Hatshepsut

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hatsehpsut» orritik birbideratua)
Hatshepsut

Faraoi

K.a. 1479 - K.a. 1458
Tutmosis II.a - Tutmosis III.a
Amon jainkoaren emazte

Bizitza
JaiotzaEgipto eta Tebas, c. K.a. 1507
HerrialdeaAntzinako Egipto
HeriotzaK.a. 1458 (50 urte) (48/49 urte)
Hobiratze lekuaErregeen harana
Heriotza moduaberezko heriotza: hezurretako minbizia
Familia
AitaTutmosis I.a
AmaAhmose
Ezkontidea(k)Tutmosis II.a
Seme-alabak
LeinuaEgiptoko XVIII. dinastia
Jarduerak
Jarduerakestatu-politikaria

Hatshepsut (edo Hatchepsut) Egiptoko XVIII. dinastiako erregina-faraoi bat izan zen, aipaturiko dinastiako bosgarrena, K.a. 1479tik K.a. 1457 arte gobernatu zuena. [1]Maatkara Hatshepsut izenarekin gobernatu zuen, eta Egiptoko tronuan denbora gehien eman zuen emakumea izan zen. Gaur egun faraoi hau ezagutzen den Hatshepsut izena hasiera batean Dama nobleen artean lehena esanahia zuen titulu bat zen, Hatshepstu Khenemetamon izen osoan ere agertzen zena, hau da Dama nobleen artean lehena, Amonekin elkartua.[2] Hil ondoren, Tutmosis III.ak damnatio memoriae batera kondenatu zuen, bere izena eta irudia faraoi gisa irudikatzen zuen monumentu orotatik zizelaz ezabatzeko aginduta.[3][4]

Lehen pausoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hatshepsuten familia: Bere aita Tutmosis I.a, bere ama Ahmose eta bere ahizpa txikia Neferubity.
Karl Richard Lepsius (1810–1884).

Ez da zehatz ezagutzen Hatshepsut noiz jaio zen, baina litekeena da garai hartan Egiptoko hiriburua zen Tebasen gertatu izana Tutmosis I.aren erregealdiaren amaieran. Faraoiak seme-alabarik ez zuenez, izendatutako oinordekoa Hatshepsuten aita zen Tutmosis I.a izan zen. Horrek bere tronuratzea legitimatzeko Ahmose printzesarekin ezkondu behar izan zuen. Ezkontza horren ondorioz, Tutmosis I.ak Hatshepsutez gain beste hiru seme-alaba ere izan zituen, Amenmose, Uadymose eta Neferubity izenekoak. Zoritxarrez, eta haurrek zuten heriotza tasa handia zela eta, soilik Hatshepsut eta haren ahizpa txikia zen Neferubity iritsi ziren helduarora (eta azken hau urte gutxian). Guraso bereko neba-ahizpez gain, Hatshepsutek beste zenbait neba-ahizpaorde ere izan zituen, bere aitak bigarren mailako emazteekin eta ohaideekin izandakoak. Horietatik, dokumentatua dagoen bakarra geroago Tutmosis II.a faraoia izango zena da, Tutmosis I.ak bigarren mailako emazte bat zen Mutnefertekin izan zuena.[5]

Faraoien alaba, biloba eta emaztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hatshepsuten aita zen Tutmosis I.ak egiptoar inperioa ordura arte inoiz ikusi ez zen bezala hedatu zuen hamairu urteko erregealdian. Errege miragarri hark bere tropak Eufrates ibairaino eramateagatik pasatu zen historiara, iparraldetik hegoaldera zihoan ibaia, Niloren kontrako norantzan.

Tutmosis I.aren heriotz goiztiarraren ondoren bere alaba Hatshepsut zen tronuan oinordeko izateko egokien kokatua zegoena, bere nebak jada hilda baitzeuden. Baliteke Tutmosis I.ak, oraindik bizirik zegoenean bere alaba Hatshepsut tronura lotzen saiatu izana, Oinordeko izendatu izanak frogatzen duen bezala. Baina Tutmosis I.aren nahiak ez ziren bete, dirudienez, chatya eta errege arkitektoa zen Ineni buru zuen azpijoko jauregitar baten ondorioz Tutmosis II.a izan zen faraoi izendatu zutena, Tutmosis I.ak bigarren mailako emazte batekin izan zuen semea. Hatshepsutek bere nebaordearen Errege Emazte Handi bihurtzea jasan behar izan zuen, bere harrotasunarentzat kolpe latza izan zela uste dena.

Erregina gaztea Egipto hiksoengandik askatu zuten faraoi handien zuzeneko ondorengoa zen eta gainera, Jainkoaren Emazte titulu garrantzitsua zeraman. Horrek Ahmose-Nefertari erreginaren odol sakratuaren eramale bihurtzen zuen. Logikoa da haren harrotasuna handia izatea, eta bere senarraren mende egotea jasan ez izatea. Hala, ez da harritzekoa senar ahul eta bigunak koroa bikoitza janzten zuen bitartean, Hatshepsut bere burua eraginean eta boterean goraka eta goraka zihoazen bere aldeko pertsonez inguratzen hasi izana: Horien artean nagusiki Hapuseneb eta Senenmut nabarmen daitezke. Errege Emazte Handia aurkari oso arriskutsu bihurtu zen Ineni bisirraren beldurrerako.

Hirugarren Tutmosis[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tutmosis II.ak oso erregealdi laburra izan zuen, eta gazterik hil zen, ezagutzen zaizkion bi seme bakarrak artean lehen haurtzaroan zeudenean. Aurreko belaunaldian gertatu legez, Hatshepsut erregearen emazteak ez zuen semerik izan, baizik eta alaba bat, eta, ondorioz, beste oinordekotza krisi bat sortu zen. Beste behin, Inenik nobleziak Tutmosis II.ak ohaide batekin izan zuen seme bat hautagai bezala onartzea lortu zuen, Tutmosis III.a izenarekin errege bihurtuko zena. Edonola ere, Hatshepsutek ez zuen Tutmosis II.arekin gertatu zen gauza bera gertatzerik nahi, eta, egia esan, gauzak asko aldatu zituen.

Tutmosis III.a gobernatzeko artean oso txikia zenez gero, Tutmosis II.aren Errege Emazte Handia zen Hatshepsut bihurtu zen erregeorde, eta errege berriaren eta bere alaba zen Neferuraren arteko ezkontza data jakinik gabe atzeratu zuen, hori baitzen Tutmosis III.aren tronuratzea legitimatu zezakeen pertsona bakarra. Egoera ez zen batere arraroa: erregeordetza kasu asko egon ziren egiptoar historia osoan zehar, baina sekula ez erregearekin inongo senidetasun harremanik ez zuen emakume batena.

Tutmosis III.aren erregealdiko lehen urteetan Hatshepsut kontu handiz prestatzen aritu zen egiptoar gizarte tradizionala irauliko zuen "Estatu Kolpea". Parte-hartze politikotik erabat aldendu zuen Ineni, eta leial zitzaizkion Hapuseneb eta Senenmut kargurik garrantzizkoenetara goratu zituen. Dirudienez, garai hartako pertsonaia politikorik garrantzitsuena Hapuseneb izan zen, bere buruarentzat bisir eta Amonen Apaiz Goren karguak elkartu zituena. Hain aliatu boteretsuekin Hatshepsutek jada bazituen mundua harritu ahal izateko behar adina baliabide eta laguntza.

Hatshepsuten esfingea, argi eta garbi ikus daitekeen faraoi bizarrarekin. MMNY

Hatshepsut, faraoi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi faraoi tronu berean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere burua behar bezain indartsu ikusi zuenean, ordura arte Errege Emazte Handi eta Jainkoaren Emazte zen Hatshepsutek, Tutmosis III.aren aurrean bere burua ere Bi Lurretako faraoi eta Amonen prima izendatu zuen, Hapuseneb buru zuten apaizen onespenarekin. Efektu kolpea bikaina izan zen. eta esperientziarik gabeko Tutmosis III.ari bere izeba eta amaordea zena gehiago zela onartzea besterik ez zitzaion geratu. Hatshepsut egiptoar historiako hirugarren erregina-faraoi ezaguna bihurtu zen.

Hatshepsutek karguko titulu maskulino guztiak bere egin zituen (Zezen boteretsu titulua izan ezik), ordutik aurrera bere burua gizon bat bezala irudikaraziz eta gezurrezko bizarra jarriz. Ustegabeko elkargobernaritza bat ezarri zuen bere ilobarekin, Hatshepsut beti ilobaren gainetik egon zen arren, bigarren mailan utziz, geroago Tutmosis III.ak historian izango zuen eginkizunarekin inongo zerikusirik izango ez zuena. Halakoak baitziren Hatshepsuten karisma eta izaera.

Hala ere, Hatshepsut ezin da ikusi usurpatzailea balitz bezala, egile batzuek egungo garaira ekarri duten ikuspegia. Haren garaian behintzat ez zen hala ikusi, hala izan balitz Hatshepsutek erraz ezabatuko zituen bere arerioak edo gerra zibil bat gertatuko zen. Tutmosis III.a ez zen jauregian sartuta egon, pentsatu izan den bezala, eta Hatshepsutek ere ez zuen eragotzi Tutmosis III.aren existentziari buruzko aipamenik egitea. Orduko gizarteak arazorik gabe onartu zuen egoera berria, eta Hatshepsutek egiptoar historia guztiko erregealdirik oparoenetako bat izan zuen, baita Hapuseneb eta Senenmuten laguntzari esker ere, itzalean zeuden benetako gobernariak.


Aurrekoa
Tutmosis II.a
Egiptoko faraoia
Egiptoko XVIII. dinastia
Ondorengoa
Tutmosis III.a

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Hatshepsut | Biography, Reign, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).
  2. (Gaztelaniaz) «Hatshepsut, la gran reina de la dinastía XVIII» historia.nationalgeographic.com.es 2015-07-02 (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).
  3. (Gaztelaniaz) «Estelas de Hatshepsut y Tutmosis III» www.museivaticani.va (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).
  4. «Esfinge de Hatshepsut ca. 1473–1458 a. C.» www.metmuseum.org (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).
  5. (Gaztelaniaz) «Hatshepsut, la reina egipcia que intentaron borrar de la Historia» La Vanguardia 2020-08-15 (Noiz kontsultatua: 2022-07-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hatshepsut Aldatu lotura Wikidatan


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]