Game Erauntsia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Game Erauntsia
GE

Datuak
Sortze-data2014ko irailaren 1a
HerrialdeaEuskal Herria
Webguneahttp://gamerauntsia.eus

Game Erauntsia 2014. irailaren hasieran bideo-jokoei buruz euskaraz jarduteko sortu zen komunitatea da. Jokoei buruzko albiste eta berrikuntzak sareratzeaz gain, bideo-jokoekin lotutako ekintza ezberdinak antolatzen dituzte euskaratik eta euskaraz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko udazkenean sortu zen ideia, zarauzko Garikoitz Larrañaga, Joseba Galarraga eta Urtzi Odriozola laguntaldea Youtuber euskaldun falta eta zeuden apurrak aurkitzeko zegoen zailtasunaz solasean hasi ziren batean. Egoera honi buelta ematen haste aldera, Joseba eta Garikoitz Youtuberren bideoak sareratuko zituen webgune bat osatzea otu zitzaien. Pixkanaka gero eta Youtuber gehiago biltzea izango zuen helburu, eta euskal Youtuberrak erraz aurkitzeko leku erreferente bat izatea. Beti ere, bideo-jokoekin lotuta zeuden Youtuberrak biltzeko asmoarekin.

Ez zen ordea 2014ko uda arte ideia gorpuzten hasi eta uda osoan zehar webgunearen inguruko xehetasunak (izena, logotipoa, domeinua, marka, koloreak...) zehaztu ostean irailaren 1ean argitaratu zen. Hasierako 3 erabiltzailetik bi hilabeteren buruan 9 izatera iritsi ziren eta urtea amaitzerako 200 erabiltzailetik gora zeuden erregistratuta. Webgunea plazaratu zenean, bideo iruzkinduak (gameplayak) eta blog txiki bat besterik ez bazeuzkan ere, urte horretan bertan foro bat, Minecraft eta Mumble zerbitzari bat eta aurkezpenen artxiboa bat izatera ere iritsi zen.

2014ko urriaren 17an eman zuen lagun taldeak bere biziko saltoa Durangoko azokan egin zuten aurkezpenarekin batera eta lagun talde izatetik, komunitate izateko hautua egin zuten. Webgunean erregistraturiko edonork bideo iruzkinduak igo edota blogeko artikuluak idazteko aukera jarri zuten. Taldea beraren antolamendua egituratu eta "talde motorra" izeneko erabaki gunea sortu zuten, komunitatea indartzeko asmoa zuen edonork parte hartzeko aukera zabaldu zutelarik. Honek jende berria erakarri zuen taldera eta idea eta ekarpen berri mordoa ere bai. Bingen Galartzaren eskutik etorri zen adibidez euskarazko Minecraft[1] zerbitzaria martxan jartzeko ideia.

2015. urtea hastearekin batera eta Karena crowdfunding plataforman bildutako diruari esker, historiako euskarazko lehen Minecraft zerbitzari publikoa jarri zuten martxan.

Orduz gero, urtez urte webgunea elikatu eta sarean jokoi buruzko edukia sortzeaz gain, Librezalerekin batera hainbat joko itzuli dituzte euskarara[2] eta taldea sendotu zela ikusirik ekimen berriak egin ahal izateko irabazi asmorik gabeko elkarte bat (Euskal bideo-jokozaleen Game Erauntsia elkartea[3]) gorpuztu zuten 2016. urtean. Oraindik ere egoitza propiorik gabe bazeuden ere, Gamer gela moduko ekimenak eginez, bideo-jokoen euskarazko zabalkundea online egiteaz gain, herri ezberdinetako KZ gune eta udaltegietan egiten hasi ziren.

Urte horietan egindako lanagatik 2017an internet arloari dagokion Argia saria jaso zuten[4] eta pare bat hilabete beranduago, Azkue Fundazioak banatzen duen aisialdia atalari dagokion Blogetan! saria[5].

2018an berriz, euskal bideo-jokogintzaren panorama hobeto ulertu eta saretzeko helburuarekin Jokoteknia[6] izeneko bideo-jokoei buruzko lehen euskarazko jardunaldia sortu zuten.

Game Erauntsia elkarteko kideak

Ekimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bloga
  • Foroa
  • Bideo iruzkinduen bilduma
  • Txapelketak
  • Joko katalogoa
  • Jokoen euskarazko itzulpenak
  • Euskarazko terminologia
  • Game Erauntsia telebista (GETB)
  • Telegram eztabaida talde irekia
  • Bideo-joko ezberdinen euskarazko zerbitzariak
  • Denboraren okarina (Podcasta)
  • Bazkide txokoa
  • Aurkezpen eta hitzaldiak
  • Gamer gelak
  • Jokoteknia bideoko jardunaldia

Gamer Gelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko bideo-jokoak erakutsi eta erabiltzeko topagunea dira. Game Erauntsiko dinamizatzaileen eskutik, euskaraz sortu edo euskaratuak izan diren hainbat bideo-joko probatzeko aukera dagoelarik lau orduko jarduera honetan. Besteak beste 0 A.D., Super Tux Kart, Braid eta The Vanishing of Ethan Carter bideo-jokoetara euskaraz jolastu daiteke. Horietaz gain, Stepmania bezalako bideo-jokoekin dantza egin dezakete parte-hartzaileek, bideo-jokoak ordenagailu aurrean esertzea baino gehiago direla ikusiz. Bestelako periferikoak ere erabiltzen dira, esaterako automobil bolantea edota errealitate birtualarentzako txokoa ere osatzen da horretarako propio diren betaurreko eta aginteekin.

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2014ko irailaren 1ean sortu zen komunitatea webgune txiki batekin.
  • 2015eko urtarrilaren 1ean euskarazko lehen Minecraft zerbitzari publikoa jarri zuten martxan.
  • 2016an Euskal bideo-jokozaleen Game Erauntsia elkartea sortu zen.
  • 2017an internet arloko Argia saria eta Blogetan! lehiaketako aisialdia ataleko saria jaso zuten.
  • 2018an Jokoteknia lehen bideo-joko jardunaldia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]