Hemolisina

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hemolisinak eritrozitoak apurtzen dituzten substantziak dira. Egitura kimikoari dagokionez, gehienak proteinak dira (nahiz eta gutxi batzuk lipidoak izan) [1]. Bakterioak, batik bat, eta onddo gutxi batzuk dira hemolisinen ekoizle nagusiak. Hemolisinen ekoizpenak, hain zuzen, mikrobio ekoizleen birulentzia areagotzen du.

Hemolisinek eritrozitoen zelula mintza kaltetzen dute, bertan poro ugari sortuz. Horren ondorioz, eritrozitoen lisia gertatzen da.

Hemolisinak ekoizten dituzten bakterioak laborategian identifikatzeko odol-agar hazkuntza-ingurunea erabili ohi da. Aztertzen ari garen mikrobioa odol-agarrezko plaka batean ereiten da. Hemolitikoa baldin bada, plaka horretan eritrozitoen lisia eragingo du eta, beraz, plakan hemolisi-eremuak agertuko dira [2].

Egitura proteikoa dutenez, hemolisinak termolabilak dira, hots, beroak apurtzen ditu.

Hemolisinak ekoizten dituzten bakterioen artean Staphylococcus aureus (lau hemolisina mota sortzen dituena), Streptococcus pyogenes, Vibrio parahaemolyticus eta Clostridium perfringens aipa daitezke, eta baita Escherichia coli enteropategoa ere [3].

Vibrio parahaemolyticus-en hemolisinak onkologoen arreta erakarri du. Ikerketapean dago bere ahalmena koloneko minbiziaren zelula tumoralen hazkuntza inhibitzeko [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Geny B, Popoff MR (2006). «Bacterial protein toxins and lipids: pore formation or toxin entry into cells». Biol Cell. 98: 667-678
  2. Madigan, M.., Martinko J.M., Parker, J.: Brock Mikroorganismoen Biologia (2007), EHUak euskaratuta, 788 orr. IBSN: 978-84-9860-026-1
  3. Los FC, Randis TM, Aroian RV, Ratner AJ. (2013) Role of Pore-Forming Toxins in Bacterial Infectious Diseases Microbiol Mol Biol Rev. 77: 173-207
  4. Karmakar P, Chakrabarti MK (July 2012). Thermostable direct hemolysin diminishes tyrosine phosphorylation of epidermal growth factor receptor through protein kinase C dependent mechanism. Biochim. Biophys. Acta. 1820 (7): 1073–80.

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]