Edukira joan

Hazkuntza mikrobiologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hazkuntza mikrobiologikoak hazkuntza-ingurune solidoetan -Petri plakak, ezkerrean- eta likidoetan -eskuinean-

Hazkuntza mikrobiologikoa mikrobioen hazkundea (bakterioena, onddoena edo birusena) ahalbidetzen duen prozesua da, eskuarki laborategian hazkuntza-inguruneak erabiliz bideratzen dena.

Hazkuntza mikrobiologikoa mikrobiologia klinikoan erabiltzen da mikrobio patogenoak bilatzeko, besteak beste. Ur eta janarien analisi mikrobiologikoetan edo mikrobiologia industrialean ere hazkuntza mikrobiologikoa garrantzi handikoa da.

Gaur egun posible bada ere mikrobioak identifikatzea beste prozedura batzuen bidez (esaterako, mikrobio horren DNA antzematen -PCRen bidez- edo bere proteina espezifikoak -immunofluoreszentzia edo ELISAren bidez-), hazkuntza mikrobiologikoa usu erabiltzen da laborategi mikrobiologikoetan, tresneria oso sofistikatua eskatzen ez duelako, emaitza kuantitatiboak eman ditzakeelako eta beste proba batzuk (antibiograma, esaterako) egiteko aukera ematen duelako.

Hazkuntza mikrobiologikoa prestatzerakoan sarritan mikrobio baten kultura purua lortzea bilatzen da. Hori, bereziki, funtsekoa da mikrobio patogeno baten bila lan egiten denean, patologia infekziosoa sortzen duen mikrobioaren bila, alegia. Beste kasu batzuetan (ur edo janari baten kutsadura mikrobiologiko orokorra jakin nahi denean, adibidez) ez da beharrezkoa kultura purua eskuratzea.

Bakterioak edo onddoak laborategian hazteko haien eskakizun nutritiboak eta behar dituzten ingurumen-baldintzak aintzat hartu behar dira. Hazkuntza-inguruneek eskakizun nutritibo horiek ase behar dituzte; ingurumen-baldintzei dagokienez, kontuan hartuko da hazi behar den mikrobio aerobioa ala anaerobioa den, bere pH eta tenperatura optimoak, etab. Halere, hainbat bakterio ezin izan dira orain arte laborategian haziarazi, beharrezkoa izanik beren identifikaziorako biologia molekularreko teknikak erabiltzea [1].

Hazkuntza-ingurune solido batean egindako ereintzak: goian, ezkerrean, ildaskaz egindako ereintza; eskuinean, ahitze bidezko ereintza. Beheko irudietan plakak inkubatu ondoren kolonien hazkuntza (puntu laranjak) ikus daiteke

Mikrobio baten bilaketa lagin batean egiteko hazkuntza mikrobiologikoak prestatu behar dira: lagin horren (ur edo janari bat, likido, jariakin edo exudatu organikoren bat...) zati txiki bat hazkuntza-ingurune espezifiko batean inokulatzen da. Prozesu honi ereintza deritzo.

Hazkuntza-ingurunearen arabera, hazkuntza mikrobiologikoa ingurune likido edo solido batean egingo da. Hazkuntza-ingurunea likidoa bada, laginaren bolumen txiki bat gehitzen zaio. Hazkuntza-ingurune solidoa bada, Petri plaka batean dagoen hazkuntza-inguruneari (agarra duena) ereintza-kirten esteril baten bidez lagina gehitzen zaio; hazkuntza-ingurunearen gainean arrastoa egiten da ereintza-kirtenez, laginaren mikrobioak barreaitzeko (ildaskaz egindako ereintza). Petri plakak inkubatu ondoren ildaska horietan bakteriar koloniak haziko dira (ikus irudia).

Ahitze bidezko ereintza ere usu erabiltzen da hazkuntza-ingurune solidoetan: kasu honetan lagina duen ereintza-kirtena hazkuntza-ingurunearen gainean barreiatzen da sigi-saga, inokulu berria hartu gabe.

Zer esanik ez dago ereintzak ingurugiro esteril batean egin beharko direla (kanpai mikrobiologiko baten barruan edo Bunsen metxeroaren sugarraren inguruan), eta erabilitako material guztiak (Petri plakak, hazkuntza-inguruneak, pipetak, ereintza-kirtena...) esterila izan beharko duela, analisiaren emaitzak ez kutsatzeko.

Birusen hazkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Birus eta bakteriofagoen hazkuntza mikrobiologikoek zelula ostalariak behar dituzte, birusa edo bakteriofagoa ugal daitezen. Bakteriofagoen kasuan, hazkuntzak bakteriar zelulak infektatuz lortzen dira. Gainontzeko birusen hazkuntzek, aldiz, zelula ostalari eukariotoak infektatuz eskuratzen dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gould, S.E. Sequencing the Impossible - working with `unculturable' bacteria Scientific American, 2011ko urria

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]