Edukira joan

Folikulugenesi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Folikulugenesiaren faseak

Folikulugenesia obulutegian gertatzen den obulutegiko folikuluen garapena da.[1]

Garapena[2][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enbriogenesiaren hasieran, garatzen ari den gonadara migratzen dute lehen zelula primordialek, eta bertan diferentziatzean oogoniak bilakatzen dira. Ondoren, obogenesian sartuko dira: oogonia batzuk mitosia burutzen dute, obozito primario bihurtuz, eta meiosian sartzen dira. Behin meiosian sartuta zelulek bikoizteko gaitasunik ez dutenez, obozito primarioen kopurua finkatzen da. Haurdunaldiaren hirugarren eta zortzigarren hilabeteen artean gertatzen da prozesua, eta lehen mailako obozitoak I. zatiketa meiotikoaren profasean blokeatuta geratzen dira pubertaroan erabat garatzen diren arte.

Folikulu primordiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurra jaiotzean, folikulu primordialak sortzen dira[1]: obozito primarioaren inguruan zelula somatiko folikularrek gaineztadura-epitelio bakun laua osatzen dute.

Folikulu primarioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nerabezarotik menopausiara arte, hilero 20-50 folikulu primario hasten dira garatzen, baina bakarrak burutuko du prozesua; gainontzekoak galdu egiten dira, atresia izeneko prozesuaren bidez. Hormonek aktibatuta, obozito primarioaren I. zatiketa meiotikoak aurrera egiten du, obozito sekundarioa eta gorpuzki polarra (bigarren hau baztertua izango da) sortuz. Obozito sekundarioa hazi egingo da, eta inguruko zelula folikularrak zatitu eta gaineztadura-epitelio bakun kubiko gisa antolatuko dira. Bestalde, glikosaminoglikano eta proteoglikanoz osatutako geruza iletsua edo zona pellucida sortzen da, ernalkuntzan espermatozoidea ezagutzeaz arduratuko dena.

Folikulu sekundarioa edo folikulu atriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula folikularrek zatitzen jarraitzen dute, eta gaineztadura-epitelio geruzatua sortzean, granulosa geruza osatzen duten granulosa zelulak bilakatzen dira. Gainera, folikuluaren inguruko estromako zelulek teka folikularra (ehun konektiboa) eratzen dute, barne-teka eta kanpo-tekan bereizten dena. Granulosa zelulek 6-12 geruza osatzen dituztenean atrioa sortzen da, hots, likido folikularrez betetako barrunbea.

Folikulugenesiaren faseak

De Graafen folikulua edo folikulu heldua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken fasean, granulosa zelulek zatitzeari uzten diote eta atrioa hazi egiten da. Koroa radiata deritzo obozito, zona pellucida eta inguruko granulosa zelulek osatutako multzoari.

Obulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obulazioan koroa radiata falopioren tronpetara askatzen da. Obozito sekundarioaren II. zatiketa meiotikoa metafasean geldituta egon da orain arte; obulazioaren ondoren ernalketa gertatzen bada, meiosiko II. zatiketak aurrera egingo du, obulua eta baztertua izango den bigarren gorputz polar bat sortuz. Ernaltzen ez bada, hilekoaren bidez kanporatuko da obulua.

Obulutegian geratutako granulosa zelulak eta teka folikularra tolestu eta kolapsatu egiten dira, corpus luteum sortuz. Hau endekatzen denean (zelulen autolisi bidez, zelulak lipidoz betetzean gertatuko dena) corpus albicans sortzen da, txikituz desagertzen den arte.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Cox, Emily; Takov, Veronica. (2024). «Embryology, Ovarian Follicle Development» StatPearls (StatPearls Publishing) PMID 30335333. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).
  2. a b (Ingelesez) Paxton, Steve; Peckham, Michelle; Knibbs, Adele. (2003). The Leeds Histology Guide. (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]