Eladio Viñuela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Eladio Viñuela
Bizitza
Jaiotza Ibahernando1937ko otsailaren 15a
Herrialdea  Espainia
Heriotza Madril1999ko martxoaren 9a (62 urte)
Familia
Ezkontidea(k) Margarita Salas
Hezkuntza
Heziketa Madrilgo Complutense Unibertsitatea
Tesi zuzendaria Alberto Sols
Jarduerak
Jarduerak kimikaria
Jasotako sariak
Kidetza Q60040407 Itzuli

Eladio Viñuela Díaz (Ibahernando, Caceres, Espainia, 1937ko otsailaren 15a - 1999ko martxoaren 9a) espainiar kimikari eta biologo molekularra izan zen; biologia molekularraren aitzindarietako bat Espainian, bere emazte Margarita Salasekin batera.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kimikan doktorea, Madrilgo Biologia Molekularraren Zentroko ikerkuntzako irakaslea, zientzia-elkarte askotako kidea eta Extremadurako gobernuko Nekazaritza Saileko laguntzailea.

Ikasketak bukatu ondoren, 1961etik 1964ra bitartean, Gregorio Marañón Institutuko Entzimologia Sailean aritu zen lanean, legamiaren fosfofrutokinasa entzimaren azterketan, bereziki, eta gibelaren glukokinasa entzima aurkitu zuen.

1964an, doktore-titulua eskuratu ondoren, Estatu Batuetara joan zen, doktorego ondoko lanak egitera, Severo Ochoa zientzialariarekin, New Yorkeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako Biokimika Sailean. 1967an Espainiara itzuli zenean, ikerkuntzan eta irakaskuntzan aritu zen, bere emaztearekin. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Fakultateko Genetika Molekularraren irakasle, Zientzia Ikerkuntzarako Kontseilu Goreneko Biologia Molekularreko Saileko zuzendari, eta Zientzia Ikerkuntzetako Zentroko Gobernu Batzordeko kide izan zen, besteak beste.

Garrantzi handiko papera bete zuen Biologia Molekularreko Severo Ochoa Zentroaren sorreran eta diseinuan, eta erakundeko zuzendari izan zen 1979an. Sari ugari jaso zituen, UNESCOren 1991ko Carlos J. Finley Nazioarteko Saria, besteak beste, bere emaztearekin eta Jean Marie Ghuysen belgikarrarekin batera jaso zuena. Ehunetik gora lan argitaratu zituen, liburu eta zientzia-lanen artean. Glukokinasa entzimaren aurkikuntzaz gainera, aipagarriak ditu Phi29 bakteriofagoari eta txerri-izurritearen birusari buruzko lanak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]