Edukira joan

Hantuste

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hantustea Jacob Matham herbeheretar marrazkilariaren lana.

Hantustea edo handiustea[1] norberak bere burua handiesteko duen joera da. Gehienetan, harrokeriaren sinonimotzat jotzen da. Aldiz, ez da nahasi behar harrotasunarekin, norberak aintzat hartzekotzat jotzen duen zerbaitez senti dezakeen gogobetetasun bidezkoa den heinean. Hantustea, berriz, besteek norbera nahiago izateko desioaren bitartez adierazten da, norberaren harrokeriaren edo niaren gogobetetasunean oinarrituta. Harrotasunaren eta hantustearen arteko aldea hitz zehatzez definitu zuen Gustave Flaubert poetak: «L’orgueil est une bête féroce qui vit dans les cavernes et dans les déserts. La vanité au contraire, comme un perroquet, saute de branche en branche et bavarde en pleine lumière».[3]

Richard Taylor filosofoak zioen hantustea «norberaganako maitasun justifikatua» dela, harrokeria edo nartzisismoa ez bezala.[4] Era berean, Agustin Hiponakoak «norbere bikaintasunarekiko maitasuntzat» hartzen zuen,[5] eta Meher Baba indiar guruak «egoismoa adierazteko berariazko sentimendua» dela zioen.[6]

Filosofoek eta psikologo sozialek adierazi izan dute hantustea bigarren mailako emozio konplexu bat dela, eta eskatzen dituela, alde batetik, norberaren zentzuaren garapena; eta, bestetik, kontzeptu bereizketa garrantzitsuak menderatzea (adibidez, harrotasuna zoriontasunetik eta alaitasunetik bereiztea), hizkuntzan oinarritutako besteekiko elkarreraginaren bidez.[7] Psikologo sozial batzuek hantustearen adierazpen ez-berbala identifikatzen dute, automatikoki hautemana, estatus sozial altu baten seinale funtzionala bidaltzeko bitarteko gisa.[8]

Hantustea biziotzat ikusten da batzuetan, egokitzat edo bertutetzat besteetan. Adiera positiboarekin, harrotasuna norberaren edo besteen hautu eta ekintzekiko, edo gizatalde oso batekiko, atxikimendu sentipena da, eta laudorioaren, autogogoeta independentearen eta kide izatearen sentimendu betearen emaitza da.[9] Adiera negatiboarekin, hantustea norberaren balio pertsonalaren, estatusaren edo lorpenen zentzu irrazionalki ustelari dagokio, harrokeriari, alegia.[10]

Adiera psikologiko, filosofiko eta soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autoestimua pertzepzio, pentsamendu, ebaluazio, sentimendu eta portaera joeren multzo bat da, beste pertsona batzuei, haien izaerari eta gorputzaren ezaugarriei, izaerari eta nortasunari zuzenduak. Laburbilduz, norberaren ebaluazioaren pertzepzioa da.[11] Giza beharren hierarkian, estimuaren beharra da, bi alderditan banatzen dena: nork bere buruaz duen estimua (norberaren maitasuna, konfiantza, trebezia, nahikotasuna eta abar), eta besterengandik jasotako begirunea eta estimua (aitorpena, onespena eta abar). Abraham Maslow psikologoaren arabera, estimu adierazpen osasungarriena «besterengandik jasotzen dugun begirunea da, ospea, itzala edo lausengua baino».[12]

Nartzisismoa da nork bere buruari zuzentzen dion neurrigabeko maitasuna, objektutzat hartuta. Nartzisoren mitoa du oinarrian, bere buruaren irudiarekiko maitasuna, alegia. Erabilera arruntean, norbere buruarekiko maitemintze edo harrokeria izendatzen du, norbere irudian edo nian oinarritua.[13]

Alderantziz, umiliazioa da gizaki bat publikoki edo pertsonalki iraintzen duen edozein ekintza, haren izatasuna, ezaugarri fisikoak, kultura, hizkuntza, duintasuna, sexua, jatorri etnikoa, erlijioa, pentsamendua, maila ekonomikoa, ezagutzak, sexu joera eta abar aintzat hartuta. Tortura mota batzuk umiliazio publikoekin batera joan ohi dira, subjektuaren duintasuna kaltetzea bilatzen baitute. Giza eskubideen aldeko erakunde askok umiliazioa giza eskubideak urratzen dituen tortura pasibotzat hartzen dute.[14] Umiliazioa jazarpen modutzat hartzen da, bereziki eskola[15] edo lan testuinguruan[16] aplikatua.

Sigmund Freudek nartzisismoa jaso zuen bere obran, baina definizio lausoago batekin. Nortasun normalaren ezaugarri batzuk kontzeptu horretan sar badaitezke ere, muturreko forma patologiko gisa ere adieraz daiteke, nortasunaren nahaste nartzisistetan, adibidez, non pazienteak bere trebetasunak gainbalioesten baititu, bestek miretsia eta aitortua izateko gehiegizko beharra izanik. Nartzisismoa, beraz, hantustearekin lotu daiteke.[17]

Psikologia humanistaren iritziz, nartzisismo patologikoa autoestimu apalegi edo oker ulertuarekin bat dator.[18]

Ikuspegi psikologiko eta sozialetik begiratuta, esanahi psikogenetiko edo psikoebolutibo bat bereiz daitezke: nartzisismoa nortasunaren garapenaren ezinbesteko osagai bat dela aldezten dute ikerlari batzuek. Horrela, helduengan nartzisismo osagai arrazoizko batek orekatzen lagun dezake norberaren beharren pertzepzio indibiduala besteekiko.[19]

Irudi nartzisista bat.

Nartzisismo patologikoak nortasunaren ezaugarri bat adierazten du psikiatrian: autoestimu apala, norberaren garrantzia gainbaliostea eta bestek miretsia izateko gogo bizia. Buru asalduren diagnosi eta estatistika eskuliburuan (Ameriketako Estatu Batuetako Elkarte Psikiatrikoa) nortasun nahasmenduen barruko azpiatal bat «Nortasunaren nahasmendu nartzisista» izenekoa da, nortasunaren disfuntzio larritzat jotzen dena.[20]

Arlo psikologikotik kanpo, «nartzisismo» eta «nartzisista» terminoak gutxiespenez erabiltzen dira askotan, harrokeria, egozentrismoa edo gisako kontzeptuak adierazteko. Gizarte talde bati aplikatuta, elitismoa edo besteren zailtasunekiko axolagabekeria adierazteko erabiltzen da maiz. Adiera negatiboan, hantustea jarrera harroa da, bere buruaz harrotuta dauden gizakien ezaugarria. Oro har, niaren gehiegizko balioespena da besteekiko, egoera bat lortzeko edo oztopo nahiz zailtasun bat gainditzeko. Halaber, hantustea da norberak daukan guztia handiagoa delako ustea, besteek esaten edo egiten duten guztia, baita aurreiritziak ere, gainditzeko gai dena. Hantusteak bere burua gehiegi balioestera bultzatzen du pertsona, bere burua harrotuz eta besteen gainetik edozer gauza egiteko gai dela sinetsiz, baita bere gaitasunen, egoeraren edo sor daitezkeen ezbeharren gainetik ere. Ideia horren ondorio zuzena izan ohi da ingurukoak kaltetzea, harroputzak ez baititu ikusten besteren gaitasunak edo balioak berearen parekotzat.[21]

Nolanahi den ere, ez da ahantzi behar hantusteak konnotazio positiborik ere izan dezakeela. Ayn Rand-en filosofia objektibistan, zehazki, harrotasuna hiru bertute nagusietako bat da,[22] eta norbere buruaren estimu egoki gisa definitzen du, balio pertsonal arrazionalekin ondorio betean bizitzeko anbizio moraletik datorrena. Nietzscherentzat harrotasuna goi mailako gizakien bertute jasoa da, norbere buruarekiko erabateko zintzotasunera daramana —eta horrek ezinezko egiten du edozein tranpa edo ekintza itsusi—, ausardia eta etengabe gainditze borroka sortarazita, beti besteen gainetik egon nahian, besteren aurrean ezkutatu gabe.[23]

Harrotasuna norbera denaren eta norbera parte den talde edo kolektiboaren autoafirmazio eta aldarrikapen gisa ere uler daiteke. Zentzu horretan, hitz egin daiteke harrotasun nazionalaz, arraza harrotasunaz —adibide ezagun bat black pride izeneko mugimendua da, pertsona beltzen aldarrikapen eta harrotasun mugimendua, bereziki Ameriketako Estatu Batuetan— eta LGBT harrotasunaz (lesbiana, gay, bisexual eta transexualena).

Erlijioen ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofiak mendetan zehar harrotasuna —ez hantustea— dohain funtsezkotzat hartu izan badu ere —horren erakusle izan daitezke Aristoteles[24] edo George Bernard Shaw[25]—, erlijioetan, oro har, harrokeria bekatutzat hartzen dute. Hebrear Bibliaren Esaera Zaharren liburuan hala ikusten ahal da.[26] Judaismoan, hantustea gaitz guztien errotzat hartzen da.[27]

Hantuste mota batzuk bereiz daitezke, erlijioen ikuspegi moralaren arauz. Maila apalenean, banaloria edo handikeria egon daiteke, hau da, norberak dituen edo uste dituen ondasun material edo espiritual iragankor edo justifikatu gabeekiko harrokeria, beste gizakiek ikusia, kontuan hartua, miretsia, estimatua, ohoratua, goraipatua eta are laudatua nahi izatea. Hantustearen maila gordinenean, testu biblikoetan kenodoxia[29] deitzen den handikeriazko sentimena beste jarrera batzuekin nahasten ahal da, hala nola filargiria[31] edo diruarekiko nahiz boterearekiko maitasun neurri gabekoa.

Jainkotar komedian, Purgatorioaren lehen mailak hantustea irudikatzen du, X. kantuan.[32] Purgatorioko lehen hiru zirkulu edo terrazatan, maite den pertsonari nolabait min egiten dioten bekatuekin lotuta daude. Horietako lehena hantustea da. Terrazan arima harroak daude beren erruak garbitzen, Dantek eta Virgiliok apaltasuna adierazten duten eskultura ederrak ikusten dituzte, hori da, hantustearen aurkako bertutea. Lehen adibidea Ama Birjinaren Deikundea da, Gabriel goiaingeruari «Ecce ancilla Dei» (Hona hemen Jaunaren mirabea, Lukas 1:38)[33] hitzekin erantzuten dionean. Kantu berean, bigarren adibidea historia klasikoko apaltasunaren eredu bat da, Trajano enperadoreak, Erdi Aroko kondaira baten arauz, behin bere bidaia eten zuenean alargun pobre bati justizia egiten laguntzeko, semea bidegabeki hila baitzioten.[32]

Hantustea, Bekatu nagusien mahaia (1505.1051) ataletako bat, Jeronimo Bosch. Emakume bat irudikatzen du barrualde batean, egunero erabiltzen diren objektu txikiekin. Deabru batek eutsitako armairu batean dagoen ispilu batean begiratzen da; alde batean, beste gela bat ikusten da, irudiekin.

1589an, Peter Binsfeld Treverisko apezpikuak, aurreko iturrietan gutxi gorabehera oinarrituz, Luzifer deabruarekin lotu zuen hantustea, jendea tentazioan jartzen zuena, bekatuaren bitartez.[34]

John Milton poetak, Paradisu galdua (1667) lanean, hantustearen bekatua Luziferrek egiten duela dio, Jainkoaren berdina izan nahi duelako.[35]

Hantustea identifikatzeko erabili izan diren irudikapen artistikoen artean daude lehoia, zaldia, pauma, saguzarra, kolore morea eta ispilua daude.[36]

Artikulu nagusia: «Vanitas»

Zentzu artistikoan, vanitas izadi hilen azpiatal bat da, barrokoaren garaian asko landutakoa, batez ere Herbeheretan.[37]

Margolaritzaren genero honen izena eta ikuskera Kohelet liburuaren pasarte batekin lotzen dira: vanitas vanitatum omnia vanitas (Huskeria hutsa, huskeria hutsa, dena huskeria da).[38] Zabaldu nahi duen mezua da heriotzaren ziurtasunaren aurrean plazer mundutarren alferrikakotasuna, munduari buruzko ikuspuntu ilun batez.[39]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. «Bilaketa > hantuste» Euskaltzaindiaren Hiztegia (kontsulta data: 2026-05-12).
  2. (Frantsesez) Flaubert, Gustave. (1927). «Correspondance» Wikisource (Louis Conard): 55-62. or. (kontsulta data: 2026-05-12).
  3. Harrotasuna basapizti bat da, leizeetan eta basamortuan bizi dena. Hantustea, aldiz, papagai bat da, adarrez adar jauzi eginez, egun argiz hitz egiten duena.[2]
  4. (Ingelesez) Taylor, Richard. (1996). Restoring pride: the lost virtue of our age. New York: Prometheus Books (archive.org) ISBN 978-1573920247. OCLC .33101515.
  5. (Latinez) Agustin Hiponakoa. «De amore liber IV» Freespace (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-15).
  6. (Ingelesez) Baba, Meher. (1995). Discourses. Myrtle Beach: Sheriar Foundation, 72. or. ISBN 978-1880619087. OCLC .31376465.
  7. (Ingelesez) Sullivan, G.B. (2007). «Wittgenstein and the grammar of pride: The relevance of philosophy to studies of self-evaluative emotions» New Ideas in Psychology 25 (3): 233-252. or.  doi:10.1016/j.newideapsych.2007.03.003. ISSN 0732-118X. (kontsulta data: 2026-05-15).
  8. (Ingelesez) Shariff, Azim F.; Tracy, Jessica L. (2009). «Knowing who’s boss: Implicit perceptions of status from the nonverbal expression of pride.» Emotion 9 (5): 631-639. or.  doi:10.1037/a0017089. ISSN 1931-1516. (kontsulta data: 2026-05-15).
  9. (Ingelesez) University of California - Santa Barbara. (2018). «The value of pride» ScienceDaily (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-15).
  10. (Ingelesez) Steinvorth, Ulrich. (2018). Pride and Authenticity. Cham: Springer International Publishing, 10. or. ISBN 978-3319816807. OCLC .1049596896.
  11. (Frantsesez) André, Christophe. (2014). Imparfaits, libres et heureux : pratiques de l'estime de soi. Paris: Odile Jacob (archive.org) ISBN 978-2738116994. OCLC .1033513423.
  12. (Ingelesez) Orth, Ulrich; Robins, Richard W.. (2022-01). «Is high self-esteem beneficial? Revisiting a classic question.» American Psychologist 77 (1): 5-17. or.  doi:10.1037/amp0000922. ISSN 1935-990X. PMID 35357851. PMC 9306298. (kontsulta data: 2026-05-17).
  13. (Frantsesez) Denis, Paul. (2015). Le narcissisme. Paris: Presses universitaires de France ISBN 978-2130731221. OCLC .971035646.
  14. (Ingelesez) «The Hidden Harm of Torture» Center for Victims of Torture (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-17).
  15. (Ingelesez) Burger, Christoph. (2022-09-19). «School Bullying Is Not a Conflict: The Interplay between Conflict Management Styles, Bullying Victimization and Psychological School Adjustment» International Journal of Environmental Research and Public Health 19 (18): 11809.  doi:10.3390/ijerph191811809. ISSN 1660-4601. PMID 36142079. (kontsulta data: 2026-05-17).
  16. (Ingelesez) Tehrani, Noreen. (2004). «Bullying: a source of chronic post traumatic stress?» British Journal of Guidance & Counselling 32 (3): 357-366. or.  doi:10.1080/03069880410001727567. ISSN 0306-9885. (kontsulta data: 2026-05-17).
  17. (Ingelesez) Rogoza, Radosław; Kwiatkowska, Maria Magdalena; Kowalski, Christopher Marcin; Ślaski, Sławomir. (2018). «A brief tale of the two faces of narcissism and the two facets of pride» Personality and Individual Differences 126: 104-108. or.  doi:10.1016/j.paid.2018.01.027. ISSN 0191-8869. (kontsulta data: 2026-05-17).
  18. (Ingelesez) Branden, Nathaniel. (1976). The psychology of self-esteem: a new concept of man's psychological nature. New York: Bantam Books (archive.org) ISBN 978-0840211095. OCLC .257061906.
  19. (Ingelesez) Morrison, Andrew P. (1997). Shame: the Underside of Narcissism. London: Routledge (archive.org) ISBN 978-1317771623. OCLC .1100665446.
  20. (Ingelesez) «Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders | Psychiatry Online» DSM Library  doi:10.1176/appi.books.9780890425787. (kontsulta data: 2026-05-17).
  21. (Frantsesez) Webmaster, CPA. (2025-02-20). «Le narcissisme» Canadian Psychological Association - The national voice for psychology in Canada (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-17).
  22. (Ingelesez) «Pride» Ayn Rand Lexicon (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-17).
  23. (Alemanez) Nietzsche, Friedrich Wilhelm. (1887). Die fröhliche Wissenschaft. Leipzig: E. W. Fritzsch (archive.org).
  24. (Ingelesez) «4.9 Virtue Ethics» Leading the Way: A Path Towards Ethical Leadership (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-15).
  25. (Ingelesez) Shaw, George Bernard. (2008). Saint Joan. Hong Kong: Hesperides Press (web.archive.org) ISBN 978-1473375055. OCLC .1427335863 (kontsulta data: 2026-05-16).
  26. «Esaera Zaharrak 9,7-12» Biblia interneten (kontsulta data: 2026-05-16).
  27. (Ingelesez) Rabbi Zalman Baruch Melamed. «The Dangers of Pride» Yeshiva Site (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-16).
  28. «Galaziarrei 5,26» Biblia interneten (kontsulta data: 2026-05-17).
  29. μὴ γινώμεθα κενόδοξοι, ἀλλήλους προκαλούμενοι, ἀλλήλοις φθονοῦντες (Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz.[28]
  30. «1 Timoteori 6,10» Biblia interneten (kontsulta data: 2026-05-17).
  31. ῥίζα γὰρ πάντων τῶν κακῶν ἐστιν ἡ φιλαργυρία, ἧς τινες ὀρεγόμενοι, ἀπεπλανήθησαν ἀπὸ τῆς πίστεως, καὶ ἑαυτοὺς περιέπειραν ὀδύναις πολλαῖς (Zeren diru-gosea baita gaitz guztien sustraia; diruaren irrikagatik sinesmenetik aldendu eta atsekabe asko bereganatu du zenbaitek).[30]
  32. 1 2 (Italieraz) «Divina Commedia - Purgatorio» Wikisource (kontsulta data: 2026-05-18).
  33. «Lukas 1:38» Biblia interneten (kontsulta data: 2026-05-18).
  34. (Ingelesez) Burns, William E. (2003). Witch hunts in Europe and America: an encyclopedia. Westport: Greenwood Press (archive.org), 33. or. ISBN 978-0313093821. OCLC .562507863.
  35. (Ingelesez) Milton, John. (1667). «Paradise Lost» The John Milton reading Room (web.archive.org): Book 5. (kontsulta data: 2026-05-18).
  36. (Ingelesez) «A brief art history of the seven deadly sins» Art UK (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-18).
  37. (Ingelesez) «Vanitas: Dutch Master Paintings Explained» TheCollector (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-18).
  38. «Kohelet 1:2» Biblia interneten (kontsulta data: 2026-05-18).
  39. (Ingelesez) Muzdakis, Madeleine. (2022-02-12). «Vanitas: Paintings by the Dutch Old Masters Inspired by Life and Death» My Modern Met (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-05-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]