France-Champagne

Wikipedia, Entziklopedia askea
France-Champagne, Pierre Bonnard

France-Champagne izeneko kartela Pierre Bonnard margolari, ilustratzaile eta litografo frantsesak sortu zuen 1891ean, E. Debray bezero-iragarlearentzat edari alkoholdun bat ezagutzarazteko: Xanpaina.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1870 eta 1914 bitartean, Europak aurrekaririk gabeko bakealdia ezagutu zuen, berrogeita lau urte horietan ez baitzen nazioarteko gerra-gatazka handirik izan. Gainera, Bigarren Industria Iraultzaren ondorioz, hedapen ekonomikoko aldia izan zen.

Industrializazioak enpleguaren hazkundea bultzatu zuen, eta, ondorioz, baita familien diru-sarrera ekonomikoa ere. Elikaduraren, medikuntzaren eta higienearen hobekuntzek biztanleriaren hazkunde handia eta, aldi berean, urbanizazio-fenomenoa eragin zuten. Horrela sortu zen hiri gizarte baikor eta industrializatua, bere burua moderno, kosmopolita eta dinamiko gisa ikusten zuena, aurrerapen zientifiko eta teknologikoan konfiantza handiarekin, pertsonen bizitza hobetzeko bide gisa.[1]

Belle époque deitu ohi zaio garai horri, Europako gizartearen ezaugarri izan zen baikortasun eta etorkizunarekiko konfiantza giroagatik.

Testuinguru horretan sortu ziren mugimendu artistiko batzuk, modernismoak, eta horien artean aipa daiteke Art Nouveau.

Art Nouveau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Art Nouveau, arte modernista edo modernismoa nazioarteko arte eta dekorazio mugimendu bat izan zen, 1890 eta 1914 artean garatua gutxi gorabehera. "Arte berria", bere izenak frantsesez adierazten duen bezala, estilo originala, gaztea eta modernoa zen. Industrializazio gero eta handiagoaren aurka, artisautza tradizionalari eta naturari balio handiagoa ematen zitzaion. Art Nouveau-ak natura baloratzen zuen, eta aro industrialean eskuragarri zeuden materialak eta teknikak baliatu zituen estilo modernoa sortzeko: Natura behatu zuen azken mugimendua izan zen, eta industria-aroarekin lotura ireki zuen lehena.[2]

Art Nouveau-ko artistak naturaren formetan oinarritu ziren. Baina modernistek ez zuten natura imitatzen. Behatu eta aztertu egiten zuten, eta beren printzipio formalak ideia berriak bilatzeko erabiltzen zituzten. Horregatik zurtoinak, sustraiak, formazio harritsuak, hezurrak, oskolak eta era guztietako elementuak aztertu zituzten. Handik hartu zituzten estilo berriari originaltasuna eta edertasuna eman zioten lerro eta forma geometrikoak.

Art Nouveauk erabiltzen dituen koloreak sotilak, itzaliak eta asegabeak dira, besteak beste, pastelak, oliba, mostaza, marroia, zuria eta urre kolorea.  Koloreek naturarekiko harremana islatzen dute.

Iragarkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkiaren forma (konposizioa, argiztapena, kolorea, tipografia...)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plano eta eskala amerikarrekoa da iragarkia, eta bertan emakume irrifartsu baten forma nabaritu daiteke, esku artean xanpai kopa bat eta abanikoa daramana. Gainera, irudiaren zehaztasuna aztertzerakoan, esan daiteke enfokatuta dagoela, eta argiztapen zuzena darabilela.

Kartelean, kontrastea eta tentsioa ikus daiteke “France-Chanpagne” tipografiarekin. Beste esaldiekin alderatuz, kartelaren beheko aldean kokatuta dauden esaldiak modu ordenatuan eta horizontalean kokatuta daude; ordea, “France-Chanpagne” kurbatuta eta era desordenatuago batean azaltzen da.

Kartelean erabiltzen diren koloreen artean, kolore beroak nagusitasuna dute, horien artean; horia, laranja eta urre kolorea. Beste aldetik, beltza topatzen da.

Normalean, garai honetako beste kartelak erreparatzen baditugu, ikus daiteke emakumea zela enkoadraketaren zentroa. Emakumea erdialdean ongi kolokatzea zen garrantzitsuena, eta horren inguruan beste guztia kokatzen zen. Iragarki honen kasuan aldiz, neska enkoadrearen ohiko erabileratik ateratzen da: mugimenduan balego bezala, sartu eta atera egiten da.

Hari beretik, proportzio zehatz bat betetzen ez den arren, hiru herenen araua betetzen dela esan daiteke: irudia banatzen bada, ardatz-puntuak toki pisutsuetan garatzen dira elementu garrantzizkoenak azpimarratuz: Emakumearen begiak, bere eskotea, “Champagne” hitza eta erosketa-puntuen informazioa.

Emakumeak atzean duen fondoa laua da (kolore horikoa) eta ez da detaile berezirik hautematen non dagoenaren pista eman dezakeenik. Eszenaratzean berriz, iragartzen den produktuarekin bat egiten duten elementuak ikusten dira: xanpaiaren aparra eta burbuiak kartelaren beheko partea osatzen dute. Kolore beroak dira irudian nagusitzen direnak momentu oro: urre kolorea, laranja, horia eta beltza.

Iragarkiaren edukia: Zer esaten du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iragarkian emakume gazte bat ikusi daiteke, tirantedun soineko dotore batekin eta ile kizkurra bildua daramana. Era berean, irudian ikusi daitezkeen koloreak eta emakumeak irudikatzen duen presentziak klase altua eta boterea adierazten dituzte. Kolore beroak dira hain zuzen, irudian nagusitzen direnak. Esaterako urre koloreak (soinekoan adibidez), aberastasuna irudikatzen du eta horrenbestez, era automatikoan gure buruak iragarkian azaltzen den edari alkoholduna urrearen tonalitateko koloreekin eta diruarekin erlazionatzen ditu.

Bestalde, emakumeak ezkerreko eskuan eusten duen abanikoa sinbolo bat dela esan daiteke: posizio altua eta pertsona boteretsuak irudikatzen ditu.

Luxua, erotismoa, boterea eta klase sozial altua da orokorrean ikusten dena iragarkian. "Zer lortuko duzu xanpai hau erostea erabakitzen baduzu? Luxua eskuratzeaz gain, irudian agertzen den emakumearen antzeko bat lortuko duzu". Emakumeak erakusten duen irribarrea erotismoarekin erlazionatu daiteke, desira eta nahi sexualarekin, hain zuzen. Gainera, entretenimenduarekin lotu daiteke baita ere: irribarrea ongi pasako duzunaren seinalea da.

Orokorrean iragarkiak luxua, erotismoa, boterea eta ongi pasatzeko momentua iradokitzen ditu.

Forma eta edukia nola uztartzen diren[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protagonistak daraman janzkera, espresioa eta erabilitako koloreak, iragarritako produktuarekin lotu nahi dituzten baloreak irudikatzen ditu: luxua, gertutasuna, berotasuna eta ondo pasatzeko momentua.

Maisu eta eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre Bonnard-ek hasieran inpresionismoaren eragin zuzena izan zuen: Moulin Rouge, Jardin de Paris (1896), Le fiacre (1898). Bonnarden garaian pinturan izan ziren iraultzek ez zuten ia eraginik izan beregan, beti ere balio plastiko hutsei atxikiturik iraun zuen.

Bonnard naturalismorantz eta sinbolismorantz abiatu zen, magia eta zientzia ezkutuekiko interesak bultzatuta. Horrez gain, garaiko abangoardietan sartzeari uko egiten zion eta bere estiloari eutsi zion, pintura dibertsifikatzen ari zen une batean, hain zuzen.

Egiten zaizkion kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bonnard-i egindako kritiken artean Pablo Picasso-k egindakoa nabarmentzekoa da. Hala nola, Picasso-k ez zuen Bonnard artista moduan ikusten: “Hark egindakoa ez da pintura, zalantzez jositako popurria baizik”[3].

Nola ikusten da gaur egun?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zoriontasunaren margolari gisa ezaguna izan zen arren, haren bizitzako azken egunetan “abesten duen oro ez da zoriontsua”, adierazi zuen.[4] Haren koadroak alaiak eta koloretsuak dira baina bigarren irakurketa bat egiterakoan artistaren bizitzaren melankolia ikus daiteke.

Haren margolanetan erabilitako koloreak behin eta berriz artistaren melankolia bermatzen dute. "Arkadia modukoa irudikatzen saiatzen da, hala nola, mundu perfektua bizi duen tragedia txikia besteek bizi ez dezaten”. Irudi zoriontsu eta harmonikoa gauza iraunkorra bihurtzen da Bonnarden obretan. “Beti harmonia handiak bilatzen ditu bere bizitzan falta den hori delako” azaldu zuen Jimenez Burillok.[5]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Art Nouveau - ¿Qué es?, contexto histórico, características, obras y más» Enciclopedia de Historia 2021-04-23 (Noiz kontsultatua: 2022-03-21).
  2. (Gaztelaniaz) «Art nouveau (arte modernista): características, representantes y obras» Cultura Genial (Noiz kontsultatua: 2022-03-21).
  3. (Gaztelaniaz) «Pierre Bonnard, pintor de la felicidad y la melancolía» infobae (Noiz kontsultatua: 2022-08-02).
  4. (Gaztelaniaz) «Pierre Bonnard, pintor de la felicidad y la melancolía» infobae (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  5. (Gaztelaniaz) «El (in)feliz color de Pierre Bonnard» El Español 2015-09-17 (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]