Gedanken über die Nachahmung der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gedanken über die Nachahmung der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst
Datuak
IdazleaJohann Joachim Winckelmann
Argitaratze-data1754
Jatorrizko izenburuaGedanken über die Nachahmung der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst eta Gedanken über die Nachahmug der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst

Gedanken über die Nachahmung der griechischen Werke in der Malerei und Bildhauerkunst (euskaraz: «Pintura eta eskulturan greziar artea imitatzearen gaineko gogoetak») 1754. urtean argitaratutako liburu bat da, Johann Joachin Winckelmann Alemaniako arte historialari eta arkeologoak idatzia.

Liburu honetan bilduta daude, neoklasizismoaren oinarri izango diren ideia estetikoak, gerora areago garatuko dituenak Geschichte der Kunst des Alterthums («Antzinateko Arte Historia», 1764) liburuan. Hala ere, XVII. mendeko Frantziako estetikaren inguruan Anne Claude de Caylusek jorratuko zituen ideia batzuk Winckelmannek liburu honetan aurreratu zituela esan daiteke.

Ideia nagusia: edertasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Winckelmannek liburuaren hasieran "gustu ona" delakoaren inguruan hitz egiten du, honen sorrera eta esentzia Grezian kokatuz, inguruko gizarteetan sorturiko artearen hazia bertara iritsi eta Grezian loratu zela esaten baitu. Horregatik, imitaezintasuna eta artearen alorrean hoberenak izateko aukera bakarra Greziarren artea imitatzearekin lotzen zela adierazten du. Imitazio honetan, garaiko artistarik hoberentzat aipatzen ditu Rafael eta Michelangelo, besteak beste. Arte Grekoa imitatzearen zergatia edertasuna ulertzeko zuten ikuspuntuari lotuta dago.

Greziarrentzako edertasuna (Wincklemannentzako ideala), naturaren imitazioaz haratago doan edertasunaren kontzeptua zen. Izan ere arte greziarra ez da naturan zuzenean ikusten den edertasuna zuzenean imitatzen saiatzen, izan ere edertasunaren ideia bera islatzea lortzen dute, naturatik at kokatzen dena, ideia metafisikoa. Lehen aipaturiko garaiko artista "modernoek" egin behar zuten imitazioak ez zuen soilik obren kopia arrunt bat izan behar.

Kopia eta imitazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Winckelmannek kopia eta imitazioaren kontzeptuak bereizten ditu, liburuan bertan. Alde batetik "Kopia" kontzeptua dugu, zeinak obra originalekiko egiten den alderaketa edo urreratze estetiko materialari egiten dion erreferentzia. Bestetik "Imitazio" kontzeptua, garaiko mundua ikusteko era eta begirada estetikoaren islatzat ulertzen zuen, kopiaz haratago.

Testuan zehar greziarren edertasunaren kontzeptu ideala imitagarria dela defendatzeko ondorengo elementuetan oinarritzen da: gorputzaren kultua, drapeatua, ingurua edo ingerada, soiltasuna eta handitasuna eta unibertsaltasuna, azken hiru hauek "Laokoonen" ereduaren baitan garatzen ditu.

Elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputzaren kultua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinatean aurkitu daitekeen ezaugarri adierazgarrientariko bat da gorputzaren inguruan eginiko kultua. Winckelmannek hori argi azpimarratzen du bere lanean. Hori adierazteko aintzinateko artistek eta bere garaikoek zituzten ereduen arteko konparaketa egiten du, aintzinatekoen ereduak goraipatuz.

Greziako artistek beraien lanetarako adibideak errealitatetik ateratzen zituztela aipatzen du, horretarako gimnasio zein Olinpiar jokoetako kirolarien gorputzei erreparatzen zietela esaten du. Eredu naturalak baliatuzko dituztenez, postura, silueta zein giharren posizioak nolakoak izan behar ziren ulertuko zuten eta kontzeptu horiek "barneratzean" egongo zen Winckelmanen garaiko artisten eta aintzinateko artisten artean egongo zen bereizketarik edo desberdintasunik handiena. Izan ere, lehen esan bezala, Winckelmanek ez du imitazioaren gakoa soilik eredu materialen kopiaketan jartzen, greziar artistek zuten mundua ulertu eta imitatzeko era idealizatuan baizik. Hori dela eta, Rafael eta Michelangelo bezalako artista "modernoei", ikuspegi hura bere osotasunean ez lortzea egozten die; ez baitute greziar garaiko natura eta eredu zuzenen erreferentziarik, postura artifizialetan kokatutako modeloenak baizik.

Ingurua edo ingerada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Praxiteles (K.a 350) Knidoko Afrodita

Gorputzaren kultuak emaniko eredu perfektuez gain, naturaren espiritualizazioa egingo dute, hau da natura ulertzearen bitartez lortuko zuten perfekzioa aintzinateko artistek eta ez honen imitazio soilarekin (lehen aipatu modura). Honela, Plotinok esan zuenarekin lot dezakegu Winckelmannen ideia hau, non eskultura batek perfekzioa lortuko duen, eskultura horrek adierazi nahi duen ideia zerutiar idealizatutik ahalik eta gertuen kokatzen denean. Horrela naturaz gaindiko forma erabiliko dute gizakiak zein jainkoak irudikatzeko ere. Gorputz perfektu horiek lortzeko erregela bat zegoela dio, izan ere, natura ez da izango gorputz hain perfektuak sortzeko gai, ondorioz, irudikaturiko eskultura horiek errealitatearekiko gertu egon behar dute, baina, aldi berean, ahalik eta ederren eta perfektuen irudikatu. Erregela hori aplikatzeko modua arrazoimenean oinarritzen zela adierazten du, horren adibide Praxitelesen Knidoko afrodita jarriz.

Gorputza, haren imitazioa eta ideal perfektuen arteko lotura egokia egiteko Winckelmannek, Inguruak edo kanpo diseinuak izugarrizko garrantzia duela dio; nolabait ideia guztiak bateratuko dituelarik inguruak, hau da, idealaren eta naturalaren arteko batasuna bultzatuko du. Batasun hori Michelangelok soilik lortzen zuela aipatzen du, baina soilik irudikapen gihartsuetan.

Drapeatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Drapeatua, aintzinatean ohial bustien teknikaren bitartez gorputzak era sotil batean estaltzeko moduari deitzen zaio. Honen bitartez aintzinateko artistek gorputzak estaliak baina era berean esplizituki agerian adieraztea lortzen zuten. Ohial bustien teknika, estalki heze eta estuen erabilerari deitzen zaio, zeinak gorputzera ongi egokitzen ziren.

Greziarrek drapeatuarekin lortzen zutena ordea artista garaikideek soineko edo jantzien superposizioaren bitartez lortzen zuten, jantzi horiek gainera oso pisutsuak izaten zirelarik. Hori medio ezin izaten zituzte tolesdurak sortu, baina gorputzaren berri berdin-berdin ematen zutela esaten du.

"Sinpletasun duina" eta "handitasun lasaia"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laokoon eta bere semeak

Lehen esan bezala, kopia hutsetik aldendu eta benetako imitazioa lortzeko, ezinbestekoa da greziarren propioa zen mundua ikusi, ulertu eta interpretatzeko era imitatzea, hau da, eredu materialetik haratago joan beharra. Behar honek eraginda, neoklasikoaren muina izango den baieztapena agerrarazten du Wincklemanek: arte grekoaren "sinpletasun duina" eta "handitasun lasaia" imitatu behar dela. Bi elementu horiek aztertu aurretik ezinbestekoa da aipatzea autoreak artearen funtzio komunikatiboa azpimarratzen duela, hau da, arteak mezu bat transmititzen duela. Lotura handia dago hemen artearen mezua eta garaiko baloreen transmisioarekin.

Winckelmannen arabera, antzinateko artearen imitazioan, edertasunaren imitazioa eta transmisioa dago, hau da, mezu garrantzitsuena edertasuna da. Hala ere, edertasunak, bere zentzu klasikoan, Platon eta Plotinoren arabera zehazki, ontasuna dakar barnean. Honela, hemen agertzen da antzinate klasikoak plazaratutako mezua: ederra dena transmititu behar da, ona delako. Beraz, ederra ona den ideia hori helarazteko modua bilatzen du Winckelmannek, horregatik baieztatzen du arte greziarrak "sinpletasun duina" eta "handitasun lasaia" duela, eta hori imitatu behar dela.

Azken finean, mezua hobeto helarazi ahal izateko eskulturaren formak sinplea izan behar du, mezua argia izatekotan. Hortaz, ez du ezer ezkutatu behar. Baina, era berean, mezuaren definizio formala, hau da, gauzapen materiala, duintasunez erakutsi behar da. Garaian duintasunaren ideia honi estuki loturiko balore arautu batzuk jarraitu behar ziren, “decorus” deiturikoak, eta gizartean arau horiek jarraitu behar zirenez, artean gauza berdina egin behar zen, artea eredugarria eta hezigarria baitzen.

Era berean, ordea, transmititu nahi zen mezu edo ideia horrek handitsua izan behar zuen, unibertsala, baina modu lasai batean agertu behar zen irudikatuta, gehiegikeriak alde batera utziz, "decorusa" jarraituz. Hau da, "handitasun lasaia" izan behar zuen. Baieztapen hori azaltzeko Laokoonen eskultura, itxasoarekin alderatzen du. Itsasoak gainazalean ekaitza irudika dezake, olatuek eta ur uhin bortitzek eragindako geruza adieraziz; barnean ordea, hondoan, dena dago lasai eta bare. Laocoontek berdina adierazten du, gorputz tinkatu eta bihurrituek sufrimendua, ezinegona adierazten dute, handitasunez; aurpegien espresioek ordea ez dute ohiurik egiten, hasperen egiten dute, sufrimendua jasanez zoratu gabe, eskulturaren arima duin eta sinplea adieraziz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]