Baliabide natural

Wikipedia(e)tik
Natura baliabide» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Baliabide naturalak, naturan daude eta baliabide kontsidera daitezkeen elementuen multzoa da. Gizakiak esku hartu gabe eskaintzen dituen baliabideak dira. Eguzkiaren argia, atmosfera, ura, lurra (mineralak barne), bizitza oro (landareak, animaliak zein beste edozein bizitza mota), bai eta propietate magnetikoak, grabitaziozkoak zein elektrikoak baliabide naturaltzat hartzen dira.

Gizarteak bere ongizatea hobetzeko erabiltzen ditu natur baliabideak, bai modu zuzenean (mineralak, lehengaiak, janaria) bai zeharka.

Baliabide natural batzuk, esaterako argia eta airea, edonon daude Lurrean, baina baliabide gehienak gune txikietan daude. Gutxi dira amaigabetzat hartzen diren baliabideak (alegia, aurreikus daitekeen etorkizunean amaituko ez direnak); horien artean daude eguzkia, energia geotermala eta airea, nahiz eta aire garbia ez den unibertsaltzat hartzen. Baliabide gehienak agortu egin daitezke, ongi kudeatzen ez direnean gertatzen dena.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeanoa baliabide natural bat da.

Baliabide naturalak sailkatzeko hainbat modu dago. Hiru sailkapen nagusiak jatorriaren arabera, garapen egoeraren arabera eta berriztagarritasunaren arabera egiten dira.

Jatorria aztertuta, honela sailkatzen dira:

  • Biotikoak - Biosferatik, esaterako basoetatik, eta bertan dauden materialetatik eskuratzen dira baliabideak. Ikatza eta petrolioa bezalako erregai fosilak ere kategoria honetan daude, eraldatu den materia organikoa baita.
  • Abiotikoak - Baliabide abiotikoak bizirik ez dagoen eta organikoa ez den materialak eta elementuak dira. Baliabide abiotikoak dira ura, airea, metalak, etab.

Garapen egoerari kasu eginez gero, honako sailkapena egin daiteke:

  • Baliabide potentzialak - Toki batean dauden eta etorkizunean gizakiak erabil ditzakeen baliabideak dira. Adibidez, petrolioa lurrazpian dago, baina zorua zulatu eta hura erauzi eta erabiltzen den arte, baliabide potentzial gisa sailkatzen da.
  • Uneko baliabideak - Dagoeneko aztertu diren, kantitatez eta kalitatez ezagunak diren eta gaur egun erabiltzen ari garen baliabideak dira. Uneko baliabideen garapena, esaterako zuraren prozesamendua, unean dagoen teknologiaren eta ustiapen kostuaren araberakoa da.
  • Erreserba baliabideak - Uneko baliabideen zati bat dira; oraindik ustiatu ez diren baina etekina lortuz etorkizunean ustia daitezkeen baliabideak dira.
  • Izakin baliabideak - Dagoeneko ezagutzen diren baina egungo teknologiarekin ustiatu ezin daitezkeen baliabideak dira.

Denbora kontuan hartuta, baliabideak kontsumitzen diren denbora tarte berean birsortzen diren ala ez garrantzitsua da haien berriztagarritasuna definitzeko. Gizakiak baliabide bakoitzari ematen dion erabilera tasaren arabera, baliabide batzuk berriztagarriak izan daitezke edo ez.

  • Baliabide berriztagarriak - Erabiltzeagatik agortzen ez direnak dira, berriro sortzen direlako neurri berean. Gehiegi erabiltzen badira, berriztagarri izateari utziko diote. Kategoria honen barruan ura eta biomasa daude.
  • Baliabide ez berriztagarriak - Erabiliz gero, agortu egiten dira, bai ez direlako birsortzen bai haien sorrera abiadura txikiegia delako. Adibiderik nagusiena erregai fosilak (petrolioa, ikatza) dira.

Baliabideen kontsumoa estuki lotuta dago hondakinaren ekoizpenarekin: gero eta gehiago kontsumitu hondakin gehiago egongo dira