Errigora

Wikipedia, Entziklopedia askea

Errigora[1] Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012. urtean, bertako produktuekin osatutako saskien salmena burutu zen Fontellasen dagoen Argia ikastolaren alde. Hor ERRIGORA egitasmoaren lehen hazia jarri zen. Hurrengo urtean, izena eta izana indarberritua, “Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka” izeneko lehen kanpaina egin zen 2013ko udazkenean. Arrakasta itzela izan zuen. Hori gutxi balitz, 2014an ia 12.000 saski saldu ziren Euskal Herri osoan. Gainera, Argia aldizkariak banatzen dituen sarien artean, Publizitatekoa irabazi zuen.[3]

2015. urtean, esate baterako, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari 157.000 euro eman zitzaizkion. Iaz, 2019. urtean, inoiz baino saski gehiago banatu ziren[4], eta 200.000 euro bideratu ziren euskara sustatzeko. Urte berean, ERRIGORAtik sortutako ekimen berria jaio zen: Agerraldia.[5]

2020. urtean, gainera, abian jarri den elkartasun-proposamen bereziari esker, saskiko 5€ gehigarri emango zaizkie AEK-ri, Seaskari eta Sortzen-i, KORRIKA, Herri Urrats eta Sortzen-en jaia ez egiteak eragingo dien diru-galera arintzen laguntzeko.[6] Pandemiak gogor jo duen urtean, dena den, inoiz baino saski gehiago eskatu dira, 16.000 baino gehiago, alegia.[7] Udalbiltzak, besteak beste, babesa adierazi dio ekimenari. [8]

Hastapenetatik, Zazpiak Bat elkartea, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta AEK elkarlanean aritu dira egitasmoaren ingurumarian.[9]

Kanpainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, urtero bi kanpaina egiten dira. Udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira kanpaina honetan. Kasu honetan, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25). Udaberrian Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak[10] eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan; planteamendua da urte osorako beste eskatzea.

Agerraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errigoraren ‘Agerraldia’ proiektuari esker, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak martxan jarriko dira 2020. urtetik aurrera.

Olioa egiten den toki batera egindako bisita

Agerraldia Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria ematera dator. Agerraren eremuan euskara plazara ekarri nahi duen ekimen berria da. Euskara jende gehiagok ezagutu, erabili eta estimatu dezan eragin nahi du, ilusioz eta kemenez agerrarazi eta ilusio eta kemen berrien agergarri izanen den mugimendua sustatuz. Agerraren aldia iritsi da; euskarak eremu guztietan agerpena egiteko ordua da.

Hiru moldetan agertuko zaigu Agerraldia: batetik, euskara ezagutzeko aukerak lagundu eta handitzeko ahaleginean[11]; bigarrenik, euskara erabiltzeko espazioak sortu eta egonkortzeko ekimenean; hirugarrenik, euskararen aldeko jarrerak indartu eta suspertzeko ekinean. Eremu guztiak zeharkatuko dituzten bideak ibili nahi ditu: dela kulturaren alorra, edo aisialdia, kirola, lan-eremua, hedabideena, irakaskuntza, sare sozialak...

2020-2021 ikasturteko agenda jadanik iragarri dute: abizenak euskarazko grafiaz jartzeko kanpaina (Abizendu), Mintzalaguna egitasmoa, euskara plana Iturri kontserba etxean, lasterketa bat Bardeetan, esku pilota haurrentzat, ludotekak, besteak beste. [12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Errigora» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  2. Eslava, Ane. «Euskara eta lurra elkargune» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  3. «Banatu ditugu 2014ko Argia Sariak» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-11-17).
  4. Irratia, Naiz. (2019-12-02). «Errigora: 200.000 euro gehiago, euskarari puzka» irratia.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  5. SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-10-09). «ERRIGORAREN ZAZPIGARREN UZTAK «AGERRALDIA» EKIMENA ABIATUKO DU» GARA (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  6. «Errigora-k elkartasuna biderkatuko du - : Euskal Herriko AEK» www.aek.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  7. «Errigoraren kanpainaren bidez 302.000 euroko ekarpena egin zaio Nafarroako euskalgintzari» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-11-19).
  8. «Udalbiltza eta Errigora elkartu egin dira elkarlan aukerak aztertzeko» Plone site (Noiz kontsultatua: 2020-12-08).
  9. Berria.eus. «Berria.eus» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-17).[Betiko hautsitako esteka]
  10. Tubia, Iker. ««Pikillo piperra erritu bat da»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  11. Gorraiz, Uxue Rey. «Euskarak 'agertoki' gehiago izateko» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  12. «Osasunak, euskaraz ere bai - : Euskal Herriko AEK» www.aek.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]