Klima

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Munduko klimak (10 klimatan sinplifikatua)

Klima eskualde bateko egurats edo atmosfera-egoeren seriea da[1], beraz, denbora luzean neurtuak. Honek esan nahi du egoera guztiak kontuan hartzen direla, bai adierazgarriak, bai ez ohikoak: egoeren gertaerak, beren dinamika, nola gertatzen diren eta zein erritmotan gertatzen diren... Klima mota ezartzeko tokian tokiko eguratsaren neurri estatistikoak, urtekoak eta hilabetekoak, kontuan hartzen dira: tenperatura, prezipitazioa, eguzki-orduak, argia, hezetasuna, haizearen abiadura etab. Ohiz kanpoko datuak ere kontuan hartzen dira. Hitzaren jatorria grezierazko kλίμα, klíma, da, inklinazioa adieran. Izan ere, lehenengo klima eskualdeak banatu zirenean, eguzki izpien inklinazioaren arabera erabaki ziren.

Klimatologia da klima aztertzen duen jakintza. Paleoklimatologiak, aldiz, antzinako klima aztertzen du, hainbat jatorriko laginak ikertuz, hala nola, aintzira hondoetako sedimentuak, izotz harriak edo koral eta zuhaitz eraztunak.

Klima eta eguraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguraldia  
Urtaroak

Udaberria · Uda
Udazkena · Negua

Urtaro lehorra
Urtaro hezea

Ekaitzak

Enbata · Trumoi-ekaitza
Tornado · Traganarrua
Zikloi tropikala (Haizerauntsia)
Zikloi ez tropikala
Elur-ekaitza · Bisutsa
Izotz-ekaitza

Prezipitazioa

Lainoa · Zirimiria · Euria
Euri izoztua · Elurbustia · Ihintza
Txingorra · Elurra · Virga

Meteorologia

Eguraldiaren iragarpena
Antizikloia · Depresioa

Artikuluak

Hodeiak · Haizea
Presio atmosferikoa
Klima · Tenperatura
Klimatologia · Atmosfera
Airearen kutsadura

 i  e  a 

Meteorologoek "eguraldi" hitza erabiltzen dutenean, eguratsean epe labur batean gertatzen diren gorabeherez ari dira, hau da, tenperaturan, hodeietan, prezipitazioetan eta haizeetan minutu batetik bestera, hil batetik bestera gertatzen diren aldaketez.

Eguraldiaren epe luzeko adierazpenari klima esaten zaio. Beste era batera esanda: eskualde jakin bateko klima, delako eskualde horretan eguraldiak epe luze samar batean -zenbait hamarraldi- dituen estatistika ezaugarrien araberakoa da. Aditu batzuen ustez, 10 eta 100 km² bitarteko eremua duten eskualdeen klima mesoklima baten parte gisa har daiteke. Hala, beraz, ibar baten edo hiri baten propietate atmosferikoak kategoria horri dagozkio.

Hedadura handiko alde bateko (eskualde bat, herrialde bat edo are kontinente bat) ezaugarri meteorologikoak azaltzeko, berriz, makroklima terminoa erabiltzen da.

Mikroklima hitza, aldiz, ekologian-eta oso erabilia, organismo baten habitat naturalaren klima ezaugarriei dagokio, ingurune jakin eta ongi mugatu bat hartzen du, landarediak, lur osagaiek eta eguzki argiari buruzko orientazioak eta esposizioak zehaztua, zeinean, oso tarte txikian, gorabeherak izan baitaitezke alde batetik bestera.

Oro har, eguratsaren batez besteko egoera bezala definitu da klima, eta zenbait hamarralditan (hogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera) jasotako datuetan oinarrituta egiten da batez besteko hori. Baina eskualde klimatiko guztietan eguratseko eguraldia etengabe aldatzen ari dela kontuan izan gabe, definizioa ez dago behar bezala osaturik.

Klimaren definizioan, beraz, kontuan izan behar da eguraldiaren bilakaera normala edo batez bestekoa, dituen gorabehera guztiekin. Hala, leku jakin bateko klimari buruzko zenbakizko ezaugarriak jakin nahi badira, tenperatura, prezipitazio eta haizearen batez besteko balioak ez ezik haiek noiz eta nola eskuratu ziren ere jakin beharra dago, eta orobat batez besteko balioari buruzko maiztasuna eta gorabeherak ere, eta airearen hezetasuna, egurats presioa, hodeiak, zeru garbiko eguzki orduak, ikusgaitasuna, elur geruza, eta, oro har, estatistika bidez bereiz daitekeen meteorologia gertaera oro. Hala egin dira klima mapak, alegia, datuen batez besteko balioak erabiliz eta kalkulu estatistikoak eginez. Denboran zehar aldagarriak baina batez besteko egoera baten inguruan aldagaitzak diren parametroen multzoa da klima, eta klimatologia, berriz, parametro horiez diharduen jakintza.

Klima sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima sistema 1975ean definitu zen lehenengo aldiz, Munduko Meteorologia Elkartearen Egurats Ikerketarako Programa Orokorrak prestatu zuen dokumentu batean. Honela zioen definizioak:

elkarrekin loturik dauden bost osagaiez eraturiko sistema bat da klima sistema: eguratsa, hidrosfera, kriosfera, litosfera eta biosfera.

Osagai horietako bakoitzak azpisistema heterogeneo termohidrodinamikoak eratzen ditu, besteek ez bezalako tasun fisikoak ditu, estu loturik dago gainerako osagaiekin energia eta materia jarioak eragiten dituzten prozesu konplexuen bidez, eta eguzki irradek (kontuan hartzeko moduko energia iturri bakarra baita hori) gobernatzen dute.

Lurreko klima sistema energia trukeen mende eta orekan dagoen sistema bat da. Sistema horren barruan hiru zati bereizten dira: sarrerak (sistemaren funtzionamendua baldintzatzen duten mekanismoak), erdigunea (eguratsa, sarreren kontrolpean) eta irteerak (Lurreko klimak, multzo oso horren ondorioa).

Sistemaren funtzionamendua, beraz, mekanismo edo eragile askoren mende dago (sarrerak): eguzki irraden energia, Lurraren errotazioa, orbita mugimendua, itsaso eta lurren banaketa, lurraren eta ozeanoen topografia, eta eguratsaren eta ozeanoen osaera. Eragile horietan eguzki irraden energia da, dudarik gabe, nagusia, sistemaren barruan sortzen diren prozesu gehienen oinarrizko energia iturria baita bera. Klima sistemaren erdigunea, berriz, eguratsa da: izan ere, lur azaleko eguraldia eta klima eratzen duten energia trukatze eta eraldatze gehienak airearen mugimenduaren bidez egiten dira, aireak berehala erantzuten baitie bero banaketaren gorabeherei.

Irteerak, berriz, Lurreko klimak dira, bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta sarrerako mekanismo bat edo besteren eragina erakusten duela.

Klima sistemaren oreka horren ondorioetako bat Lurreko irradaren oreka da: Lurrak Eguzkitik hartzen duena adina energia islatzen du kanpoaldera, eta, beraz, lurraren batez besteko tenperatura ez da aldatzen.

Beste ondorio bat Lurreko uraren oreka da: ozeanoaren, eguratsaren eta kontinenteen artean ura lekuz aldatzeak horien artean sortzen den ur gehiegitasuna eta gutxiegitasuna orekatzen ditu.

Sistemaren oreka orokorrak Lurreko klimen egonkortasuna dakar. Horrek ez du, inondik ere, klimak aldatzen ez direnik esan nahi. Aitzitik, gertaera larri batek, izan kanpoko perturbazio bat (klima sistemaren kanpoko eragileren batean aldaketaren bat gertatu izanak eragina: gorabeherak eguzki irradetan, aldaketak Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitan), izan barneko bat (sumendietako erupzioak, aldaketak hormaguneen zabaleran edo lur azalaren gora-beheretan, karbono dioxidoaren gehitzea, baso galtzea, etab.), aldaketak eragiten ditu klimetan eta klimen banaketan.

Beraz, gaur egungo klimen mosaiko hau klimen historia jarraituaren une jakin bat besterik ez da, aldaberatasun naturala baita, hain zuzen, klimen berezitasun nagusietako bat.

Sistemako atalen arteko doitze eta kontrol prozesuetan zeresan berezia dute berrelikatze edo feedback mekanismoek: aldagai batek beste bati eragiten dionean, bigarrenaren eraginak lehenengoa eraldatzen du atzera; zirkuitu itxi bat eratzen da orduan, eta hasitako prozesua, edo areagotu egiten da (berrelikatze positiboa) edo moteldu (berrelikatze negatiboa). Eta hala, kanpoko edo barneko perturbazio baten eraginpean dagoenean klima sistema, berrelikatze mekanismoak sortzen dira aldagaien artean, denbora eskala ez beti berdinetan (hilabeteak edo milaka urteak). Lurraren gainazala jotzen duten eguzki energiaren aldaketek tenperaturan izan dezaketen eragina aztertzea izango litzateke berrelikatze positiboaren adibide bat: baldin lur azalera eguzki energia gutxiago iristen bada, tenperaturak behera egingo du, elur gehiago egingo du, hormaguneak ere hedatuz joango dira, eta horren ondorioz, albedoa handitu egingo da; eguzki irrada gehiago igorriko litzateke kanpora eta tenperatura are gehiago apalduko litzateke.

Klimaren hau bezain sistema konplexu batean anomalia batek aldaketak eragin ohi ditu beste aldagai batzuetan, hasierako perturbazioa zer motatakoa den, non gertatu den, eta zer magnitude duen betiere. Baina, klimak kontrolik izango badu, barneko doitze mekanismoek neutralizatu egin behar dituzte berrelikatze positiboko mekanismoak prozesuaren uneren batean.

Are gehiago, berrelikatze mekanismoen eragin erregulatzailea konplexua da, askotarikoa baita elkarri eraginez dauden azpisistema guztien jokabidearen denbora eskala.

Perturbazio batek asaldatu ondoren azpisistema batek atzera orekan jartzeko behar duen denbora da denbora eskala. Denbora eskaletan alde handia dago batetik bestera: eguratsa, bere osoan, eta behe troposfera, bereziki, ozeanoaren gainaldea bezala, duten mugitzeko eta beroa trukatzeko ahalmena dela eta, berehala erreakzionatzen dute tenperatura aldaketa baten aurrean, eta egun gutxi edo aste gutxitan iristen dute oreka. Aitzitik, biosferaren oinarrizko zikloa urtekoa da, eta uda-neguko aldaketa termikoei erantzuten die. Sistemako beste atal batzuek askoz ere denbora eskala handiagoak dituzte. Ozeanoan, ur sakonetan, doitze denborak hamarraldiak edo mendeak izan daitezke. Kriosferaren erantzuna ere aldakorra da oso: elur geruzak urtetik urtera gorabehera handiak dituen bezala, hormategiak eta hormaguneak askoz polikiago aldatzen dira, bolumenean edota hedaduran kontuan hartzeko aldaketak gertatzerako ehunka milioi urte igarotzen dira. Litosfera da, berriz, sistemako osagai motelena; ehunka milioi urtetan gertatzen baitira aldaketak berorretan.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzen den klimen lehen sailkapena grekoek egin zuten. Hiru klima eremu handitan banatu zuten Lurra, tenperaturen banaketa globala kontuan harturik: tropikala, epela eta polarra. Harrezkero sistema asko formulatu dira, batez ere XX. mendean, baina, oro har, bi joera nagusi bereiz daitezke. Batetik, klima aniztasuna sortzen duten faktoreetan (eguratsaren zirkulazioa, aire masak eta eguraldi motak) oinarritzen direnak, sailkapen genetikoak deituak (Flohn, Alissov edo Strahlerrenak, adibidez), eta, bestetik, klimaren hainbat elementu (elkortasuna eta tenperaturak) konbinatzen dituztenak, sailkapen enpirikoak deituak (Papadakis, Thornthwaite eta, batez ere, Köppen).

Flohnen klima sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flohnen sailkapen genetikoak (1950) Lurreko haize laster handiak eta prezipitazioa hartzen ditu oinarritzat. Kontuan hartzen ditu halaber egurats zirkulazioaren joera orokorrak arotik arora izaten dituen aldeak. Urte guztia haize sistema beraren mende dauden eskualdeak (klima homogeneoa) eta aroaren araberako haizeen mende daudenak (klima heterogeneoa) bereizten ditu. Orotara, zazpi klima eremu bereizten ditu, baina haietako bakoitza zehatz-mehatz mugatzeko zailtasunak direla eta, ez da haien banaketa geografikoa planisferio batean irudikatu, eta mapa ideal bat marraztu besterik ez da egin.

Köppen klima sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Köppen klima sailkapena

Köppen klima sailkapena da sailkapen metodo ezagunena eta erabiliena geografoen artean. Landaredi naturala klimaren adierazle bat delako ideian oinarritzen da; haren kategorietako batzuk landare mota batzuen muga klimatikoetan oinarritzen dira, hain zuzen. Köppenek urteko eta hilabeteko tenperatura eta prezipitazio batez bestekoen arabera definitzen ditu klimak; zenbait talde eta azpitalde klimatiko bereizten ditu, eta letrazko kode baten bidez izendatzen. Bost talde nagusi daude, letra larriz adieraziak, eta beren ezaugarriak batez ere irizpide termikoetan oinarritzen dira:

  • A. Klima tropikal euritsua: Hileko batez besteko tenperatura 18 gradu zentigraduz gorakoa da. Ez da negurik eta euri asko egiten du.
  • B. Klima lehorrak: Lurruntzea prezipitazioa baino handiagoa da eta ez dago ur soberarik.
  • C. Klima epelak eta hezeak: Hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura 18 eta -3 °C artekoa da, eta beroenarena, berriz, 10 °C-tik gorakoa.
  • D. Negu hotzeko klima epelak: Hilabete hotzenaren batez besteko tenperatura -3 °C-tik beherakoa da, eta hilabete beroenarena, berriz, 10 °C-tik gorakoa.
  • E. Klima polarra: Ez dago aro berorik, eta hilabeteko batez besteko tenperatura 10 °C-tik beherakoa da beti.

Talde horiek guztiak azpitalde espezifikoagoetan banatzen dira, letra xehez adierazten dira, eta beren ezaugarriak prezipitazioen aroz aroko banaketan oinarritzen dira:

  • f: prezipitazio konstanteak, ez da hilabete lehorrik.
  • m: prezipitazio konstanteak, hilabete lehorren bat izan ezik.
  • s: lehorraldia udan (sommer alemanez).
  • w: lehorraldia neguan (winter alemanez).

Bi letra multzo horiek konbinatuz Köppen klima sailkapena osatzen duten hamabi klimak ateratzen dira.

Köppen–Geiger klima mapa[2]

   Af

   Am

   Aw

   BWh

   BWk

   BSh

   BSk

   Csa

   Csb

   Cwa

   Cwb

   Cfa

   Cfb

   Cfc

   Dsa

   Dsb

   Dsc

   Dsd

   Dwa

   Dwb

   Dwc

   Dwd

   Dfa

   Dfb

   Dfc

   Dfd

   ET

   EF

Klima aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Klima aldaketa

Klima aldaketa ludian edota eskualde batean denboran zehar gertatzen den eguratseko ezaugarrien aldaketa da, Lurraren barruko nahiz kanpoko prozesuez gain, gizakiak eraginda ere gerta daitezkeenak.

Gaur egun, ingurumen-politikari begira, klima aldaketa oraingo klimako aldaketei baino ez da zuzentzen. Honekin lotuta lurrazaleko tenperaturaren igoera dago, berotze globalaren parte dena. UNFCCCek ordea gizakiak eragindako kalteekin lotzen du gaia, eta gizakiak ez eragindako kalteei klima-aldakortasuna deitzen diote.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Maximilien Sorre
  2.   Peel, M. C. and Finlayson, B. L. and McMahon, T. A. (2007), Updated world map of the Köppen–Geiger climate classification, 11, 1633–1644. orrialdeak, ISSN 1027-5606, http://www.hydrol-earth-syst-sci.net/11/1633/2007/hess-11-1633-2007.html . (direct: Final Revised Paper)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Klima Aldatu lotura Wikidatan