Herbehereetako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Herbehereetar esportazioak 2006an.

2018an Herbehereetako ekonomia munduko 18. handiena izan zen.

Lurraldea oso mugatua izanik ere, ekonomia indartsua garatu dute nederlandarrek, garraioan, finantza zerbitzuetan eta industrian oinarritua, emaitza bikainak ematen dituena. Nekazaritzak oraindik ere garrantzi handia du: oso intentsiboa da, eta barazki langintzarekin lotu du behi eta zerri hazkundea. Laborantza gaien munduko hirugarren esportatzailea da Herbehereak, eta aurreneko lekuan dago gazta, lekadun eta loreen esportazioan. Gas naturala da lurpeko baliabide nagusia (bosgarrena 1996. urtean); Groningeneko hobi zabalak, iparraldean, oraindik gasaren bi heren ematen ditu, baina ekoizpena agortzen ari da; aldi berean ordea, indartzen ari dira Ipar Itsasoan dauden gas hobiak. Gas hori, nazioko esportazioen % 10 edo dena, inguruko europar herrialdeetan banatzen da.

Herbehereek oso tradizio zaharra dute negozioetan, eta orobat da han antzinakoa merkataritzako kapitalismo dinamikoa: bertakoak dira Shell, Unilever eta Philips bezalako multinazional handiak. Usadio horietan oinarriturik, industria ahaltsua garatu da: industria horretan usadiozko espezialitateak (diamante langintza adibidez) eta ekoizpen sorta oso zabala elkartzen dira, esportazio guztien % 50 ziurtatzen dutenak. Hirugarren sektoreak enpleguaren % 69,2 eta NPGren % 65,7 hartzen zuen 1994. urtean, eta nazioarteko merkatari eta finantza bulego asko sortu ditu atzerrian; hala, asko dira holandar holding-ak, trataera fiskal abantailatsu batek erakarriak. Rotterdamen dago munduko lehen portua, garraio sare bikain batez osatua, eta hantxe dago halaber petrolioaren negozioaren nazioarteko gune nagusia. Zor publiko handia zela-eta, plangintza bat jarri zen abian 1991-1994 urteetan. Horrekin batera, gizarte krisi bat gertatu da: izan ere, gizarte babesak, oso zabala izanik, eragotzi egiten du ekonomiaren aurreramendua. Bestalde, ekologia arazoen larritasuna dela-eta, ingurugiroa zaintzeko nazio plangintza bat aplikatu da 1990-2000 aldirako. Herbehereak Europar Batasuneko kide dira 1957. urteaz geroztik.

Oso herrialde industrializatua da; gas naturalaren ekoizpena munduko handienetakoa da, eta esku-hartze garrantzitsua du petrolio langintzan, findegi handiak baititu Antilletan eta Rotterdamen. Hain zuzen ere, Rotterdam da olio gordinaren merkatu librearen munduko gune nagusia (spot market). Pestiziden erabilera masiboa dela-eta, lurpeak nitrato kutsadura handia du; ibai nagusiek berriz era guztietako hondakinak daramatzate, organikoak nahiz industrialak, asko Europako beste herrietatik datozenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]