Hawthorne efektu

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hawthorne efektuak pertsonek eta taldeek esperimentu batean parte hartze soilagatik euren jokabidea aldatu egiten dutela jasotzen du, esperimentuak neurtu nahi dituen aldagaien efektuen gainetik. Efektua motibazioak eta lankidetzak gizakien gainean duten eragina nabarmentzeko erabili da, faktore fisiko edo ekonomikoen gainetik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elton Mayo eta beste psikologo zenbaitek 1924-1932 urte bitartean Western Electric enpresako Hawthorne Works lantegiko langileen produktibitatearen gainean eragina zuten faktore fisikoei (lan ordutegiak, atsedenak eta lanpostuaren kondizio fisikoak) buruzko esperimentuak diseinatu zituzten. Espero ez zituzten emaitzak lortu zituzten: esperimentuetan parte hartzen zuten langile taldeen produktibitatea beti handiagotu egiten zen, esperimentuetatik kanpo gertazen ziren langileen aldean, faktore fisikoak kontra zein alde edukita. Emaitza hobeak faktore fisikoek ez baizik eta bestelako motibazio faktoreek, hala nola antolakuntza informala, taldearen bultzada eta partaidetza, eragiten dituztela interpretatu zuten.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hawthorne efektuak Giza Harremanen Eskola sortzeko bidea zabaldu zuen, lan antolakuntza eta kudeaketari buruzkoa eta langilearen motibazio ez ekonomiko eta sozialak baieztatzen zituena. Ordura arte, besteak beste Henry Fayol, Frederick Winslow Taylor eta Max Weberek zuzendu eta faktore fisikoak eta antolakuntza formala nabarmentzen zituen eskola klasikoa egon zen indarrean. Giza Harremanen Eskola altzoan sortu ziren, gainera, X eta Y teoriak eta Maslow piramidea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]