Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Planeta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
MerkurioArtziarra
LurraMarte
JupiterSaturno
UranoNeptuno
Eguzki-sistemako zortzi planetak
Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte
Jupiter eta Saturno (gasezko erraldoiak)
Urano eta Neptuno (izotzezko erraldoiak)

Eguzkiarekiko duten distantziaren arabera eta benetako kolorean. Tamainak ez daude eskalan.

Planeta izar baten edo hildako izar baten inguruan orbita egiten duen objektu astronomiko bat da, bere grabitazio indarrak borobildua izateko masa nahikoa duena, ez dena fusio termonuklearra egiteko bezain handia eta bere inguruko orbita planetesimalez garbitu duena[1][2][I]. Planeta terminoa antzinarotik etorri da eta lotura sendoak ditu historia, astrologia, zientzia, mitologia eta erlijioarekin. Eguzki-sistemako hainbat planeta begi hutsez ikus daitezke, eta hainbat kulturek jainkoen mezulari gisa hartu izan dituzte historian zehar. Ezagutza zientifikoak aurrera egin ahala, gizakiak duen planeten pertzepzioa aldatu da, beste hainbat objektu ere bertan sartuz. 20016an Nazioarteko Astronomia Elkarteak (IAU) ofizialki planetaren definizioa egin zuen, nahiz eta bakarrik Eguzki Sistemari dagokion. Definizioa gatazkatsua izan zen, masa-planetarioa duten hainbat objektu kanpoan utzi zituelako orbita non edo zeren inguruan egiten dutenaren arabera. 1950a baino lehen ezagutzen ziren zortzi planeta definizioaren barruan geratu baziren ere, asteroide-gerrikoan dauden Zeres, Pallas, Juno eta 4 Vesta eta ezagutu zen lehen Neptunoz haraindiko objektua zen Pluton planeta izendapenetik kanpo geratu ziren, lehenago hala sailkatzen baziren ere.

Planetak bi motatan banatu ohi dira: dentsitate baxua duten planeta erraldoiak eta txikiagoak diren planeta telurikoak. IAUren definizioaren arabera zortzi planeta daude Eguzki-sisteman. Eguzkiarekiko distantziaren arabera, lau telurikoak dira, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte; eta beste lau planeta erraldoi dira, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno. Zortzi planeta hauetatik seik satelite naturalak dituzte inguruan. Eguzki-sistematik kanpo milaka exoplaneta aurkitu dira Esne Bidean. 2017ko abenduaren 1ean 3.710 exoplaneta ezagutzen ziren, 2.780 sistema-planetariotan. Horietako batzuek Ilargiaren tamaina dute, beste batzuek Jupiterren tamaina bikoitza dute. Aurkitutako 100 planeta baino gehiagok Lurraren tamaina bera dute, eta bederatzik Lurrak Eguzkiarekiko duen distantzia erlatibo bera dute, hau da, bizigarritasun zonan daude[3][4]. 2012ko ikerketa baten arabera, Esne Bidean dagoen izar bakoitzak batezbesteko 1,6 planeta ditu, gutxienez[5]. Eguzkiaren antzekoak diren bost izarretik batek[II] Lurraren tamaina[III] duen planeta bat izango luke zona bizigarrian[IV]

Ptolomeok uste zuen planetek Lurraren inguruko orbita zutela, epizikloak eginez euren orbitan. Planetak Eguzkiaren inguruan mugitzen zirenaren ideia hainbatetan proposatu bazen ere, Galileo Galileik teleskopioarekin behaketak egin arte XVII. mendean ez zegoen honen froga behagarririk. Garai berdinean Tycho Brahek eta Johannes Keplerrek aurkitu zuten planeten orbitak ez direla zirkularrak, baizik eta eliptikoa. Behaketa instrumentuak hobetu ahala neurketa zehatzagoak egin ziren, eta ikusi zen planetek ardatz okertua dutela, eta batzuek izotz-kaskoak eta urtaroak dituztela. Aro Espazialaren hasierarekin Lurra eta beste planeta batzuk gertutik behatzeko aukera egon da, eta aurkitu da badutela bulkanismoa, urakanak, tektonika edo hidrologia bezalako fenomeno partekatuak.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Planeta" hitza latinetik dator, planeta hitzetik. Hau antzinako grezieratik dator, πλανήτης ('planētēs' «erraria»). Hitz hau, era berean, πλανάω hitzetik dator ('planáō', «alderrai ibili») eta baliteke hitz hau Aitzinindoeuroperako *pel- hitzetik etortzea, esanahi berarekin.

Antzinaroan, batez ere Ptolomeoren teoria geozentrikoan, Lurra kosmosaren zentrotzat hartzen zen, eta bere inguruan biratzen zuten Eguzkiak eta bost errariak edo bost planeta errariak[V], horrela deituak ez dutelako zirkuluaren legea betetzen. Eguzkiak edo Ilargiak ez bezala, planetek ez dute Lurraren inguruko zirkulurik deskribatzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Astronomiaren historia»
Ptolomeoren eredu geozentrikoaren berrargitaratze bat, 1660an egina.

Planetaren ideia historian zehar aldatu da, iraganeko argi dibinotik zientziaren aroko bestelako lurretaraino. Kontzeptua hedatu da Eguzki Sisteman dauden beste mundu batzuk barne hartzeko, eta azken hamarkadetan Eguzki-sistematik kanpo dauden beste ehunka objektu izendatzeko. Planetak definitzeko egon den anbiguetateak, hala ere, eztabaida handia sortu izan du komunitate zientifikoaren baitan.

Bost planeta klasikoak begi hutsez ikusa daitezke, eta antzinaroan ezagunak izanagatik eragin handia izan dute mitologia, kosmologia erlijiosoan eta etnoastronomian. Antzinaroan astronomoek ikusi zuten nola argietako batzuk zeruan zehar mugitzen ziren, "izar finkoak" ez bezala, zeruan posizio erlatiboa mantentzen zutenak[6]. Antzinako greziarrek argi hauei πλάνητες ἀστέρες (planētes asteres, "izar errariak") edo sinpleki πλανῆται (planētai, "errariak") izena eman zieten [7] Antzinako Grezia, Txina, Babilonia eta zibilizazio aurre-moderno gehienetan[8][9] uste zen Lurra zela Unibertsoaren erdigunea, eta planeta guztiek bere inguruan biratzen zutela. Pertzepzio honen arrazoia nahiko sinplea da: Lurretik ikusita ematen du izarrak eta planetak Lurraren inguruan egunero bira ematen zutela, eta Lurra zela solidoa eta geldi dagoena, besteak mugitzen diren bitartean; ideia hau "zentzu-komunekoa" zen.[10].

Eguzki-sistemako planetak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Merkurio
  2. Artizarra
  3. Lurra
  4. Marte
  5. Jupiter
  6. Saturno
  7. Urano
  8. Neptuno

Planeta telurikoak edo barneko planetak dira lehen laurak; hurrengo lauak planeta erraldoiak edo jobiarrak.

Eguzki-sistemako planeta guztien izenak, Lurrarena izan ezik, Erromatarren jainko-izenetatik hartu izan ziren; jainko-izenez eta mitologia klasikotik izendatzen ohi dira, halaber, ilargi eta planeta txikiak ere.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Planetaren definizioa Nazioarteko Elkarte Astronomikoaren (IAU) bi deklarazio ezberdinetatik jaiotzen da; 2006an IAUk definizio formal bat egin zuen, eta 2001/2003 artean IAUk lanerako definizio informal bat proposatu zuen Eguzki-sistematik kanpoko objektuetarako. 2006an argitaratutako planetaren definizioa Eguzki-sistemarako baino ez da baliagarria, 2003koa beste izar batzuetarako ere baliagarria den bitartean. Eguzki-sistematik kanpoko planeten gaia konplexuegia zela erabaki zen 2006ko IAUren batzarrean.
  2. Bostetik bat estatistika honetarako "Eguzkiaren antzekoak diren" esaterakoan G motako sekuentzia nagusiko izarra adierazi nahi da. Eguzkiaren antza duten izarren datuak ez dago zuzenean eskuragarri, beraz estatistika honetarako K-motako izarrak erabili dira.
  3. Bostetik bat estatistika honetarako "Lurraren tamaina" gisa Lurraren erradioa 1 eta 2 aldiz duten gorputzak hartu dira kontuan.
  4. Bostetik bat estatistika honetarako "zona bizigarriak" Lurraren izar-fluxuaren 0,25 eta 4 aldiz duen eremuari buruz ari gara. 0,5 eta 2 UA artean legoke planeta hori.
  5. Garai hartan Merkurio, Artizarra, Marte, Jupiter eta Saturno baino ez ziren ezagutzen

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   International Astronomical Union | IAU, http://www.iau.org/news/pressreleases/detail/iau0603/. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  2.   Hau da planeta bat - Zientzia.eus, http://zientzia.eus/artikuluak/hau-da-planeta-bat/. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  3. (Ingelesez)  «NASA discovery doubles the number of known planets», USA TODAY, https://www.usatoday.com/story/news/2016/05/10/kepler-finds-new-planets/84187098/. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  4.   The Extrasolar Planet Encyclopaedia — Catalog Listing, http://exoplanet.eu/catalog.php. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  5. (Ingelesez)  Cassan, A.; Kubas, D.; Beaulieu, J.-P.; Dominik, M.; Horne, K.; Greenhill, J.; Wambsganss, J.; Menzies, J. et al. (2012/01), «One or more bound planets per Milky Way star from microlensing observations», Nature (7380): 167–169, doi:10.1038/nature10684, ISSN 1476-4687, https://doi.org/10.1038/nature10684. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  6. (Ingelesez)  «Ancient Greek Astronomy and Cosmology - Finding Our Place in the Cosmos: From Galileo to Sagan and Beyond», The Library of Congress, https://www.loc.gov/collections/finding-our-place-in-the-cosmos-with-carl-sagan/articles-and-essays/modeling-the-cosmos/ancient-greek-astronomy-and-cosmology. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  7.   Henry George Liddell, Robert Scott, «πλανήτης», An Intermediate Greek-English Lexicon, http://www.perseus.tufts.edu/hopper/text?doc=Perseus:text:1999.04.0058:entry=planh/ths. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  8.   Neugebauer, O. (1945-01-01), «The History of Ancient Astronomy Problems and Methods», Journal of Near Eastern Studies (1): 1–38, doi:10.1086/370729, ISSN 0022-2968, http://www.journals.uchicago.edu/doi/10.1086/370729. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .
  9.   Astronomy before the telescope (1st U.S. ed. argitaraldia), St. Martin's Press, 1996, ISBN 0312154070, https://www.worldcat.org/oclc/36922915 .
  10.   Bandres Unanue, Luis (1986-12-01), «Zientziaren sorrera grezian. Aro helenikoa», Elhuyar Aldizkaria (Zientzia.eus), http://zientzia.eus/artikuluak/zientziaren-sorrera-grezian-aro-helenikoa/. Noiz kontsultatua: 2017-12-14 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Planeta Aldatu lotura Wikidatan