Etxeberri baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Gipuzkoako Anoetako eraikinari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxeberri (argipena)».
Etxeberri baserria (Anoeta).

Etxeberri Anoetan dagoen baserria da, harmoniagatik nabarmentzen dena. XVII. mendeko egitura du eta XVIII. mendean perimetro-horma guztiak eta estalkia berregin ziren. Eraikinaren ardatzeko harrizko zutabeak baserriaren egitura bereziari eusten dio oraindik ere; gainera, elementu garrantzitsuak ere baditu, hala nola, arkuak, atxikitako eranskina eta dolarea.

2007ko azaroaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano laukizuzena (25 x 18,5 m) duen familia bakarreko baserria da, malda txiki batean dago kokatuta Oria ibaiaren ibarraren hegoalderantz begira. Perimetroko hormak harlangaitzezkoak dira eta eskantzuak harlanduzkoak ditu. Eraikina bi solairuk, ganbarak eta sotoak osatzen dute. Hiru isuriko estalkia du eta estaltzeko elementua hodi-teila da.

Fatxada nagusia hego-ekialdera begira dago eta beheko solairuan dobela-arku karpanela dago eta 30 graduko angeluko harkantoiak. Bao hori ez ezik, fatxadak beste hiru bao ere baditu.

Fatxada horren ekialdeko angeluan eraikinak eranskin bat du fatxadari atxikita (etxe-ordea). Eranskin horrek bi leiho ditu: bat bao horizontalduna, eta, bestea, bertikal bat kuku-leiho gisa.

Lehenengo solairuan bi leiho daude harlanduzko azpadurekin eta beste bao bat zurezko leihoburuekin. Ganbarak ageriko bilbadura du, bi leiho eta usoentzako bao txikiak. Bilbaduraren arteko baoak zeramikazko adreiluz daude itxita.

Hego-mendebaldeko fatxadan sotoa dagoen solairura joateko zuzeneko sarbidea dago, eta sotoaren mailan bi gezileiho daude fatxadan. Beheko solairuaren parean fatxadak lau leiho-bao ditu eta hiru gehiago lehenengo solairuan.

Ipar-mendebaldeko fatxadan harrizko eta zementuzko bi hormabular edo ostiko daude, eta atzealdea ixten duen hormari inertzia ematen diote. Aipatu ostikoak ez ezik, atzeko fatxadak bi leiho ere baditu: batek harri-azpadurak ditu, eta besteak egurrezko leihoburua eta ate handi bat, zuzenean ganbarara sartzeko, lur-eremuaren malda baliatuz.

Ipar-ekialdeko fatxadak erdi puntuko arku dotore bat du beheko solairuan. Arkuan, zurezko ate bat dago baserriaren beheko solairura joateko. Atxikitako eranskin batek fatxada nagusiko antzeko beste arku bat estaltzen du, eta arku haren antzera, harkantoiak ditu angeluan. Egun arkua itsua da. Bi arkuen artean karrerapea edo baserriko frontala zegoen. Lehenengo solairuan fatxada horrek harlanduzko azpaduradun hiru bao ditu.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserria barrutik simetrikoki banatuta dago. Erdiko ardatzean, lehenengo horma-artean, harrizko zutabe handi bat dago forma biribilean moztuta eta harlanduz egina, eta lehenengo solairuraino iristen da. Zutabearen gainean pieza bakarreko zutoin bat dago estalkira arte. Eraikinaren oinarrian atal bakarreko beste bost zutoin-ardatz ere badaude, simetrikoki banatuta estalkiraino. Zutoin horiek habeen, soliben, besoen eta gapirioen zamari eusten diote. Elementu horiek guztiek osatzen dute egitura, ongi eskuairatua.

Armadura aho-zirika mihiztaduraz egin da, eta zurgintzan agerikoak dira zeio-markak.

Ganbarak mihiztatutako oholtzak eta zur-erdika egindako itxiturak zituen, baina egun desagertuta daude. Ganbararen iparraldeko angeluan tamaina txikiko habedun dolare berezi bat dago: hormigoizko ontzia, eta zurezko habea eta mekanismoak ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]