Erdilari


Erdilaria zelaiaren erdian jokatzen duen futbolaria da. Bai defentsa lanetan, bai eraso lanetan aritzen dira erdilariak, eta futbol jokalarien artean erdilariak izan ohi dira metro gehien korrika egiten dutenak. Horrenbestez, aparteko erresistentzia behar izaten dute. Besteak beste, haien zeregina da baloiak berreskuratzea, erasoetarako jokaldiak antolatzea edo sortzea, eta baloiaren jabetza mantentzea. Euskal Herrian badira munduan zehar ere ospea lortu duten zenbait erdilari, hala nola Xabi Alonso eta Julen Guerrero.
Erdilari batzuk defentsan moldatzen dira bereziki ongi; beste batzuen onena, ordea, erasoa antolatzea eta erasoetan parte hartzea izaten da. Hartara, jokatzen duten eremuaren eta dituzten ezaugarrien arabera, hainbat erdilari mota bereizten dira: eraso erdilaria, ezkerreko eraso erdilaria, defentsa erdilaria, eskuineko defentsa erdilaria, eta abar.