Giardia lamblia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Giardia lamblia
Giardia lamblia SEM 8698 lores.jpg
Sailkapen zientifikoa
Erreinua Protista
Filuma Metamonada
Ordena Diplomonadida
Generoa Giardia
Espeziea Giardia lamblia
Datu orokorrak
Gaixotasuna Giardiasia

Giardia lamblia (Giardia intestinalis ere deitua) heste meharra kolonizatzen duen protozoo parasitoa da, giardiasi izeneko gaitza sortzen duena. Giardiasia patologia gastrointestinala da, sabeleko mina, beherakoak, meteorismo eta nekea eragiten dituena. Protozoo honetaz kutsatutako ur edo janariak hartzean harrapatzen da.

Giardia lamblia ez da odolera pasatzen infektatzerakoan, eta heste meharra besterik ez du kaltetzen.

Anton van Leeuwenhoek, mikroskopio optiko modernoaren asmatzailea, lehena izan zen protozoo bizkarroi hau ikusten. 1681ean infekzio baten ondorioz beherako bortitzak izan zituen, eta bere gorotzen lagin bat mikroskopioan aztertuz Giardia lambliaren kisteak ikusi zituen [1].


Ezaugarriak eta bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giardia mikrobio anaerobioa da. Mugikorra da, eta 8 flageloen bidez higitzen da. Sabelaldeko bentosa bat dauka, heste-epitelioari atxikitzeko balio diona.

Bere bizi-zikloan protozoo bizkarroi honek bi morfologia ezberdinak ditu: trofozoitoa (infektatutako ostalariaren barnean) eta kistea (ostalaritik kanpo bizi denean, erresistentzia handiko egitura). Trofozoitoak bi nukleo ditu, eta goian aipatu diren flageloak eta sabelaldeko bentosa; madari itxurakoa da eta 20 mikrako luzeera du. Kisteak arrautza itxurakoak dira, obalatuak, 12 mikrako luzeera dute eta lau nukleo; ez dute flagelorik [2].

Kisteak dira forma infekziosoak. Gizakia edo animalia infektatuek kiste horiek haien gorozkiekin askatzen dituzte. Kisteak oso erresistenteak dira, eta uretan edo lurrean luzaro iraun dezakete. Ostalari berri batek kisteak irensten dituenean (ur edo janari kutsatuekin batera), heste meharrera iritsi eta bertan trofozoito bihurtzen dira. Trofozoitoak heste meharrean finkatzen dira eta erdibiditzearen bidez ugaldu egiten dira. Hesteetako traktutik behera mugitu eta, kolonera helduta, kiste bihurtzen dira berriz, gorotzekin batera kanporatuak izanik.

Kisteak nahiko erresistenteak dira kloroaren aurrean, eta honek arazo ugari sortzen ditu edateko ura infektatzen denean. Ura arazteko klorazioa bakarrik erabiltzen duten ur-sistemetan giardiasiaren agerraldi batzuk gertatu dira [3].

Giardia lambliaren bizi-zikloa.

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «giardiasi»

Giardia lambliaren infekzioak askotan ez du gaixotasunik sortzen: gizabanakoa protozoo bizkarroiaren eramailea da, baina ez du gaitzaren sintomarik.

Beste kasu batzuetan, aldiz, giardiasi izeneko gaitza agertzen da: odolik eta mukirik gabeko beherako urtsuak, sabeleko hantura eta mina, flatulentziak, nekea, eta koipe eta bitamina liposolugarrien xurgaketaren akatsak, besteak beste, giardiasiaren sintoma nagusiak dira.

Gaitza gorotz-aho bidetik transmititzen da, infekzio gastrointestinal gehienen antzera.

Gizakia infektatzeaz gain, protozoo horrek beste animalia batzuk ere (kastoreak, arratoiak, behiak, ardiak...) jotzen ditu. Honenbestez, animalia horien gorozkiek ere edateko ura infektatu dezakete.

Gaitza zuzen diagnostikatzeko kisteak edo trofozoitoak bilatu behar dira gorotzetan. ELISA zuzenaren bidez ere gorotzetan Giardiaren antigenoak antzeman daitezke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la microbiología, vol. II, ed. Reverté (1998): 569 orr.
  2. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 333-335 orr.
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:978-979 orr.