Edukira joan

Gerra psikologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
«Barkatu, ez genekien ikusezina zenik». Serbiar kartela (1999) jugoslaviar indarrek NATOren F-117 Nighthawk hegazkin estatubatuarra eraitsi ondoren.

Gerra psikologikoa gatazka batean zuzenean armak erabili gabe aurkaria menderatzeko erabiltzen diren teknika psikologikoen multzoa da. Hiru helburu izan ditzake: disuasioa, gogatzea eta sedukzioa. Gerra mota honetan, propaganda erabiltzen da, etsaien kemenaren azpiak jateko, eta norberarena indartzeko.

Denborarekin, hainbat izen jaso ditu, hala nola MISO (Military Information Support Operations), PSYOP (operazio psikologikoak), gerra politikoa, gerra kognitiboa, koruak eta buruak, edo propaganda, besterik gabe. Oro har, beste gizabanako edo aurkariengan erreakzio planifikatua eragiteko metodo psikologikoak erabiltzen dituen edozein ekintzari egiten dio erreferentzia.

Gerra psikologikoa gatazka militarretan, espioitzan eta estrategia geopolitikoetan erabili ohi da, baina beste esparru batzuetara ere zabaldu da, hala nola publizitatera, komunikazio instituzionalera eta desinformazio digitaleko kanpainetara. Testuinguru horietan guztietan, helburua aurkariaren edo iritzi publikoaren jarrera eta borondatea eragitea, modelatzea edo ahultzea da, informazioa manipulatzeko tekniken bidez.[1].

Helburuak eta estrategia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra psikologikoko operazioen helburua gizabanakoen edo kolektiboen adimenean eta portaeran eragitea da, helburu estrategikoak, militarrak edo politikoak lortzeko. Publiko objektiboak (target groups) gobernuak, armadak, korporazioak, taldeak edo gizabanakoak izan daitezke[2]. Gerra psikologikoaren estrategia ohikoenak honako hauek dira:

  • Sinesmenak eta balioak aldatzea: sinesmen-sistema eta aurkari edo publiko jakin baten pertzepzioak eta jarrerak aldatzea.
  • Emozioak eta motibazioak modelatzea: beldurra, gogorik eza, euforia edo konfiantza sortzea, erabakiak hartzea baldintzatzeko.
  • Jokabidean eta arrazoiketan eragitea: nahi diren portaerak eragitea (desmobilizazioa, lankidetza, abstentzioa) edo aurkako planak zapuztea.
  • Etsaiaren morala higatzea: tropak edo herriak desmoralizatzea, erresistentzia-borondatea murrizten duten mezuen bidez.
  • Erreakzio zehatzak eragitea: aurkariaren aitorpenak, joan-etorriak, desertzioak edo kalkulu-akatsak lortzea.
  • Euskarriak eta zilegitasuna sendotzea: aliatuen edo populazio neutralen arteko aldeko jarrerak eta jokabideak indartzea.

Estrategia horiek hedabideen konbinazio baten bidez garatzen dira (propaganda, desinformazioa, mezu sinbolikoak, filtrazioak), eta askotan ezkutuko operazio militarretan, operazio beltzetan edo bandera faltsuetan integratzen dira. Nabarmendu behar da, testuinguru legalaren eta etikoaren arabera, praktika horietako askok informazio-manipulazioari eta xede-biztanleriaren eskubideei buruzko gai eztabaidagarriak planteatzen dituztela.

Propagandes (jatorrizko frantsesezko argitalpena, 1962) lanean, Jacques Ellulek gerra psikologikoa nazioen arteko bake-politikaren ohiko praktika aztertzen du, zeharkako eraso moduan ulertua. Ellulen arabera, propaganda mota honek iritzi publikoa agortzea bilatzen du, bere epaitzeko gaitasuna ahulduz eta aurkako erregimenaren barne-kohesioa txikituz. Bereziki zaila da eraso horri aurre egitea, nazioarteko auzitegiek ezin baitute eraso psikologikoaren aurka eraginkortasunez babestu. Elllek honela laburbiltzen du mekanismo hori: «propagandistak aurkari atzerritar baten aurka borrokatzen dira, eta haren morala baliabide psikologikoen bidez suntsitzen saiatzen dira, azkenean zalantzan jar dezan bere sinesmen eta ekintzen baliozkotasuna»[3].

K.a. VI. mendean, Bias de Priene greziarrak arrakastaz eutsi zion Lidiako errege Aliatesen setioari, mando pare bat gizenduz eta setiatutako hiritik kanpora eramanez, baliabide ugari zituztela erakusteko.

Alexandro Handiak Persiar Inperioaren kontrako kanpaina militarran.

Pelusioko guduan, K.a. 525ean, Persiar Inperioaren eta Egiptoren artean, persiarrak katuekin joan ziren egiptoarren moralari eragiteko, sakratutzat baitzituzten.

Alexandro Handiak Europaren eta Ekialde Ertainaren zati handi bat konkistatu zuen, eta bere lurraldeak tokiko eliteak eta administrazioa erabiliz mantendu zituen. Alexandro Handiak bere izen batzuk konkistatutako hiri bakoitzean utzi zituen greziar kultura inplementatu eta disidenteekin amaitu zezaten. Soldaduei bertakoekin ezkontzeko dohainak ordaindu zitzaizkien, asimilazioa eragiteko.

Genghis Khanek, XIII. mendeko Mongoliar Inperioaren buruak, teknika zuzenak erabili zituen. Etsaiaren borondatearekin amaitzen saiatzen zen, kokaguneari eraso baino lehen. Jeneral mongoliarrek Khanekiko mendekotasuna eskatzen zuten, eta hiriak suntsitzearekin mehatxatzen zituzten amore emateari uko egiten bazioten. Asentamendua hartzeko borrokatu behar bazuten, jeneral mongoliarrek beren mehatxuak bete eta bizirik atera zirenak sarraskitzen zituzten. Horda inbaditzailearen istorioak inguruko herrixketara hedatzen ziren eta segurtasun gabeziako giroa sortzen zen, etorkizunean erresistentziaren aukerak ahultzen zituena. Taktikak erabiltzen zituen bere tropa kopurua benetan zena baino handiagoa izan zedin. Gaueko operazioetan, soldadu bakoitzari agintzen zion egunsentira arte hiru zuzi pizteko, armada erraldoi baten ilusioa sortzeko eta horrela esploratzaile etsaiak engainatu eta beldurtzeko. Batzuetan, gauzak lotzen zituen zaldien isatsetara, lur lehorra zuen zelai zabal batean zaldiz zihoazenean, hauts laino bat harrotzeko, etsaiari gehiago zirrara eragiteko. Bere soldaduek ere gezi berezi batzuk erabiltzen zituzten, airean hegan zihoazela txistuka, etsaia zarata horrekin beldurtzeko.[4]

1740ko hamarkadan, Prusiako Frederiko Handiak erregimentu berezia zuen, 2 metrotik gorako altuerako gizonekin. Bere «erraldoiak» bakarrik erabiltzen zituen irabaziko zuela uste zuenean, eta etsaia garaitua sentitzen zen haiek soilik ikusi arren.

Omar kalifa musulmanak, bizantziarren aurkako guduetan, errefortzu talde txikiak bidaltzen zituen, armada handi bat pilatzen ari zela eta berarekin ituna egin behar zutela irudi zezan.

Aro garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra psikologikoko operazio modernoen hasiera Lehen Mundu Gerran kokatu egiten da. Garai hartan, mendebaldeko gizarteak alfabetatuago zeuden, eta egunkariak eta kartelak zabal zitezkeen. Paskinak jaurtitzea ere posible zen, hala nola propaganda hegazkinez edo mortero-sistemen bidez jaurtitzea[5].

Britainiarrek munduko nazio gehienekin harreman onak zituen zerbitzu diplomatikoa zuen, Alemaniak, berriz ez zeukan diplomazia garatuta[6].

Lord Brycek talde bat bidali zuen 1915an belgiar zibilen aurkako izugarrikeriei berri emateko.

1914ko abuztuan, David Lloyd Georgek Charles Masterman legebiltzarkidea izendatu zuen Wellington Houseko propaganda agentzia baten zuzendari. Talentu handiko idazle talde batek eman zuen izena, horien artean Arthur Conan Doyle, Ford Madox Ford, Gilbert Keith Chesterton, Thomas Hardy, Rudyard Kipling eta Herbert George Wells. 1160 panfleto baino gehiago argitaratu ziren gerran zehar. Herrialde neutraletara banatu ziren eta, azkenik, Alemaniara. Lehen argitalpen garrantzitsuetako batek, 1915eko Report on Alleged German Outrages-ek, eragin handia izan zuen mundu osoko iritzi orokorrean. Panfletoak Alemaniako armadak Belgikako zibilen aurka egindako izugarrikeriak, benetakoak zein alegatuak, dokumentatu zituen. Ilustratzaile holandar batek, Louis Raemaekersek, panfletoan agertu ziren marrazki oso emozionalak eman zituen[7].

1917an, bulegoa Informazio Sailean sartu zen eta telegrafo, irrati, egunkari, aldizkari eta zinemarako zatitu zen. 1918an, Viscount Northcliffe herrialde etsaietako propaganda-zuzendari izendatu zuten. Sailak propaganda egiten zuen Alemaniaren aurka, H. G. Wells-ek antolatua, eta Austria-Hungariako Inperioaren aurka, Wickham Steed eta Robert William Seton-Watson-ek gainbegiratua. Azken horren ardatza Inperioaren kohesio etnikoa murriztea eta gutxiengoen arteko desadostasunak areagotzea zen, kroaziarrak eta esloveniarrak kasu. Honek garrantzi handia izan zuen Austria-Hungariako Armadak Vittorio Venetoko guduan izandako porrotan[8].

Panfletoak jaurti zituzten airez Alemaniako lubakien kontra, non gerrako presoen postalak zeuden eta besteak beste haien egoera, errendizioen albisteak eta kaiser eta jeneral alemaniarren aurkako propaganda agertzen ziren. Gerraren amaieran, MI7b-k 26 milioi panfleto banatu zituen. Alemanak tiroka hasi ziren propaganda zeramaten hegazkinei, eta britainiarrek eskifaiarik gabeko globoak egin zituzten propaganda jaurtitzeko. Panfleto horietako zazpitik bat, gutxienez, ez zieten ematen soldaduek beren nagusiei, nahiz eta delitu horrengatik zigor zorrotzak ezarri. Hindenburg jeneralak berak ere onartu zuen «ezer susmatu gabe, milaka askok pozoia kontsumitu zutela», eta gerrako presoek onartu zuten desilusionatuta sentitzen zirela propaganda panfletoek kanoi-haragi gisa aurkezten zituztenean. 1915ean, britainiarrak egunkari erregular bat botatzen hasi ziren, Le Courrier de l'Air, Alemaniak okupatutako Frantzia eta Belgikako lurraldeetan zibilentzat[9].

Gerraren hasieran, Frantziako gobernuak komunikabideen kontrola hartu zuen albiste txarrak ezabatzeko. 1916an, Maison de la Presse ezarri zutenean, antzeko taktikak erabiltzen hasi ziren gerra psikologikorako. Bere ataletako bat Aireko Propaganda Zerbitzua izan zen, Ernest Tonnelat irakasleak eta Jean-Jacques Waltz Alsaziako artistak zuzendua. Frantziarrek ilustraziodun panfletoak bakarrik banatzen zituzten, nahiz eta Woodrow Wilson Estatu Batuetako presidentearen Hamalau Puntuak, Alemaniako egunkariek asko aldatu zutena, osorik banatu zuen Frantziako Aireko Propaganda Zerbitzuak.

Erdialdeko Potentziek gutxi erabili zituzten teknika hauek; hala ere, gerraren hasieran alemaniarrek Otomandar Inperioko sultanak Entente Hirukoitzaren aurkako gerra santua aldarrikatzea lortu zuten. Baita saiatu zuten Britaniar Inperioaren kontrako erasoa bere menpeko lurraldeetan, hala nola, Irlandan, Afganistanen eta Indian. Alemaniar garaipenik arrakastatsuena Lenin errusiarra trenez bidaltzea Suitzatik Finlandiara Tsar eroipenaren ondoren. Boltxebikeen Iraultza Errusiak gerratik aterako zuen[10].

Bigarren Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Szunyogh, Béla. (1955). «Psychological warfare; an introduction to ideological propaganda and the techniques of psychological warfare» William-Frederick Press (Amerikako Estatu Batuak).
  2. Wall, Tyler. (2010). «U.S. Psychological Warfare and Civilian Targeting» Vanderbilt University (United States): 289..
  3. Ellul, Jacques. (1973). Propaganda: the formation of men's attitudes. Vintage Books ISBN 978-0-394-71874-3. (kontsulta data: 2026-03-04).
  4. (Ingelesez) Offense and Defense in the International System. Transaction Publishers 2002-01-01 ISBN 978-1-4128-2993-9. (kontsulta data: 2026-03-04).
  5. «ALLIED PSYOP of WWI» www.psywarrior.com (kontsulta data: 2026-03-04).
  6. (Ingelesez) Linebarger, Paul Myron Anthony. (1954). Psychological Warfare. Combat Forces Press (kontsulta data: 2026-03-04).
  7. (Ingelesez) «The Battle for the Mind: German and British Propaganda in the First World War» Quadrivium 2008-04-25 (kontsulta data: 2026-03-04).
  8. «ALLIED PSYOP of WWI» www.psywarrior.com (kontsulta data: 2026-03-04).
  9. (Ingelesez) Taylor, Philip M.. (1999). British Propaganda in the 20th Century: Selling Democracy. Edinburgh University Press ISBN 978-0-7486-1039-6. (kontsulta data: 2026-03-04).
  10. «German WW1 Psyop» www.psywarrior.com (kontsulta data: 2026-03-04).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]