Edukira joan

Frantses lorategi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Orangerie inguruko lorategia, Versaillesko jauregian

Lorategigintza frantsesa, simetrian oinarritutako lorategi estilo bat da; horrez gain, ordena naturaren gainetik jartzen da. Lorategi mota honi lorategi erregular edo lorategi klasiko ere deitu izan zaio, eta klasizismoaren ezaugarri estetikoak lorategiei aplikatzean oinarritzen da; formen perfekzioa, handitasuna, erregulartasuna eta simetria bilatzen dira bertan. Italiako lorategi errenazentistetan ditu oinarriak.

Frantses lorategiak Frantziako berpizkundeko lorategien garapentzat har daitezke, Italiako lorategi errenazentistetatik eratorriak .

Italiako lorategi errenazentistek garaiko armonia eta ordenaren idealak adierazteko asmoa zuten, eta baita Antzinako Erromako bertuteak islatzekoa ere: ibilbideak geometrikoki zeuden ezarriak eta irudi simetrikoak sortzeko joera zuten, maila bakoitza eskilaraz zeuden lotuak , estatua, labirinto eta tenplu txikiz apainduak zeuden eta iturri eta urjauziak zituzten nonahi.

1495ean Karlos VIII.ak Napoliko lorategiak ikusi zituen eta bere lurretan estilo horretako lorategiak egiteko nahia piztu zitzaion. Italiar lorazainak hartu eta Amboiseko jauregian eta Gaillard gazteluan zituen lurretan italiar estiloko lorategiak sortzeko agindu zien. Haren ondorengoak, Enrike II.ak, Italia ezagutzen zuenak, antzeko proiektua burutu zuen Bloisko gaztelutik hurbil. Geroko agintariek joera honi jarraiki zioten, estilo italiarra frantziako gaztelu eta jauregien inguruan hedatuz.

XVII. mendearen inguruan paisaia frantsesak baso ugari zituen. Nekazaritza eremu konkretu batzuetan garatu zen eta baratzak, askotan, hiri barruan egoten ziren. Frantzia gainera laua izanda, hirietatik kanpo zeuden "Chateaux"ak edo jauregi-gazteluak ziren basoen erreferentzia. Horien inguruan basoak ustiatzen ziren, eta eremu horietan garatu ziren lorategiak. Ura ere defentsarako elementu garrantzitsuenetako bat zen gaztelu horietan, eta lorategietan integratu zen.

Basoak landa eremuetan zeudenez, hasieran lorategiak jauregitik kanpo eraikitzen zituzten, harresien bestaldean. Denborarekin, harresien barnealdean egiten hasi ziren, edo harresiak kentzen, lorategia eta jauregia elkar lotuz, horrela frantses lorategia zeritzona sortu zen XVII. mendean.

Vaux le Vicomte eta Versailles

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Vaux le Vicomte jauregia eta inguruko lorategia ageri diren XVII. mendeko grabatua.

XVII. mendean Luis XIV.ak, nobleak bere menpean jarri zituenean, monarkia absolutua ezarri zen, Frantziako Iraultzara arte iraun zuena. Luis XIV.ak Vaux le Vicomte jauregiko lorategiak ikusi zituenean, bere boterea islatzeko tresna egokia zela iruditu zitzaion eta bere jauregietan beste horrenbeste egin nahi izan zuen. Vaux le Vicomte jauregia Nicolas Fouqueten ideia izan zen, eta kasu hartan lorategia gazteluaren inguruan eraiki beharrean, jauregia eta gaztelua hasieratik diseinatu zituen elkarrekiko eta inguruko tokiarekiko armonia osoan egin zitezen. Lorategi horren diseinatzaileak André Le Nôtre, Louis Le Vau, eta Charles Le Brun izan ziren (lehenak lorategiak sortu zituen, bigarrenak jauregia diseinatu eta hirugarrenak, berriz, estatuak).

Luis XIV.ak hiru diseinatzaileak bildu eta Versailles herrixkan jauregia eta lorategiak diseinatzeko agindua eman zien. Lorategi horiek 1662 eta 1700 artean eraiki ziren, eta garai hartako Europako handienak izan ziren. Erregearen asmoa kortea hara mugitzea zen, hiriko arazoetatik urrun eta monarkiaren boterea adieraziko zuen guneren batean. Horrela sortu zuen Versaillesko jauregia, frantses lorategiaren adibiderik argiena eta famatuena.

Estiloaren gainbehera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

André Le Nôtre 1700. urtean hil zen arren, estiloa frantzian zehar zabaldu zen. Hala ere, denborarekin zenbait aldaketa jasan zituen. Pixkanaka, inguruko paisaia gehiago errespetatzen hasi ziren eta geometrikoki malguagoak bihurtu ziren. XVIII. mendeko erdialdetik aurrera, ingeles lorategiaren eragina handitu zen, eta gerora Txinako lorategien eredua jarraitzen hasi ziren lorazainak. Azken eredu horiek natura imitatzen saiatzen ziren, hura perfekzio eta armoniara moldatu ordez.

Hauek dira frantses lorategiaren ezaugarri nagusiak:

Perspektiba, ikus ardatzarekin bat eginez, bere botere absolutua erakusteko modua izan zen. Eskala ere garrantzitsua zen. Le Nôtrek, eskala egokia aurkitu zuen, tamaina izugarriko lorategiak izanda, ez delako pertsonaren eskala galtzen. Ikus ardatzak edo ihespuntuak beti infinitura garamatza, ez eremuko puntu konkretu batera, honela, lorategitik at, bakarrik infinitua dago. Gortearentzako espazio bat zenez, gortearen jarduerak egiteko lekuak egokitu behar ziren baina ikus ardatza apurtu barik. Urak ere balio zuen espazioa antolatzeko, adibidez, gaztelua ikus ardatzean islatzeko. Parterreek hutsuneak betetzeko balio zuten. Topiaria ugaritan erabiltzen zen, forma geometrikoak hartzen zituelarik. Lau elementu nagusiak, jauregia, perspektiba, ura eta gortearentzako eremuak behar zen heinean erabilita eta erlazionatuta zeuden, naturaltasunez.

Lorategi nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]