Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako Eskola Politeknikoa.
Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Euskal Herriko Unibertsitateko zentro bat da. 2016ko urtarrilaren 5ean Euskal Herriko Unibertsitateko zentroen berrantolaketan sortua. Donostiako Eskola Politeknikoa eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola fusionatu ziren eta horrela Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola sortu zen.[1]

Eratzea, historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako zentroarena

Sakontzeko, irakurri: «Donostiako Eskola Politeknikoa»

Egungo Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola 1952. urtean sortu zen, Peritutza Industrialeko ikasketak (garai hartan deitzen zen bezala) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Irakaskuntza Teknikoen Zuzendaritza Nagusiaren mendekoak zirenean. Lehenengo promozioak 1957. urtean bukatu zituen ikasketak, eta Mekanika, Elektrizitate eta Kimika espezialitateetan hogei bat graduatu egon ziren guztira.

Garai hartako Peritu Industrialen Eskolak 1950 eta 1970 urte bitartean bigarren hezkuntza ondoko ikasketetan alternatiba gutxi zituen gazte asko lanbide-mailan eta maila pertsonalean sustatzen lan garrantzitsua egin zuen. Gazte horietako askok Lanbide Heziketako maila gainditzeko aukera izan zuen Ingeniaritza Teknikoan. Ondoren, graduatu horiek Lanbide Heziketa modernoa garatu zuten Gipuzkoan, eta Tekniker eta Ikerlan bezalako zentro teknologikoen sorreran ere parte hartu zuten; zentrook 70eko hamarkadan sortu ziren.

70eko hamarkada aldaketa handia gertatu zen Eskolan, 1970eko Hezkuntzaren Lege Orokorraren ondorioz. Izan ere, Eskola Unibertsitatean integratu egin zen eta orduan Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola (IITUE) izena hartu zuen. Eskola Unibertsitatean integratu zenean, Industria Elektronika eta Industria Antolakuntza espezialitateak ezarri ziren. Azken hori 90eko hamarkadaren hasieran desagertu egin zen.

90eko hamarkada loraldi garaia izan zen, guztira 2.220 ikasle eta 300 graduatu inguru izaten baitziren urtero. 1995. urtean ikasketa-plan berria ezarri zen eta honako titulazioak ematen hasi ziren: Mekanikan Industria Ingeniaritza Teknikoa, Elektronikan Industria Ingeniaritza Teknikoa, Elektrizitatean Industria Ingeniaritza Teknikoa eta Industri Kimikoan Industria Ingeniaritza Teknikoa.

Azken urte hauetan asmo handiko proiektuak garatu izan dira Donostiako IITUErako. 2001-02 ikasturtean Industria Antolakuntzan Ingeniaritzako bigarren zikloa ematen hasi zen. 2002-03 ikasturtean, bi titulazio berri gehitu ziren Eskolan: Herri-Lanetan Ingeniaritza Teknikoa eta Arkitektura Teknikoa. Jadanik titulazio ugari ematen zirenez, kokaleku egokia behar zen. Eraikin berria 2003-04 ikasturtean inauguratu zen eta ikastegiak orduz geroztik izen berria du, titulazio guztiak biltzen dituen izena, alegia: Unibertsitate Eskola Politeknikoa (EUP/UEP-D). 22000 m2-ko eraikina da eta Ibaetako Unibertsitate Campusean dago.[1]

Eibarrekoa

Garai bateko Eibarko Unibertsitate Laboraleko campusa Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) menpeko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Hezkuntza Esparruak osatzen dute. Aldi berean, Esparru horrek Uni Eibar-Ermua BHI erdi mailako ikasketen zentroa eta Egoitza Zentroa barne hartzen ditu.

Eibarko Zentro Tekniko Laborala unibertsitate laboralen sistemaren barnean sartzen zen; mota horretako zentroen zerrendako hamaikagarrena zen, eta Euskal Herriko bakarra. 1968ko azaroaren 14an hasi ziren zentroko eskolak eta jarduera akademikoak.

Inguruneko industria maila altua zela eta, beharrezkoa zen tekniko gaituak prestatzea, bereziki industria nagusienetan. Hori oinarritzat hartuta, zentro honetarako irakaskuntza hauek aukeratu ziren:

  • Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Elektronikoa eta Makina Elektronikoak espezialitateekin.
  • Ingeniaritza teknikoko ikasketetarako prestakuntza ikastaroa
  • Goi Mailako Batxilergo Teknikoa (Elektronika espezialitatea)

Urteak igaro ahala, Batxilergoko ikasketak eta Lanbide Heziketako hainbat espezialitate gehitu zituzten.

1988an, Industria Ingeniaritza Tekniko Elektrikoa (Industria Elektronika espezialitatea) ematen zuen Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak izaera propioa hartu zuen eta UPV/EHUn sartzeko prestatu zen. Sarrera hori 1994an gertatu zen, eskualdeko udalen, enpresarien eta beste erakunde batzuen babesarekin.

1996/97 ikasturtean, Mekanikako Industria Ingeniaritza Teknikoko ikasketak ematen hasi ziren, espezialitate horrek eskari handia baitzuen Debabarrena eskualdean.

2011ko irailean, Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Gradua berezko unibertsitate titulua ematen hasi ziren, hiru urtekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren lankidetzarekin.

2010/11 ikasturtean Europako Unibertsitate Eremua martxan jarri zenean, eta, ondorioz, UPV/EHUko ingeniaritza titulazioak berregituratu zirenean, zentroak titulazio hauek galdu zituen:

  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua

2009/10 ikasturtean, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduaren memoria egin zen, eta 2011ko apirilaren 30ean, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) azken ebaluazio txosten bat, aldekoa, bidali zuen.

2011ko irailaren 6tik arrakastaz ematen den titulazio horri esker, zentro txiki honen biziraupena bermatuta dago. Zentroa txikia izanagatik ere, esperientzia handia du unibertsitate irakaskuntzan, eta bere funtsezko ezaugarrietako bat Eibarren egotea da, izan ere, Euskal Herriko hiru hiriburuetatik distantzia berera kokatuta dagoen hiri honek industria tradizio handia eta ekintzailetzarako nahiz berrikuntzarako gaitasuna ditu bereizgarri.[2]

Titulazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolak zazpi gradu eskaintzen ditu, bi nazioarteko titulazio bikoitza eta hiru gradu bikoitza

Ikerketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskolan ikerketa talde hauek aritzen dira:

  • ENEDI. Eraikuntzaren Energetika.
  • Beira metalikoen taldea.
  • Ingeniaritza nuklearra eta jariakinen mekanika.
  • Hizketa-ezagutzea
  • Giza-Ingeniaritza eta Bioingeniaritza Taldea .
  • GMT (Materialak + Teknologiak taldea).
  • BIOMAT-biopolymeric materials.
  • Biofindegi prozesuak (BioRP)[3]
  • Science, Technology and Mathematics Education Research Group (STEM-ERG)
  • Hortz Ingeniaritza Ikerketa Taldea
  • GISEL
  • BRiDGE
  • ONEKIN
  • KIEEIL
  • CADPE
  • EOLO THEMIS

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Historia» politeknikoa (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  2. «Aipamen historikoa» eibar (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  3. «Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Madagaskar energiaz hornitzen» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]