Energia Euskal Autonomia Erkidegoan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Autonomia Erkidegoko energia-kontsumo altuena 2008an gertatu zen; handik aurrera, energia primarioaren erabilera murriztu egin da (2007-11 bitartean, % 16,78; 2010-11 bitartean, % 8,25) baita energia-kontsumoa ere (2007-11 bitartean, % 10,04 eta 2010-2011 tartean, % 4,16), eta hori guztia gas naturalaren eskariaren % 27ko beherakadaren ondorioz gertatu zen bereziki (% 18, petrolioaren deribatuen kasuan).

Bestalde, 1990-2011 tartean energia-nahasketa handia izan da. Ikatz eta petrolioren deribatuak energia primarioaren % 50 izatetik % 39ra pasatu ziren 2000-10 hamarkadan. Ordea, gas naturalak eta energia berriztagarriek garrantzi handiagoa dute gaur egun: gasaren kontsumoa % 21etik % 41ra igo da azken hamarkadan, eta energia berriztagarriak, % 4tik % 7ra.

Aldaketak egon diren arren, EAEn hidrokarburoak, petrolioa eta gasa erabiltzen dira nagusiki lehen mailako energia-iturri gisa (% 90eko kontsumoa guztira). Hala eta guztiz ere, beste herrialde batzuekin alderatuta, adierazgarriak dira gas naturalaren garrantzi handia eta ikatzaren erabilera txikia. Azken horren garrantzia are gehiago murriztuko da, Pasaiako azken ikatz-zentrala termikoa ixtearen ondorioz (2012ko abenduan).

Barne-produkzioaren parterik handiena energia berriztagarrien bidezkoa da, 250 ktpb (kilotona petrolio baliokide) 2000. urtean eta 350 ktpb baino gehiago 2011n.

Oro har, energiaren inguruko egitura-aldaketa handiak gertatu dira. Batetik, 1990eko hamarkadaren hasieratik ikatzaren erabilera asko murriztu da; bestetik, elektrizitateak, gasak eta energia berriztagarriek garrantzi handia hartu dute, batez ere gasaren kasuan (energia-nahasketan ia bikoiztu egin da). Petrolioaren deribatuen erabilera ere handitu da, nahiz eta pisu erlatiboa mantendu den nahasketa osoan.

Energia berriztagarrien pisua ez da oso deigarria EAEko energia-nahasketari dagokionez. Iturri berriztagarriak 2011ko energia eskariaren % 7,1 izan ziren, eta produkzio elektriko berriztagarriak % 5,4 baino ez. Horrela, 2010eko datuekin alderatuta, murriztu egin zen kantitatea, besteak beste, ekoizpen hidrauliko baxuagatik.

Aldaketa horiek guztiak elektrizitate eta gasezko azpiegiturak garatzeko ahaleginarekin batera etorri dira. Egitura energetikoan gertatu diren aldaketek karbono-isurketa gutxiagoko energia-nahasketa sortu dute EAEn, Frantzia eta Finlandiaren atzetik, nahiz eta azken kasu horretan, petrolioa ikatzaz ordezkatzeak antzeko karbono-isurketak ekarriko dituen.

Eraldaketa hori onuragarria izan da, berotegi-efektua sortzen duten gasen isurien indizeen bilakaerarik txarrenetakoa erakusten baitzuen EAEk, Espainiarekin eta Irlandarekin batera. Beheranzko joera nabarmena ikusten da 2006az geroztik, eta horri esker, AEBetako mailan kokatu gara. Horrela jarraituz gero, Finlandia, Japonia eta Frantziaren mailan koka gaitezke.

Azkenik, kontuan hartu behar da EAEren energia-beharrizanen % 94,2 inportatu egiten dela, Europan Luxenburgoren atzetik baino ez (% 96,8). Beraz, gero eta handiagoa den energia-fakturari aurre egiteko, beharrezkoa izango da ahalegin ekonomiko garrantzitsua egitea.

Energia-eskaera eta azken erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde historikoen datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamarkadetan energia-kontsumoa mantendu egin da Bizkaian. Hala eta guztiz ere, pisua nabarmen galdu du EAEko beste lurraldeekiko (1993an kontsumoaren % 57 zegoen bertan, eta 2011n, berriz, % 43). Gipuzkoan hazi egin da kontsumoa, eta pisu osoaren zati handiagoa izatera pasatu da, % 29tik % 38ra. Arabaren kasuan ere gauza berdintsua gertatu da, % 14tik % 19rako igoerarekin. Nolanahi ere, ekoizpena, biltegiratzea eta energiari buruzko erabakiak hartzeko azpiegitura nagusiak Bizkaian daude.

Sektoreka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia-mota bakoitzaren erabilera asko aldatzen da sektorearen arabera. Gas naturala industrian (% 45) eta ekoizpen elektrikoan (% 41) baliatzen da gehien; petrolioaren deribatuak garraioaren sektorean (% 83) erabiltzen dira nagusiki; energia elektrikoa, industrian (% 60) eta zerbitzuen sektorean (% 39).

Azken bi hamarkadetan energia-kontsumoa nabarmen hazi da munduan (1993-2011 bitartean % 25,7). Sektoreka, garraioa eta industria dira eskari handiena dutenak. Elkarren artean, sektore horiek, energia osoaren % 80 kontsumitzen dute EAEn.

Bestalde, energia-kontsumoa areagotu den arren, ekonomiaren, industriaren eta garraioaren energia-intentsitatea oso ona izan da. Esaterako, 2011n % 85ekoa zen, 2010ean baino % 5 handiagoa. Horri dagokionez, EAEren egoera, EBko herrialde gehienetan baino hobea da, Espainia barne. Adibidez, 2011n, Danimarkak, Austriak, Erresuma Batuak eta Irlandak bakarrik izan zituzten datu hobeak.

Industriaren kasuan, energia-intentsitateak bilakaera positiboa izan du, 2011n energia-kontsumoa murriztuz BPG industriala handitzea lortu baitzen. Garraioaren energia-intentsitateak ere eboluzio berdintsua izan du. Hala ere, EAEko industriaren energia-kontsumoa, Europar Batasuneko handienetako bat da.

Industria-sektore nagusiak intentsiboak dira energiaren kontsumoan, hala nola paperaren sektorea eta altzairuaren sektorea.

Hirugarren sektorearen energia-kontsumoa % 20 ingurukoa izan da; zerbitzuak % 58 eta etxebizitza partikularrak % 42. Hirugarren sektoreko energia-eskariari erreparatuz gero, azken hamarkadan, petrolioaren deribatuek lekua utzi behar izan diote energia elektrikoa eta gasari.

Etorkizunari begira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken hamarkadan, Europak bultzatuta, energia aurrezteko zenbait zuzentarau garatu dira, 2020. urtea jomugatzat harturik. Eraikuntza iraunkorra eta eraginkortasun energetikoa dira zuzentarau horien helburuak, eraikuntza berriak eta dagoeneko existitzen diren eraikinen birgaitzea kontuan hartzeko. Zentzu horretan, eta azken bi hamarkadetako sektorearen eraldaketa kontuan hartuta, etorkizunari begira, eskariaren aldetik etorriko dira aldaketa garrantzitsuenak, energiaren aurrezpenak eta eraginkortasun energetikoak garrantzia izango baitute.