Erregu (Erretorika)
Erregu, latinez "Deprecatio", pentsamenduko figura erretoriko bat da. Berez antzinako epikan erregu akusatu batek egiten zuen aitorpena zen baina, errukia eskatzeko, erruak aitortzerakoan, aldi berean, haren merituak azaltzen zituen .[1]
Modu orokorrago ulertuta, baita beste gizaki bati egiten zaion erregu bezala uler daiteke ere edo otoitz bidez gaitz bat urruntzeko eskaera bezala ere. Errenazimendutik aurrera "poesian maiteari edo norbaiti, Jainkoari edo Ama Birjinari errukia, barkamendua edo zerbait eskatzeko erabili izan da". [2]
Tradizioan ere museei inspirazioa eskatzeko erabiltzen zen figura hau. Denborarekin musen ordez Birijina izan zen horrelako eskaeren helburua. Aipatutako Literatura Hiztegian Orixeren adibide klasikoa aipatzen da; Euskaldunak (1950) liburuaren hasieran irakur daiteke:
- Zatozkida goi-arnas
- eizu nerekin lan
- herri baten arnasa
- mamitu dezadan.
Hona hemen Gabriel Arestiren beste adibide bat, "Mugak" poema.[3] Bertan beste intelektualeei bere pekatuak erakusten dizkie gero guztiak zuritzeko, are gehiago, euskaldun jator baten ezaugarriak direla adierazteko.
- Ene euskalduntasunak
- bere mugak ditu:
- Kontuan har ezazue,
- zuek, Traukoko eta Oiartzungo Xabier biok,
- Josepe Luis,
- Serafin,
- Juanito.
- Ene euskalduntasunaren mugak hauk
- dira: Ifarrean: Justizia.
- Hegoan: Libertatea.
- Oestean: Gizonak bizitze noble bat edukitzea (astean bi egunetan
- jai eta urtean behin sabbotnik).
- Lestean: Mutikoek (eta neskatxek) estudiatzeagatik alokairu sufizient bat
- irabaztea.
- Eta muga hauk ez dituen euskalduna
- ez da euskaldun,
- gizon ez delako.
- Blasfemo hau
- neure odolaz firmatzen dut
- aurtengo lan jaian
- Trapaga haranean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Joaquin Forradellas, 93.or.
- ↑ Xabier Altzibar eta Juan Kruz Igerabide, Literatura Terminoen Hiztegia, 227-228.or.
- ↑ Poemak II. Donostia: Kriseilu, 1976. 446.or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskaltzaindia: Literatura terminoen hiztegia. Bilbo: 2008. 227-228.or. Xabier Altzibar eta Juan Kruz Igerabideren artikulua.
- Angelo Marchese eta Joaquín Forradellas: Diccionario de retórica, crítica y terminología literaria. Bartzelona: Ariel, 1982. 93.or.