Hubbert-en teoria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Estatu Batuetako gobernuaren 2004ko aurreikuspenak petrolio-ekoizpenaren inguruan

Hubbert-en teoriak dio area geografiko batean, bai eskualde batean zein planeta osoan, petrolioaren ekoizpen-tasak kanpai itxurako kurba bat osatuko duela. Petrolioaren gailurraren oinarrian dagoen teorietako bat da.

Hubbert-en kurban ekoizpen goreneko puntu bat zehazten da hobi berrien aurkikuntza-tasan, ekoizpen-tasan eta ekoizpenaren metaketan oinarrituz. Kurbaren hasieran (gailurraren aurretik), aurkikuntza berrien eta azpiegituren gehikuntzaren ondorioz ekoizpen-tasa handitu egiten da. Kurbaren amaieran (gailurraren ondoren), ekoizpena jaitsi egiten da baliabidearen agorpenaren ondorioz.

Hubbert-en gailurraren teoriaren oinarrian ideia bat dago: lur azpian dagoen petrolio-kantitatea mugatua dela, eta beraz, aurkikuntza-tasa, hasieran oso azkar hazten dena, gero puntu gorenera iritsi eta jaitsi egingo dela. Petrolioaren erauzketa-tasak aurkikuntzen kurbari jarraitzen dio denbora-tarte baten ondoren, normalean 35 urte ingurukoa[1][2].

Teoria honek petrolioaren industrian lan egiten zuen M. King Hubbert geofisikari estatubatuarraren izena darama, berak proposatu baitzuen 1956an. Hasieran teoriak ez zuen harrera onik eduki petrolioaren industrian, baina ordutik onarpen zabala irabazi du. Hubbert-ek aurresan zuen Estatu Batuetako petrolio-ekoizpenaren gorena 1965-1970 inguruan gertatuko zela; izatez, gailurra 1970an gertatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Jean Laherrere, "Forecasting production from discovery", ASPO Lisbon May 19-20, 2005 [1]
  2. (Ingelesez) J.R. Wood, Michigan Technical University Geology Department Oil Seminar 2003 [2]