Staphylococcus aureus

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Staphylococcus aureus
Sailkapen zientifikoa e
Domeinua: Bacteria
Filuma: Firmicutes
Klasea: Bacilli
Ordena: Bacillales
Familia: Staphylococcaceae
Generoa: Staphylococcus
Espeziea: Staphylococcus aureus
Rosenbach 1884

Staphylococcus aureus Firmicutes filumean eta Staphylococcus genero barruan sailkatzen den bakterio bat da, gizakiengan arnas aparatuko eta larruazaleko gaixotasunak sortzen dituena. Ez da beti patogenikoa, baina sinusitisa edo elikagaien kutsadura sortzen du maiz. Mundu osoan zehar antibiotikoei erresistentzia ari dira garatzen, eta honek arazo handiak sortzen ditu medikuntzan.

Staphylococcus aureus Alexander Ogston sendagile eskoziarrak identifikatu zuen estreinakoz 1880an, gaixo baten zornea aztertuz.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koko itxurako bakterio Gram positiboa da. Sareetan edo mordoetan biltzen dira koko horiek, tankera oso tipikoa hartuz (mahats-mordoarena).

Anaerobio fakultatiboa da eta ez da mugikorra. Katalasa (+) eta oxidasa (-) [1].

Giro anaerobio batean glukosa hartzitzen du azido laktikoa sortuz.

Gatz kontzentrazio altuak jasateko gai da. Azken ezaugarri hori aprobetxatuz, Staphylococcus aureus isolatzeko hazkuntza-inguru gaziak eta hautakorrak erabiltzen dira [2].

Bi entzima bereziak ditu, laborategian bakterio hau identifikatzeko oso baliotsuak direnak: koagulasa (odol-plasma koagulatzen duena eta mikrobioaren birulentzia areagotzen duena) eta DNA-asa (DNA hidrolizatzen duena). Horretaz gain, hainbat exotoxina ekoizten ditu (tartean, hemolisina batzuk eta janari-intoxikazioak sortzen dituzten enterotoxinak).

Faktore hauek guztiek aparteko birulentzia ematen diote Staphylococcus aureus-i.

Bere habitati dagokionez, non-nahi dago. Staphylococcus aureus habitat ugaritan bizi daiteke: airean, lurzoruan, ur gazi zein gezatan eta saprofito moduan animalien larruazalean, mukosetan edo digestio-aparatuan. Espektro termiko zabala du, gatz kontzentrazio handiak jasan ditzake, lehortearekiko erresistentea da, eta bere pigmentu babeslei esker eguzki-erradiazioarekiko ere erresistentea da.

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Staphylococcus aureus ez da patogeno hertsia. Pertsona askoren larruazalean edo sudurreko mukosetan dago, gaixotasunik sortu gabe. Ikerketa batzuen arabera, hiru pertsonetatik batek mikrobio horren eramailea da eta ez du inongo gaitzik [3].

Hala ere, patogeno bezala jarduten duenean gaixotasun ugari eragiten ditu. Populazio orokorrean agertzen diren ohiko kasuak larruazaleko edo mukosetako infekzio arinak dira (forunkuluak, pustulak, bekatxoak...) edo janari-intoxikazioak, kutsatutako elikagaiak jaterakoan. Pertsona immunogutxituengan, aldiz, gaitz larriagoak sortzen ditu: pneumoniak, meningitisa, artritisa, endokarditisa, etab. Gaixotasun larri horiek guztiak bakteriemia baten ondorioz agertzen dira.

Immunitate-sistema ahula dutenak, beraz, sentikorragoak dira bakterio horren infekzioarekiko. Horregatik, Staphylococcus aureus kalte handiak egiten ditu klinika eta ospitaleetan, eta infekzio nosokomialetako eragile garrantzitsuenetariko bat da. Mikrobioaren eramaile asko daudenez (larruazalean edo sudurrean bakterio dutenak), ospitaleetako langileek gaixoak kutsa ditzakete zauri kirurgikoak arretarik gabe sendatzerakoan, edo fomite bat erabiltzerakoan.

Ospitaleetan, Staphylococcus aureus ebakuntza-zaurien infekzioen eta pneumoniaren eragile ohikoena da, eta, odol-infekzioen kasuan, bigarrena. [4].

Baliabide batzuk ditu Staphylococcus aureusek bere birulentzia areagotzeko:

  • enterotoxinen ekoizpena
  • koagulasa eta DNA-asa entzimak
  • hialuronidasa entzima
  • hemolisinen eta leukozidinen ekoizpena

Hori gutxi balitz, bakterio honen aurkako borrokak beste korapilo batekin egiten du topo: Staphylococcus aureusek garatu duen antibiotikoekiko erresistentzia. Penizilina agertu zenean, antibiotiko hori oso eraginkorra zen Staphylococcus aureusen aurka, baina gero andui erresistenteak agertu ziren; gaur egun andui gehienak erresistenteak dira, duten beta-laktamasa bati esker.

Penizilinarekin gertatu dena beste antibiotiko batzuekin (aminoglikosidoen taldeko antibiotikoekin, adibidez) gertatu da ere: andui askok erresistentzia garatu dute. Horregatik, ohikoa da antibiograma bat egitea ospitaleetan, zehatz-mehatz jakiteko kasu bakoitzean zein den antibiotiko eraginkorrena isolatutako bakterioaren aurka.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 149-156 orr.
  2. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 149-156 orr.
  3. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:782-783 orr.
  4. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:907 orr.