari lotutako botere lehiaren mekanismoa identifikatu daiteke. Botere lehia kasu honetan, errebindikatzaile eta autoritatearen artekoa izan da. Autoritatearen figura Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzan kokatu daiteke eta errebindikatzaileena berriz irakasle (ordezkoak gehienbat) eta langileetan antzematen da. EHUko Prekarioen Koordinadoraren arabera Unibertsitateko Errektoretzaren

eskuetan zegoen USLO legearen interpretazioa egitea (lan baldintza duinak lortzeko) eta jarrera ez negoziatzaile bat hartu du gatazka honen inguruan [20] . Errektoretzak bere aldetik, ordezko irakaslean kontratazio beharrak murrizteko plan bat diseinatzen ari dela aditzera eman du[21].

EHUko Prekarioen Koordinadoraren kontzentrazioa Arabako Kanpuseko Errektoreordetzan

Prozesuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldarrikapenak entzunak izan daitezen abiatutako prozesuetan, eskala aldaketa bat eman da. Hau da, hasiera batean egoera prekarioan zeuden langileak antolatu gabe zeuden. Ondoren, behin antolatzen hasita, pixkanaka inguruko langile eta ikasleak egoeraren berri izaten hasi ziren, protesta hedatzen hasi zelarik[11]. Eraginez, geroz eta antolaketa sendoagoa edukitzen hasi ziren, indartzeko EHUko Prekarioen Koordinadora eratu zelarik[7]. Saretze honen ondorioz, pixkanaka ekintza koordinatuak burutzen hasi ziren, hala nola, eserialdiak (ekintza disruptiboa), grebak, bideo informatiboak etab[6].

Liskarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EHU-ko langileen gatazkak izaera liskartsua izan zuen, greba deialdiaren, eserialdien, bideoen, twiterreko aktibismoaren bidez esaterako. Horrez gain, nabarmentzekoa da gatazka bide baketsutik (protesta arautua) burutu zela, demokratizazioaren eraginez gatazkaren forma apaldu baita. Azken batean, lan baldintza duinak modu publikoan aldarrikatzean, demokratizazioak mugatzen ditu. Gainera, aldarrikapenenak gainerako langileetara eta ikasleetara zabaltzea helburu izateak ere, gatazkaren forma apaltzea eragiten du[8].

Bestalde, liskarrak aurrera eramateko, langile prekarioen eta haien egoera salatzen duten bestelako langileen arteko konfiantza sarea eratu da, lan baldintza duinak aldarrikatu dituztelarik, harremana indartze aldera koordinadora sortu delarik[7]. Era berean, ordezkoak diren langile eta ez diren langileen arteko desberdintasunekin amaitzea eskatu dute, denek lan baldintza berdin eta duinak izan ditzaten[21].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «https://twitter.com/EHUPrekarioKoor/status/1712124603319894295» X (formerly Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  2. «https://twitter.com/JonMartwit/status/1712110082001936598» X (formerly Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  3. (Gaztelaniaz) User, Super. (2023-12-02). «Ley Orgánica 2/2023, de 22 de marzo, del Sistema Universitario (Publicada en BOE núm. 70, de 23/03/2023)» UGT en la UCO (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  4. (Gaztelaniaz) «Contenidos principales de la LOSU -» www.universidades.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  5. (Gaztelaniaz) Odriozola *, Estibaliz Sarrionaindia/ Olatz Zuluaga/ Onintza. (2023-09-08). «¿“Excelencia docente e investigadora” por 800 euros al mes en la UPV/EHU?» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  6. a b c d «"Gauzak aldatzen ez badira, greba egongo da"» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  7. a b c «https://twitter.com/EHUPrekarioKoor/status/1679803079573614593» X (formerly Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  8. a b c xabin. (2023-07-18). «EHUn lan baldintza duinen alde: prekarizazio eta murrizketa gehiagorik ez!» Steilas (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  9. «https://twitter.com/EHUPrekarioKoor/status/1703508355870794139» X (formerly Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  10. «Errektoretzak ez zuen espero arreta ordezkoen egoeran jarriko zenik» Berria 2023-09-15 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  11. a b «EHUko ordezkoen egoera salatzeko, greba egingo dute urriaren 11n» Berria 2023-09-20 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  12. «EHUko irakasleen eta ikertzaileen grebak «oso erantzun zabala» izan duela diote sindikatuek» Berria 2023-10-11 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  13. a b (Gaztelaniaz) «Social movements : an introduction | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  14. Tilly, Charles. (2003). Contention and Democracy in Europe, 1650–2000. Cambridge University Press  doi:10.1017/cbo9780511756092. ISBN 978-0-521-83008-9. (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  15. (Gaztelaniaz) Upv/Ehu, Lab. (2020-06-10). «LAB se adhiere a la Plataforma contra la privatización en la UPV/EHU» LAB UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  16. (Gaztelaniaz) Ferreras, Belén. (2023-09-09). «Los sindicatos vascos calientan motores para un otoño conflictivo, que complicará el final de legislatura a Urkullu» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  17. (Gaztelaniaz) Ferreira, Maialen. (2023-10-11). «En el barco de la precariedad: profesores e investigadores de la Universidad pública vasca llevan su primera huelga al agua» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
  18. McAdam, Doug; Tarrow, Sidney; Tilly, Charles. (2001). Dynamics of Contention. Cambridge University Press  doi:10.1017/cbo9780511805431. ISBN 978-0-521-80588-9. (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  19. SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-10-11). «Irakasle eta ikertzaileen prekarizazioaren aurkako greba eguna EHUn, «jarraipen zabalarekin»» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  20. (Gaztelaniaz) «LAB, Steilas y ELA anuncian movilizaciones contra la política de sustitución de profesorado de UPV» EITB 2023-07-18 (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).
  21. a b (Gaztelaniaz) EP, NTM /. (2023-09-20). «Los sindicatos convocan una huelga el 11 de octubre contra la "precariedad" del personal docente e investigador de la UPV/EHU» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-12-02).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://twitter.com/EHUPrekarioKoor. EHUko Prekarioen Koordinadora
  2. https://twitter.com/iraiaskatuta_/status/1712008078403502522
  3. https://www.youtube.com/watch?v=SLSoPwX0aW4&t=35s
  4. https://www.youtube.com/watch?v=MUd9RS17YJw
  5. https://www.youtube.com/watch?v=2IUXM-HTWSo
  6. https://www.ela.eus/eu/gizalan/irakaskuntza/albisteak/greba-urriaren-11n-lan-baldintzen-prekarizazioa-salatzeko
  7. https://twitter.com/AiaraGBK/status/1712093475808681993
  8. https://twitter.com/EHUPrekarioKoor/status/1713627638470762833
  9. https://twitter.com/STEILAS_/status/1712053431077142602
  10. https://twitter.com/EHUPrekarioKoor/status/1714539256033456136
  11. https://hiruka.eus/ehu/1697040579213-ehuko-irakasle-eta-ikerlariek-euren-prekarietatea-salatzeko-greba-egin-dute-gaur
  12. https://labehu.eus/wp-content/uploads/2021/12/0_Kontzentrarako-komunikatua_EUS_CAS_v4.pdf
  13. https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/videos/detalle/9329598/video-profesores-e-investigadores-de-upvehu-secundan-paro-para-denunciar-precariedad/
  14. https://www.eitb.eus/es/radio/radio-euskadi/programas/boulevard/audios/detalle/2857390/empleo--la-precariedad-laboral-es-mayor-euskadi-espana/
  15. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/ekonomia/bideoak/osoa/9267950/labek-steilasek-eta-elak-mobilizazioak-iragarri-dituzte-ehuko-irakasleak-ordezkatzeko-politikaren-aurka/