Euskaltzaindiko 2013ko krisia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskaltzaindiko 2013ko krisiak urte horretako abenduaren 3an piztutako istilu eta zatiketa bati egiten dio erreferentzia. Egun horretan, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko hamabost kideek dimisioa eman zuten, Euskaltzaindiko zuzendaritzak baztertu zituelakoan. Pello Salaburuk agertu zuenez —ordu arte, batzorde hartako buru izandakoa—, hartara 32 urteko tradizioa hautsi egin zen, ordu arte batzorde horrek baitzuen gramatikako gaiak kudeatzeko ardura.

Krisiaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko hamabost kideek dimisioa eman zuten batzorde horretan zituzten karguetatik; izan ere, haien irizpideen aurka Euskaltzaindiko zuzendaritzak erabaki zuen gramatika labur bat egitea eta lan hori beste lantalde bati ematea, eta batzordeko kideen iritziz erabaki horrek beren gaitasun akademikoa zalantzan jarri zuen.[1] Pello Salaburuk agertu zuenez, —ordu arte, batzorde hartako buru izan zen—, Gramatika Batzordearen 32 urteko ibilbidean, batzorde horrek kudeatu zituen gramatika arloko kontuak, harik eta Euskaltzaindiaren erabakiak ibilbide hori hautsi zuen arte.[2] Ondoren, Ibon Sarasolak ere dimisioa eman zuen Hiztegi Batua gidatzeko arduratik, Euskaltzaindiko giroa egokia ez zela eta.[3]

Iñigo Urkullu lehendakaria euskaltzainekin batera Euskaltzaindiko egoitza nagusira egindako bisitan, 2013ko azaroaren 20a.

Euskaltzaindiaren eginkizunari buruzko desadostasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dimisioa eman arte, Pello Salaburuk adierazi zuenez, aspalditik zetorren Euskaltzaindiko zuzendaritzatik Gramatika Batzordea bere ardurapeko gaietatik alboratzea, eta azken erabaki horrek egoera lehertu besterik ez zuen egin.[4] Ibon Sarasolaren esanetan, Euskaltzaindian bi ildo daude: batetik, «beste ezeren gainetik» arauemaile litzatekeen akademia nahi dutenak, «mundu guztian bezala» (eta ildo horretakoak dira Gramatika Batzordekoak eta Ibon Sarasola bera); bestetik, malguago jokatu nahiko luketen euskaltzainak, «Euskaltzaindia euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi» dutenak. Zuzendaritzak horretan «erantzukizuna» baduela ohartarazi zuen Sarasolak.[5]

Sarasolak adierazi zuen edozein hizkuntza akademiaren eginkizun nagusia gramatika eta hiztegia arautzea dela, eta Euskaltzaindia eginkizun hori bazterrean uzten ari dela. Horren adibidetzat aipatu zuen 2013an Euskaltzaindiak akademiako kidetzat Jabier Kaltzakorta (herri literaturako aditua)[6] hautatu izana, Itziar Laka (gramatikako aditua)[6] baztertuta. Ibon Sarasolaren iritzira, Andres Urrutiak euskaltzainburu kargua utzi ezean, arazoak ez zuen konponbiderik.[7]

Baionako bilkura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko abenduaren 20an, Euskaltzaindiak, Baionan osoko bilkura eginda, aho batez onartu zuen Zuzendaritzari dei egitea, Euskararen Akademiaren barruan gogoeta aldia ireki dezan, Gramatika Batzordea barne, euskaltzain guztien arteko lankidetza areagotzeko eta horretarako egutegia finkatzeko. Izan ere, osoko bilkuraren ustez, Euskaltzaindiko batzorde guztiak dira balio berekoak eta euskaltzain oso guztiak mailakideak, eta aurreko egunetan gertatutako tirabirak eta esamesak ez dira mesedegarri Euskaltzaindiarentzat, euskararentzat eta euskal kulturarentzat.[8][9] 2014ko urtarrilaren 18an, Andres Urrutia euskaltzainburuak desadostasunak bide instituzionaletik bideratu behar direla adierazi zuen, eta Euskaltzaindiaren lana gizarteratu behar dela.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]