Euskadi Ta Askatasunaren Talde Autonomoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskadi Ta Askatasuna-ren Talde Autonomoa, ETA-ren Talde Autonomoa bezala ezagunagoa, 1964-1968 bitartean jardun zuen talde armatu bat izan zen, ETA-ren adar militar gisa lehenik eta erakunde independente bezala ondoren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964a inguruan, ETA-ren inguruko talde bat sortu zen Oñati eta Arrasaten, Xabier Zumalde "El Cabra"-ren zuzendaritzapean. ETA-ren IV. Biltzarrean, bere pentsaera ideologikoaz galderarik egin gabe, Zumalde izendatu zuten erakundearen adar militarraren arduradun. Ondorioz, erakundearen armategia bere eskuetan jarri zen: dozena erdi arma labur eta ehunka gramo dinamita. Baina "Cabra"-ren taldeak bere kontura jarduten zuen eta, horregatik, Talde Autonomo izenez egin zen ezagun[1].

ETA-ren barne-desadostasunak agerian geratu ziren 1966ko Aberri Eguna zela eta. EAJk Gasteizen biltzeko eskatu zien jarraitzaileei. Aldiz, ETAren Bulego Politikoak Irun-Hendaia artean biltzeko deia zabaldu zuen. "El Cabra", adar militarreko arduraduna, ez zegoen ados ETAren buruzagitzaren garapen ideologikoarekin eta ez zuen onartu Iruna bere gizonekin joatea, segada bat zela argudiatuz. Hori gutxi ez eta Talde Autonomoaren eta erakundearen gainerako adarren arteko banaketa sakondu egin zen urte bereko maiatzaren 1ean. Erakundearen buruzagitzak Erandiora bidali nahi izan zuen Talde Autonomoa, ikurrinak zintzilikatzera. “Cabra”-k aldiz, Bizkaia barnealdeko landa-herrixka txiki bat hartzea erabaki zuen: Garai. Goizeko 07:00etatik aurrera, bere gizonek telefonoak moztu, ikurrinak jarri, pilotalekua margotu eta esku-orriak banatu zituzten. Parte hartu zuten hogeita hamar militanteek ETAren lehen zatiketa osatu zuten harrezkero[2].

Ordutik aurrera talde honek "ETAren Talde Autonomoa" izenarekin jardun zuen, batez ere Oñatiko mendietan. "La insurrección en Euskadi" filmean deskribatutako mendiko gerrillen fikzioa errealitate bihurtzen saiatu zen taldea: taldekideak mendiko ibilaldi luzeetarako entrenatu zituzten eta tortura-simulazioak egin zizkieten; gainera, komunikazioei, energia-lerroei eta leku neuralgikoei buruzko planoak eta argazkiak pilatu zituzten. Taldea 1968an desagertu zen, militante garrantzitsuenak atxilotu ondoren[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Letamendia Belzunce, Francisco. (1994). Historia del nacionalismo vasco y de ETA. Donostia: R & B Ediciones, 301 or. ISBN 9788477282488..
  2. Letamendia Belzunce, Francisco. (1994). Historia del nacionalismo vasco y de ETA. Donostia: R & B Ediciones, 304 or. ISBN 9788477282488..
  3. Letamendia Belzunce, Francisco. (1994). Historia del nacionalismo vasco y de ETA. Donostia: R & B Ediciones, 304-305 or. ISBN 9788477282488..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Zumalde, Xabier. Las botas de la guerrilla: memorias del jefe de los grupos autónomos de ETA, 1969-1977. Status Ediciones, Arrigorriaga, 2004.
  • Zumalde, Xabier: Mi lucha clandestina en ETA: memorias del primer jefe del Frente Militar (1965-1968). Status Ediciones, Arrigorriaga, España, 2004.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]