Gaspar (sai zuria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaspar (sai zuria)
Bizitza
Jaiotza1977
Heriotzaezezaguna (46/47 urte)
Jarduerak

Gaspar izeneko sai zuria ospetsu izan zen Espainian El Hombre y la Tierra natura-telesail dokumentaleko atal bateko protagonista izateagatik (gaztelaniaz, Gaspar el Alimoche), eta aldi berean, sai zurien portaera zehatz bat, ostruka arrautzak harriekin hausteko portaeraren izaera genetikoa demostratzeko gakoa izan zelako.[1]

Esperimentua eta dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Félix Rodríguez de la Fuente naturalistak zuzendu zuen atal hura, El buitre sabio (sai jakintsua) izenekoa, eta 1978ko otsailean eman zuen TVE1 telebistan, seguruenik 1977an grabatutako irudiekin (urterik zehazten ez den arren dokumentalean). Espainian sai zuriek uda garaia igarotzen duten mendizerra zehaztu gabe batean egin zuten lan. Hugo Van Lawick ornitologoak Tanzaniako sai zurien artean ikusitako porteararen jatorriaz esperimentua egin nahi izan zuten. Jakina zen Afrikan sai zuri hauek ostruka arrautzak ikustean, haien gainean harriak mokoarekin jaurtiz txikitu ohi zutela oskola, barruko gorringo-zuringoetara iristeko. Baina Van Lawicken zalantza zen ea portaera ikasia ote zen hori, edo berez senean, genetikoki markatuta, ote zuten sai zuriek.[2] Hegaztiak tresnak erabiltzen dituzten kasu bakanetakoa da sai zuriena, eta ostruka arrautzekin egiten dute hau; beste arrautza txikiagoekin, arrautza bera jaso eta jaurtitzen dute, ez harri bat.

Afrikako sai zurien populazio migrari batzuek Europa hegoaldean igarotzen zutenez uda, Rodríguez de la Fuentek prestatu zuen esperimentua. Udaberrian, habia bateko bi txitoetako bat bahitu zuten, eta gizakiek hazi zuten aurrerantzean: honek ez zion kumaldiari kalte berezirik eragingo, ohikoan bi txitoetatik bakarra hazten baita sai zurien artean habia bakoitzean, eta kasu honetan bi txitoen bizi aukerak bermatu ziren. Urrian, sai zuriek Afrikarako migrazioari ekin ziotenean, oraindik preso zuten Gaspar, eta orduantxe hasi ziren hegaldi zainduetan hegaztia libre uzten, baina bertan geratu zelarik, beste saietatik aparte, baina hegan egin eta elikatzeko gai zela. Gaspar izena jarri zioten Kaspar Hauserren kasuagatik, beste gizakiekin harremanik izan gabe hazi zen alemaniar bat.

Azaroan, igeltsuz egindako amuak prestatu zizkioten Gasparri; formaz eta kolorez ostruken arrautzen berdinak, eta oskolaren gogortasuna ere parekatuz. Barruan oilo arrautzen edukia jarri zuten. Arrautza faltsuak ageriko tokietan jarri zizkioten Gaspar hegaldatzen zen labarretan, eta berehala deitu zioten arreta hegaztiari. Gerturatu eta berehala, mokoarekin harriak hartzen eta jaurtitzen hasi zen Gaspar, erreflexu instintibo handi batekin, baina hasieran lurrera edo ondo zuzendu barik oskolera. 30 minuturen buruan, teknika hobetu zuen, harri handiak erabiliz eta oskolera zuzen jota. Arrautza faltsua apurtu eta barrukoa jan ahal izan zuen Gasparrek haren bere lehen ikustaldian. Aurrerantzean, askotan errepikatu zuen lorpena, teknika hobearekin, eta demostratuz ostruka arrautzekin sai zuriek duten portaera guztiz genetikoa dela, ikasi gabea.

Atal dokumentalak bikain jaso zuen prozesua eta azalpena, eta II. Paris Sari Handia lortu zuen telebistako emanaldien sariketa batean, L'Émission Scientifique de Télévision Centre National de la Recherche delakoaren 1978ko edizioan.[3]

21. mendean, Menorca uharteko sai zuri populazioa aztertu zuten beste zientzailariak batzuek (sai hauek ez dira migrariak, Baleareetan egiten dute urte osoa), eta hauek ere ostruka arrautzak berdin hauts ditzaketela konprobatu zuten.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Lo que Gaspar, el buitre sabio, no sabe | César-Javier Palacios» El blog y la Tierra (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  2. (Gaztelaniaz) Munilla, Javier. (2017-09-14). «El buitre sabio» laplazuela.net (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  3. Alex. (2010-03-14). «QUÉ FUE DE...?: IN MEMORIAM: 30 ANIVERSARIO DEL FALLECIMIENTO DE FÉLIX RODRÍGUEZ DE LA FUENTE» QUÉ FUE DE...? (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  4. (Gaztelaniaz) Vuelve Gaspar, el buitre sabio. (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]