Goardia baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Goardia baserria
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea Euskal Herriaren barnealdeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Idiazabal
Koordenatuak 43° 01′ 01″ N, 2° 14′ 44″ W / 43.0168255388°N,2.24543830908°W / 43.0168255388; -2.24543830908Koordenatuak: 43° 01′ 01″ N, 2° 14′ 44″ W / 43.0168255388°N,2.24543830908°W / 43.0168255388; -2.24543830908
Altitudea 291 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Arkitektura
Estiloa Arkitektura barrokoa
Ondarea
EJren ondarea 26

Goardia Idiazabalen (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVIII. mendean eraikia.

2010eko azaroaren 8an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurako mugetatik hurbil dagoen muino txiki batean eraiki zen Goardia baserria; San Adriango garai bateko errege-bidea ikusten da bertatik. Oinplano karratukoa da (18,6 x 18,6 metro). Malda txikiko egurrezko estalkia dauka, 4 isurkikoa, artisau erako hodi-teiladuna. Beheko solairua eta ganbara baino ez ditu. Fatxadak zarpiatuak ditu. Beheko solairuan sarrera nagusia dago, hegoaldeko fatxadan. Lau fatxadetan ditu leiho-zuloak, era desberdinetakoak. Batzuk, zaharrenak, harlanduz eginak dira. Iparraldeko fatxadan hainbat teilape ditu erantsita, eta, beraz, fatxada horren zatirik handiena ez da ikusten. Hegoaldeko fatxadaren ekialdean etxebizitza-eranskin bat dauka, 7,9 x 6,2 m-koa. Baserriaren ondoan, mendebaldean, bi eraikin lagungarri daude. Eranskin horiek ez dira monumentuaren zatitzat hartzen.

Baserri honek duen egurrezko egitura oso berezia da. Beheko solairuan bi habe luze ditu, pieza bakarrekoak (18,6 m-koa bakoitza). Habe horiek hiru horma-artetan banatzen dira. Beheko solairuaren erdian harrizko horma bat dago, aipatutako habeekiko perpendikularrean kokatuta. Horma horrek erdibitu egiten du eraikina; jatorrian, etxebizitza bat zegoen alde banatan. Baserriaren erdi-erdian pieza bakarreko zutoin itzel bat dago; zutoin hori zentratuta dago pieza bakarreko beste 8 zutoinekiko. Denak heltzen dira estalkira. Elkarren artean habe, gapirio eta besoz lotuta daude, egitura berezia osatuz; ohikoagoa da egitura mota hori jauregi batean, baserri batean baino. Zureria kalitatea handikoa da eta ondo kontserbatuta dago.

Duela gutxi zenbait lan egin dira bertan, bi etxebizitza kokatzeko. Bi etxebizitza horiek antzeko egitura dute. Bakoitzak beheko solairuaren erdia betetzen du, eta eskailera bana daukate goiko solairura igotzeko, goiko solairu horretan baitaude logelak. Estalkiaren egitura ez da aldatu, baina etxebizitzek ganbararen zati bat hartzen dute. Baoetan arotzeria metalikoa jarri da. Fatxada zarpiatu eta pintatu egin dute. Sarrerako atearen aurrean bi isurkiko teilatutxo bat jarri da, eta hegoaldeko fatxadaren eranskinaren goiko solairuan egutera bat egin da, egurrezko egitura batek eusten diola.

Goardia XVIII. mendearen erdialdean eraiki zuten. XIX. mendean hegoaldean kokatutako eranskina gehitu zitzaion, eta azken urteotan goian adierazitako lanak egin dira bertan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]