ITV
| ITV | |
|---|---|
| Datuak | |
| Mota | telebista-katea eta telebista kanala |
| Herrialdea | Erresuma Batua |
| Jarduera | |
| Erabilitako hizkuntza | ingeles |
| Ekoizpena | |
| Agintea | |
| Egoitza nagusi | |
| Legezko forma | Private Limited Company |
| Jabea | ITV plc eta STV Group (en) |
| Zeren jabe | Hackney Empire (en) |
| Historia | |
| Sorrera | 1955eko irailaren 22a |
| webgune ofiziala | |
Independent Television edo eskuarki ITV Erresuma Batuko telebista-sare komertzial bat da, doako igorpenekoa. Erakunde gisa 1955. urtean sortu zuten, eta ordura arte telebistaren monopolioa zuen BBC sare publikoaren lehiatzaile zuzen eta historikoa da. Erresuma Batuko merkataritza-telebista sare zaharrena da, eta Europa osoko hirugarren zaharrena (TMC Monte Carlo eta RTL9 kateen ondoren).
Sarea telebista-frankizia erregionalen multzo gisa sortu zen, baina hamarkadetan zehar izandako batze eta erosketen ondorioz, gaur egun ITV plc enpresa pribatua da sareko frankizia ia guztien jabea. 1990. urtean onartutako Irrati-telebista Legetik (Broadcasting Act 1990) aurrera, bere izen legala Channel 3 (3. katea) da, nagusiki beraiek erabiltzen duten seinale eta frekuentziari erreferentzia eginez, baina ikusleentzat eta marka gisa ITV izaten jarraitzen du.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera eta monopolioaren haustura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1954ko Telebista Legeak (Television Act 1954) ezarri zituen Erresuma Batuan telebista komertziala sortzeko oinarriak, BBCren monopolioa hautsiz. Sarea 1955eko irailaren 22an hasi zen ofizialki emititzen Londresen. Egun horretan zabaldu zen lehen iragarkia Gibbs SR hortzetako pastarena izan zen.
ITVen hasierako egitura berritzailea izan zen: ez zen enpresa nazional bakar bat, baizik eta Independent Television Authority (ITA) erakundeak araututako hainbat konpainia erregionalen sare bat. Konpainia bakoitzak bere eskualdean (adibidez, Londreseko inguruan, Ingalaterrako ipar-mendebaldean, Eskozian, etab.) emititzeko lizentzia eskuratzen zuen, eta euren artean programak partekatzen zituzten sare nazionala osatzeko. Egitura honek tokiko albistegiak eta edukiak bultzatu zituen.
Bateratze prozesua eta ITV plc
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte askotan zehar, Granada Television, Thames Television, Central Independent Television eta Yorkshire Television bezalako konpainia handiek osatu zuten sarearen ardatza. Hala ere, 1990eko hamarkadan legedia aldatu zenean, konpainia hauek elkar erosten hasi ziren.
Azkenean, 2004. urtean, Ingalaterrako eta Galesko lizentzia guztiak zituzten bi enpresa nagusiek (Granada plc eta Carlton Communications) bat egin zuten, ITV plc erraldoia sortuz.[2] Gaur egun, ITV plc da Erresuma Batuko sare ia osoaren jabea, bi salbuespenekin: STV (Eskozian emititzen duena) eta urrutiko zenbait uharteetako operadore txikiak. Dena den, kate guzti hauek programa nagusiak partekatzen dituzte Channel 3 sarearen barruan.
Telebista kateak eta zerbitzuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Urteetan zehar, telebista digitalaren agerpenarekin, ITVk bere eskaintza zabaldu du kanal tematiko berriak sortuz. Egun, honako kate nagusi hauek kudeatzen ditu:
- ITV1: Sarearen kate nagusia, entretenimendua, dramak, albisteak eta kirolak eskaintzen dituena. (2001etik 2013ra eta 2013tik 2022ra besterik gabe "ITV" deitu zen).
- ITV2: 1998an sortua, gazte eta heldu gazteei zuzendutako entretenimendu katea da (reality show-ak, komediak).
- ITV3: 2004an abiarazia, nagusiki ITVren artxiboko telesail klasikoak eta dramak igortzen ditu. Erresuma Batuko bigarren mailako kate ikusienetako bat da.
- ITV4: 2005ean sortua, kirolak, akziozko filmak eta telesail poliziakoak eskaintzen ditu, publiko maskulinoari begira.
- ITVBe: 2014an sortua, reality show eta lifestyle edukiak eskaintzen ditu.
Iraganean, beste hainbat kate ere izan zituen sareak, baina itxi edo eraldatu egin ziren. Adibidez, Men & Motors katea 2010ean itxi zen, eta CITV (haurrentzako edukiak eskaintzen zituena) 2023an itxi zen, bere edukiak sareko plataformara pasatuz.[3]
Gaur egun, eduki guztiak ikusgai daude sarean ITVX izeneko streaming plataformaren bidez, 2022an ITV Hub zerbitzua ordezkatu zuena.
Programa aipagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
ITV sareak mundu osoan ezagunak egin diren programa eta telesail ugari ekoiztu ditu bere historian zehar. Hauek dira arrakastatsuenetako batzuk:
- Telesailak eta Xaboi-operak (Soap operas):
- Coronation Street: 1960tik etenik gabe emititzen den telesaila, munduko telebistako xaboi-operarik zaharrena da errekorren Guinness liburuaren arabera. Egunero milioika ikusle erakartzen ditu Erresuma Batuan.

- Emmerdale: 1972tik martxan dagoen landa-eremuko drama arrakastatsua.
- Fikzioa eta Dramak:
ITV ezaguna da kalitate handiko telesail dramatikoengatik, bereziki polizia-telesailengatik eta garai historikoetako dramengatik. Nabarmentzekoak dira Downton Abbey (mundu mailan arrakasta izugarria izan zuena), Inspector Morse, Agatha Christie's Poirot, Midsomer Murders eta Broadchurch.

- Entretenimendua eta Reality Show-ak:
Mende berriarekin batera, ITV talentu-lehiaketen eta realityen erdigune bihurtu bihurtu zen, batez ere Simon Cowell ekoizlearekin izandako harremanari esker.
- The X Factor: Musika-lehiaketa, mundu osora esportatu zen formatua.
- Britain's Got Talent: Askotariko talentuen lehiaketa.
- I'm a Celebrity...Get Me Out of Here!: Ospe handiko reality show-a.
- Love Island: Gazteen artean sekulako audientzia datuak lortu dituen saioa (ITV2 katean).
- Albisteak:
ITVren albistegiak ITN (Independent Television News) enpresak ekoizten ditu sarearentzat. Bere News at Ten (Gaueko 10etako albistegia) Erresuma Batuko telebista-historiako programa ikonikoetako bat da.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Broadcasting Act 1990» UK Legislation (kontsulta data: 2026-03-16).
- ↑ (Ingelesez) «Carlton-Granada merger clears last hurdle» The Guardian (kontsulta data: 2026-03-16).
- ↑ (Ingelesez) «ITV closes CITV channel after 40 years» BBC News (kontsulta data: 2026-03-16).[Betiko hautsitako esteka]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ITV katearen webgunea (Ingelesez)
- ITVX streaming zerbitzua (Ingelesez)