Energia geotermiko
Energia geotermikoa (grezierazko geo, "Lurra" eta thermos, "beroa") lur barneko beroaz baliatuz lortzen den energia da.
Lurraren barne energia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lur sortu berria beroa zen, eta barnean gorde du bero hori. Baina lurraren geruza sakonetan dauden elementu erradiaktiboen desintegrazioak ere beroa sortu du, baita meteoritoen talkek. Urtzearen ondorioz, materialak dentsitatearen arabera antolatu ziren: dentsoenak erdigunean geratu ziren, eta arinenak lurrazalera atera ziren. Lurra hoztuz joan da, baina oraindik ere barneko beroa gai da prozesu geologikoak abiatzeko.
Ezaugarri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Energia geotermikoa bi modutara erabil daiteke, beroaren jatorriaren funtzioan. Alde batetik, Lurraren barneko magmak sortutako beroa, lurzoru bolkanikoetan, ur termaletan edo geiserretan azaleratzen dena, zuzenean erabil daiteke (tenperatura altuko energia geotermikoa). Bestalde, lurzoruaren masa handiak metaturiko beroa ere aprobetxa daiteke, nahiz eta tenperatura baxuagoan egon (tenperatura baxuko energia geotermiko deritzo), etxeko ur beroa eta girotzea (berotzea eta hoztea) sortzeko edozein tokitan. Kasu horretan ez da beroa zuzenean erabiltzen, baizik eta zoruak eskaintzen duen bero-trukerako ahalmena (beroa xurgatzea eta ematea tenperatura konstantean mantenduz); elkartruke geotermikoa deritzona da.
Energia honetaz baliatzeko tresneriaren funtsa hiru elementuk osatzen dute: lurpearekin trukea egiteko zirkuitua, bero-ponpa bat eta eraikinarekin trukea egiteko zirkuitua. Lurrazpiko zirkuitua instalatzeko hainbat zulaketa egin behar dira lurrean. Zirkuitu honetan ura edo ur glikolduna sartzen da, lurreko kaloriak xurga ditzan eta eraikinetara eraman ditzan bero-ponparen bidez. Berogailu moduan, sistemak 3 kilowatt geotermiko (beraz, berriztagarri) inguru xurga ditzake erabilitako kilowatt elektriko bakoitzeko. Udan sistemak alderantziz funtzionatzen du, hozte moduan: zirkuituak eraikinaren beroa harrapatzen du eta zoruan barreiatzen du. Instalazio honen bizitza erabilgarria 50 urtekoa da gutxienez.
Etxebizitza isolatuen kasuan, 180 m2 lorategi eduki behar dira kanpoan, barruko azalera erradiatzaileen 100 m2 bakoitzeko. Kontuz egin behar dira lanak, instalazioa sortzeko fasean afekzioak egon baitaitezke, hala nola akuiferoen aldaketa hidrokimikoak edo akuiferoen nahasteak.
Abantailak eta desabantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abantailak:
- Kanpoko energiaren menpekotasuna saihesteko iturria da.
- Petrolioak eta ikatzak baino hondakin gutxiago sortzen du.
- Aurrezteko modu onenetakoa da bai ekonomiko bai energetikoki.
- Ez du sortzen kanpo zaratarik.
- Baliabide geotermikoak ikatz, petrolio,eta gas natural baliabideak baino handiagoak dira.
- Ez dauka prezioaren aldaketarik.
- Lur gutxiago behar da geotermiko eraikuntza egiteko.
- Isurketa gutxiago eragiten du
Desabantailak:
- Azido sulfidrikoaren isurketak kopuru handiak ez dira sumatzen eta hilgarriak dira.
- Alboko uren kutsadura arsenio, amoniako bezalako elementuekin.
- Kutsadura termikoa.
- Pasaiaren hondatzea.
- Ezin da garraiatu.
- Leku batzuetan bakarrik erabili daiteke.