Edukira joan

Hipotermia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hipotermia
Deskribapena
Motaneurological and physiological symptom (en) Itzuli
Espezialitatealarrialdietako medikuntza
Arrazoia(k)cold weather (en) Itzuli
Sintoma(k)Haluzinazioa
Sortzen duparadoxical undressing (en) Itzuli
Izozte (medikuntza)a
Azterketa medikoaezezaguna
Identifikatzaileak
GNS-10T68
GNS-9991.6
DiseasesDB6542
MedlinePlus000056 eta 000038
eMedicine000056 eta 000038
MeSHD007035

Hipotermia hotzak gorputzeko tenperatura 35 °C-tik behera jaisten duenean ematen den afekzio orokorra da.

Hotz handia egiten duenean, gorputzeko tenperaturak bat-batean egiten du behera. Organismoa bero galera hau konpentsatzen saiatzen da larruazaleko hodi-uzkurdura eta dardaren bidez energia sortuz. Hau nahikoa ez denean, klaudikazio fasean sartzen da gaixoa, ondorioz zirkulazio, nerbio eta arnas aparatuaren depresioa eta heriotza gerta daitezke.

Gorputzeko tenperatua 33-35 °C artean dagoenean hipotermia arina da eta dardarak, buru nahasmena eta mugimendu baldarrak agertzen dira. 30-33 °C artean hipotermia larriagoa da eta aurreko sintomez gain, gaixoak oroimena eta konortea gal ditzake. 30 °C-tik behera, hipotermia larria da, konortea erabat galtzen da, begi-ninien zabalkuntza eta tentsio arterialaren jaitsiera ematen dira eta bihotzeko taupadak ahuldu egiten dira, ia detektaezinak izatera heldu arte.

Zenbait ebakuntzetan kirurgiagileek hipotermia artifiziala sor dezakete gaixoaren organoen aktibitatea jaisteko eta oxigeno gutxiago kontsumitzeko.

Hipotermian tenperaturaren jaitsieraz gain, beste faktore batzuk ere eragiten dute:

  • Faktore meteorologikoak. Tenperaturaren jaitsiera bakarrik ez, esposizio denbora ere kontuan hartu behar da. Hezetasunak kondukzioz galera termikoa errazten du, haizeak konbekzioz eta altitudeak hipoxia zelularra errazten du.
  • Faktore pertsonalak. Adina, haurrak eta adineko pertsonak sentikorragoak dira. Nutrizio egoeraren alterazioak ere eragina du, gihar uzkurdurek energia kontsumitzen baitute eta zirkulazio periferikoari eragiten dioten arterioesklerosia bezalako gaixotasunak ere kontuan hartzekoak dira.
  • Faktore larriagotzaileak. Kontzientziaren alterazioak edo hotza nabaritzeko zailtasunak esaterako, alkohol edo drogen toxikapena. Baita hipogluzemia bezalako hotzari aurre egiteko mekanismoen alterazioak eta erantzun hodi-uzkurtzailearen asalduak ere.

Giza gorputzaren tenperatura normala 36-36.9 °C artean dago. Tenperaturaren jaitsieraren arabera hipotermia hiru alditan sailka daiteke larritasunaren arabera.

Lehen aldi honetan gorputzeko tenperatura normaletik gradu bat edo bi jaisten da. Hotzikara arin zein bortitzagoak agertuko dira. Gaixoak ezingo ditu eskuekin lan konplexuak burutu eta eskuak lokartuko zaizkio. Gorputz-adarretako odol hodien uzkurdura ematen da, bero galera murrizteko. Arnasketa azkarra eta sakontasunik gabea bihurtzen da. Gorputzeko ile kopurua handitzen da airetik babestuko duen geruza babesle bat sortu asmoz (hau nahikoa mugatua da gizakian, baina beste espezie batzuetan oso erabilgarria da). Sarritan gaixoak bero sentsazioa izango du, onera egiten ariko balitz bezala, baina honek bigarren aldira igarotzen ari dela adierazten du. Okerrera doan jakiteko beste modu bat, hatz txikiarekin hatz lodia ukitzeko gai den ikustea da, aldi honetan jada giharrek ez baitute funtzionatzen.

Bigarren aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi honetan gorputzeko tenperatura bi edo lau gradu jaisten da. Hotzikarak bortitzagoak bihurtzen dira. Giharren arteko koordinazio eza nabaria egiten da. Mugimenduak motelak eta traketsak dira, erritmo irregular eta nahasmenarekin lotuta joaten dira gainera nahiz eta gaixoa adi egoeran dagoela iruditu. Gorputz-adarretako odol hodiak gehiago uzkurtzen dira gorputzak bere energia bizitzarako ezinbestekoak diren organoak bero mantentzera mugatzen duen heinean. Gaixoa zurbildu egingo da. Ezpain, belarri, esku eta oinetako hatzek kolore urdina har dezakete.

Hirugarren aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken aldi honetan gorputzeko tenperatura 32 °C-tik behera jaisten da. Hotzikarak desagertu egiten dira. Hitz egiteko eta pentsatzeko zailtasunak eta amnesia agertzen dira, esku eta hankak erabiltzeko ezintasuna ere agertu ohi da. Prozesu metaboliko zelularrak gelditu egiten dira. 30 °C-tatik behera kontaktuan dagoen azala urdindu egiten da, gihar koordinazioa galtzen da, oinez ibiltzea ia ezinezkoa bihurtzen da eta gaixoak jarrera inkoherentea erakusten du, esaterako gauzen artean ezkutatuz bere burua. Pultsuak eta arnas erritmoak behera egiten dute modu nabarmenean, nahiz eta zenbait kasutan takikardia bentrikularra edo fibrilazio aurikularra ager daitezkeen. Ezinbestekoak diren organoek huts egiten dute. Heriotza klinikoa gertatzen da. Aktibitate zelularraren jaitsiera dela eta, burmuinaren heriotza gertatzeko denbora gehiago behar da.

Aurreneurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arropa egokia janzteak hipotermia prebenitzen lagun dezake. Kotoia arrisku faktorea izan daiteke hipotermiarentzat. Klima hotzean ura atxikitzen du eta ur honek beroa gorputzetik kanpora eramaten du. Klima lehorrean aldiz, kotoia izerdiarekin hezetu eta erabiltzailea geldirik geratzean hoztu egin daiteke. Horregatik, hobe da ehun sintetiko eta artilezkoak erabiltzea, isolamendu hobea dutelako bustita daudenean eta azkarrago lehortzen direlako.

Bero galera aurreikusteko oso zaila da, faktore anitzek hartzen dutelako parte bertan, hala nola, arropa mota eta kantitatea, pertsonak duen lipido babesle kantitatea, inguruneko hezetasuna, hipotermia inguratzen duten egoerak... Beroa askoz ere azkarrago galtzen da uretan, horregatik uretako kirol bat egitean neoprenozko jantzia erabiltzea beharrezkoa da.

Alkoholaren kontsumoa ere arrisku faktorea da. Honek hodi-zabaltzaile moduan eragiten baitu, gorputz-adarretako odol fluxua handituz eta bero galera eraginez. Gainera, beroa galtzen ari den bitartean gaixoak berotasun sentsazioa izango du.

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]