H28

Wikipedia, Entziklopedia askea
H28
Fitxa teknikoa

H28 aldizkari “saretiriko” digitala 2015 urtean sortu zuen marrazkilari, irudigile eta kazetari talde batek. Urte horretako urtarrilaren 28an lehen alea Internet bidez eskuragarri jarri zuten doan. Ia 3 urteko ibilbidean, hilabetero hileko 28. egunean (uztaila eta abuztuko hilabeteetan izan ezik) ale berri bat sareratzen zuten. Crowdfunding bidez finantzatutako bi paperezko urtekari argitaratu zituzten: diru ekarpena egin zutenei 2015 eta 2016ko Durangoko Azoketan banatu zizkieten aleak, eta beste ale batzuk salgai jarri zituzten.

2017ko irailaren 28an argitaratu zen azken alea, 28. zenbakia zuena.

2020ko azaroan H28 aldizkaria sare sozialetan berpiztu zen hainbat komikigileen lanak sareratuz.[1]

Aurrekariak: lankidetza ekimenak euskal komikigintzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamarkada ezberdinetan proiektu kolektibo anitz sustatu dituzte euskal komikilariek, adibidez 70eko hamarkadan Gomikia-Ehunkilo-Alde liburukiak edo 'El Huerto' eta 'Viva SanFermin' fanzineak[2]; 80 zein 90eko hamarkadetan TMEO (hasieran euskarazko komiki eta testu batzuekin, gaur egun gazteleraz), Napartheid, la Comictiva...; XXI. mendean El Balanzin, Rumble... Eta tokian tokiko hainbat fanzine ere sortu dira elkarlanean.[3]

Euskarazko komikigintza profesionalean, egile batzuk Habeko Mik edo Ipurbeltzerako ere lan egin zuten, eta egunkari zein aldizkarietako zintagintza edo ilustrazio lanetan aritu dira (Argia, Egunkaria/Berria, Gaur8....).

90eko hamarkadan euskaraz sortutako komikigintzak jarraitu zuen arren, album moduan ale bakanak ematen zituen urtero, baina XXI. mendean, apurka-apurka euskaraz sortutako urteroko album kopurua handitu eta egonkortu da.

2005 urtean Ikastolen elkarteak Xabiroi aldizkaria sortu zuen, eta gazteak komikizaletzeaz gain beste lorpen bat irudigileen eta irudigile-idazleen arteko egile sarea indartzea izan da.

Donostian Komikigunea sortu zuen Aldundiak, eta ikertzaile zein publiko zabalari 9. artea ezagutarazteko baliabide irekia izateaz gain, komikigileentzat ere erreferentzia gune bilakatu da: adibidez, 2014ko azaroan I. Komikigileen Kongresu Ttipia antolatu zen.[4]

Ondorioz, H28ren jaiotzan esan daiteke eragina izan zuela 80/90eko hamarkadetako fanzinegintzak, euskarazko prentsako zintagintzak eta Xabiroi aldizkarian aritutako sortzaileen sareak eta Komikiguneak.

Azkenik, aipatu beharra dago H28 jaio eta gero ere euskal komikigintzan lankidetza ekimen berriak sortu zirela: adibidez, 2016 urtetik aurrera Donostian emakume ilustratzaile eta komikigileen bilkurak egiten hasi ziren, eta harreman eta elkarlan honen lehen adierazpen publikoa 2019 urtean Txalapartak argitaratu zuen 'Tupust! 1 : Nia' komiki antologia izan zen, Tupust! kolektiboaren eskutik.

Aldizkariaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko urtarrilaren 7an Charlie Hebdo frantziar aldizkari satirikoaren aurkako eraso jihadistan hamar marrazkilari eta kazetari eta aldizkariko zuzendariaren bizkartzaina zen polizia hil egin zituzten, eta erasotzaileek ihesean beste polizia bat hil zuten. 3 egunetan zehar hogei zauritu ere eragin zituzten.[5]

Charlie Hebdoren aurkako erasoak adierazpen askatasunari buruzko eztabaida lehen lerroan paratu zuen, eta Berria egunkarirako artikulu bat idazteko asmoz, Iñigo Astiz kazetariak solasaldi baterako elkartu zituen Lapurdiko Uztaritzen Patxi Huarte 'Zaldieroa', Marc Armspach 'Marko' eta Asisko Urmeneta. 2015eko urtarrilaren 18an argitaratu zen solasaldia Berria egunkarian.[6]  

Adierazpen askatasunaren inguruko iritzi trukaketarekin batera, umorearen ikuspegitik edozein gai landu daitekeela aldarrikatu zuten sortzaileek, eta satiraren beharraz ere mintzatu ziren. Elkarrizketaren une batean, Astizek adierazi zuen “Euskal Herrian satirarako ohitura handirik ez dago“ eta jarraian hitzez hitz jasotzen dira marrazkilarien hausnarketak:

«

Marko: Ez dago. Izan zen garai batean Napartheid, eta gero badira beste adibide batzuk.

Asisko: Bai, baina egiazki aldizkari satirikorik ez da izan, eta horrek ematen du pixka bat tenperatura noraino ez gauden normalduak. Espainian ez da beste munduko deus, baina badira historiko batzuk, eta Frantzian badaude batzuk oso ausartak. Edozein herrialde normalizatuk badu bere aldizkari satirikoa, oso ariketa beharrezkoa baita irri egitea.

Zaldieroa: Baina guk TMEO egin genuen!

Asisko: Bai, baina erdaraz; aduana ez du pasatzen. La Gallina Vasca ez dakit hemen noraino den ezagutua. Euskarazkorik ez da. Gure misioa arratsalde honetan da proposatzea egitea agerkari satiriko bat Interneten.

Marko: Egiazko satirikoa.

»


Solasaldia amaitu eta gero, Uztaritzen elkartutako lauak aldizkaria errealitate bihurtzeko erabakia hartu zuten eta beste sortzaile batzuekin harremanetan jarri ziren aldizkariaren lehen alea epe laburrean argitaratzeko helburuarekin

Adur Larrea marrazkilariak Hiruka[7] Uribe kostako aldizkariari   eta Unai Iturriagak Mugalari atariari jakinarazi zietenez,  komikilarien artean proiektu bat egiteko irrika zegoen.[8] 

Iñigo Astizek Zuzeu atariari kontatu zion aldizkaria sortzeko erabakia eta prozesua 10 egunen buruan egin zela.[9]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilabetez hilabete aldizkariaren ale bat sareratu zuten, hasieran Issuu plataforman eta ondoren h28.eus webgunearen bidez (gaur egun ez dago martxan). Hileroko ale bakoitzak sarrera testu bat izaten zuen, eta marrazkilari bakoitzaren ekarpenaz gain beste atal batzuk ere izan zituen aldizkariak: Kontrola, Auskaltegia, Akastak...

Hiru hilero aldatuko zen erredakzio batzorde bat sortu zuten[10] eta Lander Muñagorri eta Iñigo Astizek egin zituzten koordinazio lanak.[11]

Aldizkariaren lehen alean sortzaile hauek hartu zuten parte: Adur Larrea, Asisko, Ainara Azpiazu “Axpi”, Dani Fano, Exprai, iF, Joseba Larratxe “Josevisky”, Marko, Mikel Mendibil, Ñ, Patxi Gallego, Tzio, Unai Iturriaga eta ZaldiEroa. Lehen aletik aldizkaria kolaborazio berriei irekia zegoela nabarmendu zuten.

Bigarren alean gehitu  zitzaizkien Aiert, Belatz, Edu Lartzanguren, Eñaut Aiartzaguena, Hatzmarka, Hasier Goikolea, Irene Borda eta Unai Gaztelumendi, eta beste ale batzuetan parte hartu zuten, besteren artean, Aiert Zubigarai, Aitor Egia, HamarHatzHandi, Sustrai Errolan, Enok Sudupe, Ogaxo, Laure, Mikel Orbegozo, Ainhoa Sudupe, @Aranagoiri… Bi urtetan zehar 50 kolaboratzaile inguruk hartu zuten parte aldizkarian. Autore batzuk izenorde bat baino gehiago erabili ohi zuten, eta lan asko bi autoreren arteko elkarlanaren emaitza izan ohi zen.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gai anitzak izan zituzten jo puntuan, maiz gaurkotasunarekin erabat lotuak, eta lehen aleetan adibidez hauek izan ziren, besteren artean, landu zituzten gaiak: Charlie Hebdoren aurkako erasoa, adierazpen askatasuna, EITB, berdintasuna, Euskal Herriko historia, irudigintza, arrazakeria, erlijioak, euskal politika, Europar Batasuna, euskara eta euskalgintza, banketxeak, sagardotegi garaia, Kataluniako afera, kultur sortzaileak, ingurugiroa…

Umore grafikoaren estiloko orrialde bakarreko lanak (marrazki edo eta argazkiekin) eta zintak izaten ziren nagusi, gutxiagotan orrialde bat baino gehiagoko istorioak. Pertsonaia batzuk ere ohikoak bilakatu ziren: Osaba Sabin, Piko ta Payo, Dizerdio/Goroldio, Txirlak, Izar Korralea atala...

Paperezko bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen paperezko bilduma 2015eko urria bitarte argitaratutako 9 aldizkarietako lanen arteko aukeraketa eginez plazaratu zuten. Crowdfunding bidez finantzatu zuten Karena plataformaren bidez (gaur egun plataforma hau ez dago martxan). “H28 hilabetekari saretirikoaren urtikari papetirikoa” izendatu zuten.

1.500 euro lortzea izan zen xedea, kopuru horrekin 80 orriko bilduma osatzeko; gutxienez hamar euroko ekarpena egin behar zen eta bildumaz gain H28ko marrazkiekin egindako txapa bat jasotzeko aukera zegoen. Kazeta-ren arabera[12], bigarren egunean helburuaren % 34 lortu zen eta beharrezko ekarpen kopurua gainditu zen.

2016 urtean Urdekaria izenpean bigarren bilduma argitaratu zen Verkami plataformaren bidez. Aurreko urteko 80 orrialdeei beste 20 gehitu eta 100 orrialdeko bilduma argitaratu zen. Bigarren Crowdfunding-ak ia 200 babesle izan zituen.

Durangoko Azokan autoreek bilduma hauek banatu eta saldu zituzten.

Liburutegi sare publikoan eskuragarri daude ale hauek.

Zentsura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko udaran H28-koei fanzinearen hamalau lagin eskatu zizkien Nafarroako Komiki Azoka antolatzen duen Tiza elkarteak, irailean ospatuko zen Nafarroako VII. Azokan fanzineen inguruko erakusketa batean kokatzeko.

Erakusketarako lanak aurkeztu eta gero, Azokako antolatzaileek jakinarazi zieten H28-koei bi lan ez zituztela erakusketan jarriko, eta edukia izan zela haiek atzera botatzeko arrazoia: Opus Dei eta pedofilia eskandaluak zituen gaitzat marrazki batek eta besteak Burlatan ‘Tortura’ zioen horma-irudi bat zela eta Guardia Zibilak egindako atxiloketak ekarri zituen gogora.

H28-ko kideek zentsura kasu argi bat izan zela salatu zuten komunikatu baten bidez[13].

Aldiz Tiza elkarteak adierazi zuen[14] “H28 aldizkariak aurkeztutako lanak erakusketaren ildo grafikoarekin eta edukiarekin bat ez zetozela hausnartu zen: adierazi zuten erakusketaren bidez fanzinegintzaren erradiografia egin nahi zutela eta beraien asmoa ez zela satira politikoko edo gaurkotasun gaietako erakusketa bat egitea, ez eta umore grafikokoa ere."[15]

H28-ko kideek Iruñeko Katakrak liburu dendan eskaini zuten prentsaurrekoan ezker-eskuin ostiak jotzen jarraitzeko asmoa berretsi zuten, eta satiraren aldarrikapena egin zuten, besteren artean adieraziz “Ez dituzte bi lan zentsuratu, gu zer garen zentsuratu nahi izan dute” eta "Aldizkari satiriko bat gara, satira egiten dugu, eta satira egiten jarraituko dugu". Zentsuratutako lanekin eta beste komikiekin erakusketa antolatu zuten.

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkariak harrera ona izan zuen: lehen aleak 10.500 ikustaldi izan zituen, eta ale bakoitzak 400-500 deskarga izan ohi zituen. Aldizkariak komunikabideetan eta Internet sarean ere oihartzun handia izan zuen, eta elkarrizketa ugari egin zizkieten sortzaileei. Twitter sarean 2500 jarraitzaile zituen.

Ekimenak oihartzun zabala izan zuen: sortzerakoan hizpide izan zen hainbat komunikabidetan, eta hainbat forotan ere parte hartu zuten H28ko kideek: 2016ko EHUko udako ikastaroetan "Komunikabideak, gatazka eta bizikidetza: tirabirak binetetan" ikastaroaren baitan "Umore grafiko subalternoa, herri txiki batetik abiatuta. H28 kasua" izenburudun saioa egin zuten Unai Iturriaga eta Iñigo Astizek.

Urte bereko urrian, Komikigunean "Oihua sarean: H28 aldizkari saretirikoa" mahai-ingurua antolatu zen. Dani Fanok moderatu zuen saioa eta bertan parte hartu zuten Iñigo Astizek, Unai Iturriagak eta Patxi Gallegok.

2017: aldizkariaren ibilbidea etetea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017ko irailaren 28ko alean, aurreabisurik gabe, aldizkariaren editorialean honakoa jakinarazi zuten «28 zenbaki, bi paperezko bilduma, zentsura kasu pare bat, hamaika elkarrizketa eta bazkari eder batzuen ondoren, guk ere modako tendentziari jarraituz, unilateralki erabaki dugu H28 aldizkariaren ibilbidea etetea».[16]

"Unilateralki bai. Izan ere, nagusiki unilateralkilaturik bizi gara euskal marrazkilari eta gidoigileok gure Euskal Herri eder honetan, eta bueno, ba, ordua da argi esan dezagun: gu aberasteko asmotan hasi ginen honetan. Eta orain ba ikusirik, Artur Mas Generalitateko lehendakari ohiak bost milioi euro jasoko dituela auzitegiek jarritako fidantza ordaintzeko, ba igual, akaso, beharbada, apika, agian, pentsatu dugu ba, hoberena izango dela satira eta txorakeriak behingoz uztea, eta guk ere unilateralitatearen bidearekin bat egitea"

2020: aldizkariaren berpiztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020ko azaroan H28 aldizkaria sare sozialetan berpiztu zen hainbat komikigileen lanak sareratuz.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b https://twitter.com/H28aldizkaria. .
  2. Retolaza Gutiérrez, Iratxe. (2017). «Egungo euskal komikiaren historia» web-argitalpena.adm.ehu.es (Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua) Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  3. Komikia:euskal komikia 1975-2017 El cómic vasco. Bizkaiko Foru Aldundia Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  4. «Komikigileen Kongresu Ttipia» kmk.gipuzkoakultura.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  5. Charlie Hebdoren aurkako atentatua. 2020-04-11 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  6. Astiz, Iñigo. «DENA DA IRRIGARRI» Berria Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  7. Hiruka Aldizkariaren 2015eko otsailaren 5eko aldizkaria
  8. «Satira euskaratik eta euskaraz | H28 aldizkari saretiriko jaioberrian Unai Iturriagak ere parte hartzen du» Mugalari Kultura 2015-01-28 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  9. «h28: Polizia pilo bat eta ostiak ezker-eskuin • ZUZEU» ZUZEU 2015-02-27 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  10. SLU, Herritar Berri. (2015-02-26). ««Jasota dago Jesus biluzik gurutziltzatu zutela. Hori idatziz gero, ez da ezer pasatzen. Baina, hori marraztuz gero?»» GAUR8 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  11. Sarasola, Ainhoa. ««Gure asmoa inoiz ez da inor mintzea, baina ezta laztantzea ere»» Berria Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  12. elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2015-10-20). «H28 aldizkariak crowdfunding kanpaina abiatu du urtekari bat argitaratzeko» Kazeta.eus Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  13. «Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du • ZUZEU» ZUZEU 2016-08-29 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  14. (Gaztelaniaz) «Salón Del Cómic Navarra» es-es.facebook.com Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  15. «"Eztabaida izan da gure artean; gehiengoak erabaki du"» Nafarroako Hitza 2016-09-09 Noiz kontsultatua: 2020-11-26.
  16. «https://twitter.com/h28aldizkaria/status/913172484345737216» Twitter Noiz kontsultatua: 2020-11-26.